Euskadik bere burua eskaini du, Moriako esparruan (Lesbos) dauden errefuxiatuak hartzeko

2020.eko irailak 14
  • Artolazabal sailburuak mezuak bidali dizkie Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari bere burua eskaintzen
  • Gutunetan, SHARE proposamena Europako gobernuen erantzunkidetasunaren printzipioa antolatzeko mekanismo baliagarri gisa nabarmentzen da

Vitoria-Gasteiz, 14/09/2020

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, euskal erakundeen baliabideak eskaini dizkie Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari, Moriako esparruan (Lesbos, Grezia) dauden errefuxiatuen harreran parte hartzeko. “Gaur egun bizi dugun egoera oso larria da, eta erantzun humanitario solidarioa, azkarra eta premiazkoa behar du, eta are gehiago egoera eramangaitz horri koronabirusaren pandemiaren eragina gehitzen badiogu”, esan du Artolazabalek. “Eusko Jaurlaritzan konpromisoa hartzen dugu horretarako, eta, hori dela eta, laguntza eta elkartasuna eskaini nahi ditugu”.

Gutun horien bidez –Ilva Johansson Europar Batasuneko Barne Arazoen komisarioari eta José Luis Escrivá Espainiako Gobernuko Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako ministroari bidali zizkien–, Artolazabal sailburuak azaldu du Euskadi gai dela dagokion familia- edo pertsona-kopurua hartzeko; izan ere, “dagoeneko gaitu ditugu Euskadin harrera hori egiteko baliabideak”. Gainera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak bi gobernuei gogorarazi die SHARE proposamena “Europako estatuen eta gobernuen erantzunkidetasunaren printzipioa premiaz antolatzeko mekanismo baliagarria” dela.

Proposamen horrek egoera kalteberan dauden errefuxiatuak edo migratzaileak hartzeko ahalegina lurraldeen arabera banatzea planteatzen du, hiru parametro oinarri hartuta: aberastasuna (diru-sarrera fiskalak, batez besteko errenta erabilgarria edo BPGd-a), % 50eko pisua duena; biztanleria, % 30eko pisua duena, eta langabezia-indizea, % 20ko pisua duena. Gutunean, Artolazabalek berak gogorarazi du SHARE proposamen hori jendaurrean iragarri zuela Eusko Jaurlaritzak 2018ko irailaren 19an, eta, harrezkero, Europako erakundeen, Vatikanoaren, ACNURen, Espainiako Gobernuaren eta hari gehitu zaizkion estatuz azpiko gobernuen aurrean aurkeztu dela.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, Greziako uhartean bizi den egoerak Europako Batzordearen eta haren estatu kideen konpromisoa behar du, erantzun azkarra eta premiazkoa eskaintzeko errefuxiatuen krisi humanitario honen aurrean. “Erantzun hori birkokapen solidarioa, orekatua eta erantzunkidea izan daiteke”; Euskadi horretarako “erabateko prest” agertu da. 

Azkenik, Artolazabalek nabarmendu du, halaber, Eusko Jaurlaritzak jarraituko duela ekonomikoki Zaporeak euskal erakundeak Lesbosen uhartean garatzen duen laguntza humanitarioko proiektua bultzatzen.

3 iruzkin
  • @DocJulia
    2020.eko irailak 14

    Comentario de Twitter:
    @CortadaFranc @OxfamIntermon Vía @Irekia https://t.co/JgbXgYIt9Z

  • 2020.eko irailak 14

    Zaurgarritasuna duten pertsonei lagundu, hezkuntza eta esperientzia emanez, nahitaez jatorrizko herrialdea hautsi behar izan gabe.

  • 2020.eko irailak 14

    Apoyar personas con vulnerabilidad dando educación y experiencia sin tener que romper necesariamente con el país de origen.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak