Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak euskaltegien ikasturtearen aurkezpenean parte hartu du

2020.eko irailak 18

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak euskaltegien ikasturte akademikoaren aurkezpenean parte hartu du gaur. Bertan, Iraide Ibarretxe-Antuñano Zaragozako Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eman du,  'Pentsamenduaren garrantzia hitz egitean' izenburupean, eta hizkuntzak pertsonen pentsamenduan eta hiztunen erretorika-estiloan duen eraginaz hitz egin du.

Bingen Zupiria sailburuak aitortu duenez, pandemiak eragin kaltegarriak izan ditu euskararen alorrean, baina urte askotako lanari esker lortutako indargune batzuk ere ikusi direla azpimarratu du: "Pandemiak ahulezia batzuk erakutsi dizkigu, baina baita indargune batzuk ere. Adibide bat jarriko dut, azken hilabeteetan ikusi, entzun eta irakurri ditugu zientzialari kualifikatuen iritziak, euskaraz, pandemiaren gainean gertatzen ari zena azaltzen. Asko eta kalitate handikoak izan dira. Duela hamarkada batzuk pentsaezina zen hori gertatzea, baina euskara biziberritzeko prozesuan egindako lanari esker, hezkuntza sistemaren, euskaltegien eta UPV/EHUren lanari esker jaso ditugu fruitu horiek. Beraz, gure lanak etorkizunean fruituak emango dituela egiaztatu dugu".

Hala, euskaltegiek helduen euskalduntzean egiten duten lanaren garrantzia azpimarratu du sailburuak, eta txalotu du une zailenetan aurrera egiteko erakutsi duten gaitasuna. "Urteetan egindako lanak fruituak ematen ditu, nahiz eta batzuetan epe ertainean argiago ikusten diren. Pandemiaren gordinean zuen prestakuntza egokitzeko eta ikasleei eskaintzen diezuen zerbitzuarekin jarraitzeko egin duzuen lana aitortu nahi dugu. Eta datorren ikasturteari begira animatu nahi zaituztegu, jakinda ikastaro zaila izango dela, baina orain egiten ari zareten lanak fruituak emango dituela", azaldu du.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko