Berriak Lehendakaritza

Deustuko Unibertsitateko 2019-2020 ikasturteari hasiera eman dio Lehendakariak

2020.eko irailak 23
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Lehendakariak pertsonen segurtasuna lehentasun duen hezkuntza presentzialaren alde egin du, eta indarrak batu eta lankidetzan aritzeko deia egin du
  • Eusko Jaurlaritzaren helburua da euskal unibertsitate-sistema indartzea, nazioartekotzea bultzatuz

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz lagun zuela, Deustuko Unibertsitateko 2020-2021 ikasturtearen hasiera-ekitaldian buru izan da. Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi da jarduna, eta ondoren izan dira Roberto San Salvador del Valle Doistua katedradunaren inaugurazioko lezioa eta Deustuko Unibertsitateko errektorearen jarduna eta Lehendakariarena.

Lehendakariak, bere hitzaldian, pertsonen segurtasuna lehentasun duen hezkuntza presentzialaren alde egin du. "Presentzialtasuna aukera-berdintasunaren berme gisa ulertzen dugu, eta, beraz, gizarte gero eta kohesionatuagoa", azpimarratu du. Ildo horretan, Deustuko Unibertsitateak aurrez aurreko hezkuntzari eusteko duen egokitzapen- eta malgutasun-gaitasuna nabarmendu du, unibertsitateko prestakuntza, bizitza eta kultura kontuan hartuta; eta, bide batez, indarrak batzeko eta lankidetzan aritzeko deia egiteko baliatu du aukera. "Ez dezagun mugarik jarri, ez gaitezen bereizten eta nabarmentzen saiatu. Eragina globala da, lankidetzak erabatekoa izan behar du", azaldu du.

Urkullu lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren helburua euskal unibertsitate-sistema indartzea dela. "Gure programaren lehentasuna da", gaineratu du. Ildo horretan, nabarmendu du unibertsitateak gizartearentzat eredugarria den erakundea izan behar duela. "Unibertsitatearen eta gizartearen arteko lotura sendotzea dagokigu, sare ekonomiko, produktibo eta sozialarekin", adierazi du. Era berean, Eusko Jaurlaritzak unibertsitate-sistemaren nazioartekotzea babesten jarraituko duela esan du, prestakuntza, ikaskuntza, ikerketa eta transferentzia integratuz. "Ikasleei nazioarteko prestakuntza bermatzen dien eta, bikaintasunari begira, beste unibertsitate batzuekin harremanetan dagoen sistema", zehaztu du.

Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan egin da ekitaldia, eta bertan izan dira Gotzone Sagardui eta Beatriz Artolazabal sailburuak. Bertan izan dira baita ere Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Gobernuko Ordezkari Denis Itxaso, Bizkaiko Diputatu Nagusi Unai Rementeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidente Ana Otadui eta Bilboko Alkate Juan Mª Aburto.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak