Eusko Jaurlaritzak makineria industriala berritzea sustatzen du ekonomia suspertzeko

2020-09-14
  • Renove Makineria Planak 5 milioiko aurrekontua du eta talka-tresna bat izan nahi du euskal ETE industrialak berraktibatzen eta modernizatzen laguntzeko

Eusko Jaurlaritzak berriro eskainiko dizkie enpresei euren makineria modernizatzeko laguntzak, 5 milioi euroko aurrekontua izango duen “Renove Makineria” programaren bidez. Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren, hots, SPRI Taldearen bitartez abiarazitako ekimen hori datorren irailaren 15ean irekiko da eta urriaren 22an amaituko da eskaerak aurkezteko epea.

Euskal enpresei Covid-19aren ondorioak arintzen laguntzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatutako neurrietako bat da programa hau. Zehazki, Renove Makineria programaren helburua da talka-tresna bat izatea euskal ETE industrialak berraktibatzen eta modernizatzen laguntzeko.

Programa honen bidez nabarmen modernizatu nahi dira produkzio ekipamenduak, besteak beste, segurtasun edo ingurumenarekiko errespetu arloetan dituzten prestazioak hobetuz, era horretan produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko.

Renove Makineria planak 70.000 eurorainoko dirulaguntzak ematen ditu enpresa bakoitzeko, makineria berria erosteko. Eskaera bakoitzerako onartutako gehienezko gastu eta inbertsio-aurrekontuekiko dirulaguntza-portzentajea %40koa izango da.

Dirulaguntzak SPRIk gauzatu eta ordainduko ditu bi ordainketatan. Lehenengo ordainketa --dirulaguntzaren %50-- dirulaguntza emateko erabakia jakinarazi ondoren egingo da. Gainerako %50a ordainduko da likidazio-eskaera eta justifikaziozko dokumentazioa aurkeztutakoan.

Dirulaguntza jaso ahal izango du zeregin hauetarako baliatuko den makineriak: produktuak eta materialak ontziratu eta enbalatzeko, lehengaiak eta produktu erdilanduak eraldatzeko, eta enpresa eskatzailearen ustiaketa ekonomikoaren produkzio-prozesuen manipulazio automatikoa egiteko.

Makineria berriak gutxienez 70.000€ balio behar du (BEZ gabe). 2020ko irailaren 14tik aurrera erosia behar du izan makineria berriak eta laguntza-eskaera aurkeztu eta hurrengo 12 hilabeteetan entregatu eta martxan jarria

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak