Ana Agirre izango da Justiziako sailburuorde berria, eta, berarekin batera, Eugenio Artetxe, Jon Uriarte eta Javier Landeta izango dira

2020-09-29

Vitoria-Gasteiz, 2020/09/29

Gobernu Kontseiluak, gaur, Ana Agirre Justiziako sailburuorde berri izendatu du, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eskatuta.  Kontseiluak, halaber, arloko bi zuzendariren izendapenak balioztatu ditu; beraz, eratu da, dagoeneko, Justizia Zuzendaritzako taldea.

Agirrerekin batera, Jon Uriarte Justizia Administrazioko zuzendari berria, Javier Landeta Bulego Judizial eta Fiskala Modernizatzeko zuzendaria eta Eugenio Artetxe Justiziako zuzendaria izango dira. Azken bi zuzendari horiek gaur izendatu dituzte, sailburuordea bezala.

Justiziako sailburuorde berria arlo ezagun batera itzuli da. Agirre Zuzenbideko lizentziatua da, espezialitate Juridiko Ekonomikoa du, eta karrerako funtzionario da EAEko Administrazio Orokorrean; Justiziako sailburuordea izan zen 2012aren eta 2016aren artean, Josu Erkoreka sailburuarekin. Beraz, ezagutzen du arloa aurretik, eta horrek balio handia du. Gainera, Ana Agirre Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburua izan zen, 2004aren eta 2009aren artean, Ibarretxe Lehendakari zela, eta, orain arte, Administrazioko eta Zerbitzuetako sailburuordea izan da, Segurtasun Sailean. 

Eugenio Artetxe -Justiziako zuzendari izendatu dute- abokatua da, eta esperientzia handia du Eusko Jaurlaritzako administrazio-eremuan; bertako letradu izan da Herrizaingo Sailean, letradu baita Zerbitzu Juridiko Zentraletan ere, Herrizaingo Saileko Aholkularitza Juridikoko arduraduna eta Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendaria.

Jon Uriarte -Justizia Administrazioko zuzendaria da pasa den astetik- abokatua da, eta berak ere esperientzia du eremu judizialean; izan ere, Justizia Administrazioko zuzendaritzan egon zen X. legegegintzaldian. Orain arte Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendari izan denak ibilbide luzea du administrazioan, izan ere, honako kargu hauek izan ditu: Ertzaintzako zuzendaria, Krimen Gaietarako Ertzaintzako zuzendaria, Herritarren Segurtasunerako zuzendaria edo Negoziazio Kolektibokoa.

Javier Landeta -Bulego Judizial eta Fiskala Modernizatzeko zuzendaria izango da- Matematika Zientzietako lizentziatua da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean, eta esperientzia handia du enpresa pribatuan. Azken hiru urte eta erdietan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko zuzendaria izan da, eta ondo ezagutzen du justiziaren eremua; izan ere, Justizia Arloan informatika-gaietako aholkularia izan zen X. legegintzaldian. 16 urtez proiektu burua izan zen EJIEn (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea). Gainera, Landetak ibilbide luzea du kirol-eremuan. Gaur egun, Futboleko Leioa Kirol Sozietateko presidentea da, eta, aurretik, Euskadiko Atletismo Federazioko presidente eta Kirolaren Euskal Kontseiluko kide izan da, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan