Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Langabezia jaitsi egin da maiatzean, 4.808 langabetu gutxiagorekin

2011.eko ekainak 02

Jaitsiera azken hamar urteetako maiatzetako batez bestekoa baino handiagoa da. Nabarmena da gizonen eta gazteenen artean langabeziak izandako jaitsiera

Euskadin aurtengo maiatzean erregistratutako langabezia jaitsi egin da, 4.808 langabetu gutxiagorekin; ehuneko 3,14, hain zuzen ere. Langabeziaren jaitsiera hori azken hamar urteetako maiatzetako batez bestekoa baino handiagoa da; izan ere, batez besteko hori 4.066koa izan baita. Euskadin langabeziak izandako jaitsiera Espainiako batez bestekoa baino 1,27 puntu handiagoa da; izan ere, han % 1,87 jaitsi baita.

Langabezia gizonen artean murriztu da gehien, % 4,05; eta emakumeen artean murrizketa txikiagoa izan da: % 2,26. Une hauetan langabezian daudenen artean % 51,4 emakumeak dira, eta gainerako % 48,6 gizonak.

Adinari erreparatuz, agerian geratzen da harremana dagoela langabeziaren jaitsieraren eta enplegu-eskatzaileen gaztetasunaren artean; izan ere, zenbat eta gazteago orduan eta gehiago jaitsi da langabezia. 25 urtetik behera 1.606 langabetu gutxiago daude; 25 urtetik 34ra 1.518 gutxiago; 35 urtetik 44ra 1.162;  45 urtetik 54ra 465; eta, adin horretatik gora 57 gutxiago dira langabezian daudenak.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak "zuhur jokatu" nahi izan du: "Langabeziaren datuak gora egiten duenean katastrofismorik egin behar ez dugun bezala, ez dugu euforiko jarri behar gaurkoak bezalako datu onak ematen direnean". Horrela, "langabeziak jaisten jarraitu dezan lanean jarraitzeko eta, batez ere, garapen ekonomikoko aukera handiagoak eta hobeak sortzeko" " eskatu zuen, langabezia murriztuz joan dadin.

Horren ildotik, Lanbide abian jartzeko apustua aipatu zuen; izan ere, bitartekotza, orientazioa eta enplegu-politika aktiboak bultzatzeko balio izan du.

Sektore guztietan murriztu da langabezia

Maiatzean jarduera-sektore guztietan jaitsi da erregistratutako langabezia. Bereziki nabarmena da aurreko enplegurik ez zutenen artean: % 6,54. Lehenengo sektorean % 3,38 jaitsi da langabezia; eraikuntzan % 2,42; industrian % 2,72 eta zerbitzuetan % 2,89.

Maiatzean Araban jaitsi da langabezia gehien, 1.252 langabetu gutxiagorekin (% 5,34). Bizkaian 2.564 langabetu gutxiago izan dira (% 2.99) eta Gipuzkoan izan da murrizketa apalena, 992 langabetu gutxiago izan baitira (% 2,26).

Gehiago zehaztuz, langabeziak ondoko jardueretan izan du eboluzio onena: janari- eta edari-zerbitzuak (-420); enpleguaren inguruko jarduerak (-407); eraikuntza espezializatuko jarduerak (-314); hezkuntza (-278); txikizkako merkataritza (-242) eta administrazio publikoa (-204).

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, apirilean baino 2.360 afiliatu gehiago zeuden maiatzean; hau da, % 0,25 gehiago. Araban 852 afiliatu gehiago izan dira (% 0,57), Bizkaian 1.027 (% 0,25) eta Gipuzkoan 460 gehiago (% 0,15).

Iruzkin bat
  • @alaincoloma
    2011.eko ekainak 03

    Comentario de Twitter:
    El desempleo disminuyó en 4.808 personas en mayo http://bit.ly/kO32Ak

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko