Beatriz Artolazabalek Emakunderen lehen helburuak ezarri ditu: emakunderen egitura sendotzea eta berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko legea aldatzea

2020-09-10
  • Iñigo Urkullu lehendakariak Emakunderen zuzendaritza-kontseilua zuzentzen jarraituko du
  • Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeak erakunde autonomoa izaten jarraituko du, orain arte bezala

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundearen datozen hilabeteetarako lehen bi helburuak jakinarazi ditu gaur: Emakunderen egitura sendotzea eta berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko legearen aldaketaren onarpena bizkortzea.

Sailburua Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundearen egoitza nagusian izan da, eta erakundeko zuzendari Izaskun Landaidarekin eta idazkari nagusi Zuriñe Elordirekin bildu da bertan. Artolazabalek bertan azaldu duenez, egituraren aldaketa horren ondoren Iñigo Urkulluk Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaritza-kontseilua zuzentzen jarraituko du, eta Emakundek eta Sailak “haren konplizitatea, inplikazioa eta babesa” izaten jarraituko dute. Izan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunak eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko borrokak “lehentasun politiko, instituzional, sozial eta mediatikoko esparru bat osatzen dute”.

Gainera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak argitu duenez, legegintzaldi berri honetan Emakundek erakunde autonomoa izaten jarraituko du eta zuzendariak sailburuorde-kargua izango du, gaur egun bezala.

Artolazabalek Emakundek betetzen duen zereginaren balioa azpimarratu du; adierazi duenez, "erreferentziazkoa da eta gizarte-onarpen handia du”. “Euskadik esparru horretan aitzindaria izan zen lege bat izan zuen, eta Lege hori eguneratzea aukera politikoa da Eusko Jaurlaritzak eta Sail berriak berdintasunaren alde egindako apustua sendotzeko”, argudiatu du.

Hori dela eta, “adi jarraitzeko eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borrokan atzerapausorik ez egiten laguntzeko” eskatu die Euskadiko kolektibo feministei. Kolektibo horiei eskatu die, halaber, “zalantzaren onura eta aukera bat”.

 “Orain arte lortutako aurrerapen ukaezinak gorabehera, erronkak handiak dira oraindik ere”, azpimarratu du.

Bestalde, Izaskun Landaidak adierazi duenez, Emakunde Lehendakaritzari atxikita egon da hasieratik, eta “hori lagungarria izan da berdintasun-politikak eta haien zeharkakotasuna bultzatzeko”; ildo horretan gaineratu duenez, “antolamendu-planteamendu berri honek ildo berean lan egiten jarraitzeko eta oraindik aurre egin beharreko erronka ugariei erantzuteko aukera ahalbidetzea espero dugu”.

Politika integrala eta zeharkakoa

Epe laburrera ezarritako helburuei dagokienez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau adierazi du: "politika integral eta zeharkako baten helburuak dira, eta haiek lortzeko ezinbestekoa izango da Emakundeko giza taldearen erabateko inplikazioa, kolektibo feministen laguntza eta Berdintasun Sailaren eta Eusko Jaurlaritza osoaren bultzada, euskal erakunde guztien konplizitatearekin".

Adierazi duenez, Emakundek eta zuzentzen duen Sail osoak “ahaleginak batuko ditugu berdintasun-politikak zeharkakotzeko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak