Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzaluk Ikerketak eta Berrikuntzak patataren euskal sektorea bultzatzeko duten garrantzia azpimarratu du

2011.eko ekainak 01

Iturrieta (Araba), ekainak 1.- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, Pilar Unzaluk, gaur azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza “ikerketa proiektu bat bultzatzen ari da, hazitarako patata-sorten egiaztapen sanitarioak patata bildu aurretik egiteko”. Sistema horri esker, ekoizleak “lehiakorragoak” izango dira merkatuan, hornidura-kontratuak aurrez formalizatu ahal izango baitituzte, eta hazitarako patata egiaztatuta dagoela ziur jakinda, gainera.

Neiker Tecnalia Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak –Eusko Jaurlaritzaren sail honi atxikiak– duen Iturrietako Baserrian (Araba) egindako jardunaldietan hartu du parte gaur Pilar Unzaluk. Lurralde historiko honetan patataren sektorea sustatzeko egiten ari diren jarduera nagusiak aztertu dira bertan.

Sailburuak azaldu duenez, ikerketa hau –Eusko Jaurlaritzaren hazietako zerbitzua eta Neiker Tecnalia egiten ari dira– “asmo handiko proiektua da; izan ere, birosiaren azterketa egiten du partzela asko eta askotako patata-orrietan, eta, ondoren, kontra-analisia, aztertutako partzela horietan bildutako tuberkulu-hazietan”. 

“2010ean, landutako 494 hektareatatik 378,24 hektarea aztertu ziren (azaleraren % 76), eta bi analisiak bat etorri dira neurri handi batean. Izan ere, orrietan egindako analisien % 93,21 bat etorri dira tuberkuluan lortutako emaitzekin”, erantsi du.

Hurrengo bi urteetan lortzen diren emaitzen arabera, metodo bat lortu ahal izango da, erakundeei oso goiz emango diena patata-sorten osasunari buruzko emaitzen berri, eta, hala, aurrez egin ahal izango dira hazitarako patataren hornidura-kontratuak.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak hazitarako patataren sektorean ikerketa eta berrikuntza sustatzeko egin duen apustuaren barruan txertatzen da, lidergo sendoz erantzun nahi baitio egungo merkatuaren eskaerari, ofizialki kontrolatuta eta egiaztatuta dagoen produktu bat eskainiz, etekin eta kalitate mailarik gorenenak bermatuz.

Neiker Tecnaliak lanean dihardu hazitarako patataren barietate berriak lortzeko, hartara lehiakorragoa izango baita Euskal Autonomia Erkidegoko lehen sektorea; izan ere, Espainiako gainerako lurraldeak bezala, EAEk ere mendekotasun handiegia du beste herrialdeetako hazi-ekoizpenarekiko.

Iturrietako Baserrian, Patata Hobetzeko Estazioan, 30 barietate baino gehiago garatu dira, eta horietako asko landatu dira Iberiar Penintsulan.

AEROPONIA ETA KLIMA-ALDAKETA
Pilar Unzaluk azpimarratu duenez, lurrik gabeko hazkuntzaren bidezko tuberkulu-hazien lehen belaunaldia dugu berrikuntzaren alde, jakintzaren alde eta berrikuntza eta jakintza nekazaritzaren arlora eramatearen alde egindako apustuaren adibiderik argiena. Aeroponia deitzen da metodo hori. Horren bidez, tuberkuluak esekita hazten dira, lurrarekin eta lurrean dauden patogenoekin kontaktuan izan gabe.

Adierazi duenez, “aeroponiaren bidez, landare bakoitzeko areagotu egiten da produkzioa: 3 edo 4 tuberkulutatik 20ra. Era berean, merkatu egiten du tuberkuluaren prezioa, eta nabarmen murrizten du uraren eta ongarrien kontsumoa”.

Iturrietan gaur landatu diren minituberkuluen lehen belaunaldi hori prozesu baten abiapuntua da, “kalitate sanitario handiko produktua lortzeko, Arabako hazitarako patataren ezaugarri izan dadin eta kanpotik daukagun mendetasuna murrizteko”.

Sailburua, era berean, pozik azaldu da Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea nazioarteko proiektu baten aitzindari dugulako –zazpi herrialdetako ikerketa-zentroekin batera– klima-aldaketaren ondorioei –muturreko klimari– aurre egiteko eta gaixotasun eta izurriei aurre egiteko moduko patata-barietateak garatzeko lanean.

Ingurumen eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioak erakunde zientifiko nazional izendatu du Neiker Tecnalia, eta patata-barietate batek halakotzat erregistratzeko behar dituen baldintzak betetzen dituen erabakitzeko ardura izango du. Neiker Tecnaliak Oficina Española de Variedades Vegetales delakoan aurkezten diren barietate berrien identifikazio entseguak egingo ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)