Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari elkarrizketa egin diote Radio Euskadiren Boulevard programan.

2020-10-02

Radio Euskadiren "Boulevard" programan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok ohartarazi du "osasunik gabe ez dela jarduera ekonomikoa suspertuko", eta lehentasuna pandemiari eustea dela, osasun-sistema ez kolapsatzeko, eta, aldi berean, ostalaritza- eta merkataritza-sektoreek protokoloetan jasotakoa betetzeko egindako lana goraipatu du.

Turismo-sektoreak bizi duen egoera zailari dagokionez, Hurtado sailburuak "Euskadi helmuga segurua" dela bermatu du, baina atzerriko turisten etorreraren defizita jasaten duela, Europako eremuan koordinaziorik ez dagoelako.

Javier Hurtadok gogorarazi du erresistentzia-fasean gaudela, eta garrantzitsuena ahalik eta enplegu eta establezimendu gehien mantentzea dela, eta ziurgabetasuna dela Sailaren ardura diren sektoreek (turismoa, merkataritza eta ostalaritza) azaldu duten arazo nagusia. "Elkarrekin bizi behar dugun ziurgabetasun larriaren aurrean, administrazio publikoek ahaleginak areagotu behar ditugu, eta etengabeko harremana eduki behar dugu sektore guztiekin".

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak azpimarratu ditu, halaber, erresistentzia-fasean ezarritako neurriak, hala nola Espainiako Gobernuak onartutako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioen (ABEE) zabalkundea,  Idoia Mendia lehendakariordeak Euskadiko Gizarte Elkarrizketarako Mahaiarekin berretsitako ABEEen gehigarriaren luzapena; 15 milioi euroko partida bere Sailak kudeatzen dituen mikro-enpresentzat eta enpresa txikientzat, Lanbidek turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreetara bideratzen dituen 13 milioi euroei gehituta; eta "Euskadi Turismo Bono" eta "Euskadi Bono Denda" deskontu-bonuen kanpaina abian jartzea, 9 milioi euroko kostuarekin. Horrek guztiak ekonomia-jarduera dinamizatuko du eta toki eremuan eta eskualde eremuan kontsumoa sustatuko du.

Azkenik, Javier Hurtadok kontsumo arduratsuaren aldeko deia egin du, eraldaketa-, digitalizazio- eta berrikuntza-prozesu bat beharrezkoa duen "hurbileko merkataritza" babesteko formula gisa. Prozesu hori krisiaren aurretik ere ezaguna zen, eta orain ezinbestekoa da. "Kontsumitzeko dugun moduak etorkizuna zehaztuko du, eta hurbileko merkataritzak oso funtzio garrantzitsua dauka gure herri eta hirietan".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak