Berriak Lehendakaritza

Bingen Zupiria: "Familien eta hezkuntza sektoreko profesionalen kezka partekatzen dugu eta hezkuntza presentzialerako eskubidea bermatzeko erabakiak hartzeko konpromisoa hartzen dugu"

2020.eko irailak 15

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan.

Zupiria bozeramaileak, hezkuntza-sektoreko grebari dagokionez, adierazi du Eusko Jaurlaritzak ulertzen duela hezkuntza-sektoreko familien eta profesionalen kezka, eta hezkuntza presentzialerako eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko dituela Jaurlaritzak. Hala ere, aitortu du deigarria dela Euskal Autonomia Erkidegoa izatea ikasturte hasieran greba egiten den erkidego bakarra.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak lehendakariak Jaurlaritzaren lehen ehun egunetarako zehaztu dituen helburu nagusien berri eman du: Gobernu Programa, lege egutegia eta 2021eko aurrekontuaren jarraibide ekonomikoak zehaztea.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu du Euskal gizarteak demokrazia-garaian izan duen erronkarik handienari aurre egin behar diola, eta erronka horretan, denbora luzez oso kutsakorra den birus batekin bizitzen ohitu beharko duela. Testuinguru horretan, Bingen Zupiriak ziurtatu du Jaurlaritzak ez diola uko egingo bere betebeharrei, eta bere esku dauden neurri guztiak hartuko dituela ahalik eta segurtasunik handienaz bete ditzan bere eginkizunak. Gainera, esan du behar beharrezkoa izango dela guztion eta gutariko bakoitzaren konpromisoa osasun eta kutsatze arriskuei aurre egiteko. “Osasun arriskuez gainera zailtasunak izango ditugu gure bizitzaren arlo askotan: ekonomiaren eta enpleguaren arloan, hezkuntzan, osasun arloan. Zailtasunak arlo emozionalean. Denok joko gaituen egoera berri bat da, eta denon arteko konpromisoa eta elkarlana beharko dugu. Jaurlaritzak argi dauka erakunde, gizarte-ordezkari eta herritarren arteko konpromisoa beharko dela egoera zail honi aurre egiteko”, adierazi du.

Era berean, Bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak 623,5 milioi euro onartu dituela ikastetxe pribatuen hezkuntza-itunak finantzatzeko. 2020-2021 ikasturte honetan 314 itunpeko ikastetxe daude Euskadin. Orotara, unibertsitatez kanpoko 7.159 itunpeko gela batzen dituzte.

Bestalde, Zupiria sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak  ‘Ikasiker, ikerketa lanetan laguntzeko beketarako deialdia’ onartu duela. 300.000 euroko diru-kopurua izango du deialdiak, eta 200 beka eskainiko dira.

Azkenik, Bingen Zupiriak azaldu du Gobernu Kontseiluak udal euskaltegien zein euskaltegi pribatuen lana babesteko diru-laguntzak onartu dituela. 22.158.000 euro bideratuko dira euskaltegi pribatuetara, eta 12.810.000 udal euskaltegietara. Hortaz, guztira 35.000.000 euro bideratuko dituzte, iaz baino 2 milioi gehiago.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Kargu-kentzeak eta izendapenak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak