Artolazabalek beharrezkotzat jotzen du lankidetza-politikak egungo munduaren eraldaketetara egokitzea

2020-09-17
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak beharrezkotzat jotzen du Afrikara geroz eta gehiago begiratzen duen lankidetza bultzatzea

Vitoria-Gasteiz, 2020/09/17

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau esan du: “lankidetza-politikak egungo munduaren eraldaketetara egokitzeko erronka handia dugu, eta egokitzapen hori politika publikoen koherentzia-eredutik abiatuta egin behar dugu”. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEA) taldearekin udazkenean zabalduko den egoitza berrian bilera egin ondoren adierazi du; Paul Ortega agentziako zuzendaria izan da bileraren buru. Bertan, sailburuak

“Gaur egun, inoiz baino gehiago, garapen jasangarria sustatu behar dugu, mundu konplexu, aldakor eta interdependente honetan; horretarako, pertsona guztientzako eta etorkizuneko belaunaldietarako ongizatea eta bizitza duina erdigunean izan behar dira”, esan du. Hori horrela, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia “tresna eraginkorra da”.

Gaineratu duenez, “herrialde eta herrialdeen artean dauden ezberdintasunak gutxitzea gure xedearen gakoa izan behar du. Genero ikuspegia handitzea ere gure lankidetza politikak duen beste erronka bat ere da. Lankidetza hau beti ere gure Migraziorako Euskal Itun Sozialarekin bateragarri izanda”. Gainera, Artolazabalek azaldu du Eusko Jaurlaritzak “Afrikara geroz eta gehiago begiratzen duen” lankidetza bultzatuko duela. Zentzu horretan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak jada “Magrebeko zenbait eremu xumeetan hezkuntza eta enpresa eremuko eragileekin proiektu pilotuak abian jarri dituela” azpimarratu du.

Covid-19ak eragindako osasun-larrialdiak erabat aldatu ditu bizimoduak eta gizarte-harremanak, bai toki-mailan, bai maila globalean, eta baterako erronkak jarri ditu agerian. Hori dela eta, erantzunek ere toki-mailakoak eta globalak izan behar dute. “2020ko errealitate berrien ondorioz, garapen-politika deszentralizatuagoa, irekiagoa eta koherenteagoa nabarmendu behar dugu, gizarte-eraldaketa hezkuntzarekiko eta giza eskubideen defentsarekiko konpromiso irmotik abiatuta bilatuko duena”, esan du Artolazabalek. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren lankidetza-politikak garapenerako estrategia globalean eta osoan txertatu behar dira, eta haren ekintza guztiek giza eskubideen ikuspegiak eta garapenerako eta generoko politiken koherentzia aplikatu behar dituzte.

Legegintzaldi honetan lankidetza-lege berria prestatu eta onesteko asmoa ere baduela gehitu du.

Garapenerako lankidetzaren bereizgarria da berdintasuna, giza eskubideak, justizia edo gizarte-politikak defendatzen dituela, besteak beste, eta defentsa horrek batzen du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia Sail berriarekin. Artolazabalen iritziz, “Sail berean arlo horiek guztiak izateak ikuspegi integrala ematen digu, eta horrek sinergiak batzen ditu; horrela, gaitasunak areagotu daitezke eta, horretarako, eskubide eta aukeretara jotzeko aukeran integralki lan egin, baita garapenerako lankidetzaren eremuan ere”.

2 iruzkin
  • 2020-09-17

    Familia planifikatzeko heziketa emanez lagundu, baliabideak mugatuak direlako eta berotze globalak ondorio gehiago eragiten dituelako, baita osasunean ere, eta hondamendiek kaosa sortzen dutelako.

  • 2020-09-17

    Apoyar dando educación planificación familiar también ya que los recursos son finitos y el calentamiento global acecha mayores emisiones con consecuencias incluso en la salud además de desastres generan caos.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak