Urkullu lehendakariak Diasporaren Egunean berretsi du bere konpromisoa Euskadiko eta munduko euskaldunen alde lan egiteko
Aurreko asteburuan, Gernikan kargua hartu ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak jendaurrean egin duen lehen hitzaldia Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi instituzionalean izan da, irailaren 8an, asteartean, Ormaiztegin (Gipuzkoa). Bertan, Urkullu lehendakariak berretsi egin du euskaldunen alde lan egiteko borondatea, bai Euskadikoen alde, bai munduan zehar zabalduta bizi direnen alde.
Euskal Diasporaren Egunaren hirugarren edizioa izan da 2020koa. Ekitaldi hau 2018tik egiten da, Euskadin eta kanpoko euskal gizataldeetan. Aurten, Euskadiko ekitaldi instituzionalak edukiera mugatua izan du, eta osasun-neurri zorrotzak egon dira aurrera eraman ahal izateko, covid-19 pandemiaren aurka egiteko gomendioak direla eta.
Iñigo Urkullu lehendakaria izan da ekitaldiaren buru, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak (Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Gorka Álvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria), Eusko Legebiltzarreko ordezkariak (Bakartxo Tejeria lehendakaria eta Jasone Agirre legebiltzarkidea), Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria (Markel Olano, diputatu nagusia) eta Ormaiztegiko Alkatetzako ordezkaria (Jon Enrique Galarza alkatea, bere herriak ekitaldia hartu baitu), baita Urretxukoa ere (Jose Maria Iparragirre bardoaren jaioterria delako, eta bere herriaren izenean Jon Luqui alkatea izan da).
Ekitaldian bideo bat proiektatu da, non, Ormaiztegiko txistulari baten (Jose Miguel Laskurainek jo du txistua) eta bi dantzariren mugimenduak jarraituz (Gari Otamendi Arrietak eta Miren Hazasek egin dute dantza), pantailan Txile (Maite Bastarrika Santiagoko euskal etxekoak eta Maitane Uribe Colectividad Vasca de Chile euskal etxekoak, Santiasgokoa berak ere), Suitza (Carolyn Van Lydegraf Basileakoak), San Frantzisko (Jean Max Fawzi Goienetxe San Francisco Basque Club-ekoak), Salt Lake City (Andoni Sangroniz Basque Club of Utah-koak), Buenos Aires (Carolina Ale Laurak Bat euskal etxekoak), Mar del Plata (Asier Hormaetxea Denak Bat euskal etxekoak), Cañuelas (Victoria Rodriguez Cañuelaseko Denak Bat izenekoa ere euskal etxekoak), Montevideo (Ainhoa Inthamoussu Montevideoko Haize Hegoa euskal etxekoak), Boise (Ben Monasterio Oinkari Dantza Taldekoak) eta Madrildik (Delia Peiro Madrilgo euskal etxekoak) dantzatu duten. Ainhoa Garciak aurkeztu du ekitaldi instituzionala.
Ospakizuna Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoaren inguruan izan da. Eta ez kasualitatez; izan ere, Goierri eskualdeko herri honetan ikusgai dago gaur egun 1842an "Leopoldina Rosa" fragata Uruguaiko kostaldetik gertu hondoratu zenari buruzko erakusketa. Bidai horretan euskal emigrante asko hil ziren itota, ametsezko Amerikara bidean zihoazela.
Orain Mediterraneoan Europarako bidean desagertzen diren migratzaileekin gertatzen den bezala, hain zuzen ere. Erakusketak XIX. mendeko euskal emigrazioei eta gaur egungo migrazio-fenomenoari buruzko gogoeta egiten du.
Goierriko eskualde horretan bertan, Ormaiztegitik ez oso urrun, Urretxu dago, Jose Maria Iparragirre “Gernikako Arbola” ereserkiaren egilearen jaioterria. Eta 2020 urte honetan bere jaiotzaren berrehun urte beteko dira.
“Gernikako Arbola” sortu zen unetik bertatik, duela 167 urte, bene-benetako ereserki bat bihurtu zen euskal emigrantentzat, eta Iparragirreren beraren bizimodu gorabeheratsuak (gaztaroko ametsak, gerrak, erbestea, gabezia ekonomikoa, emigrazioa) 38 urte luzez emigratzaile gisa ibiltzera bera ere eraman zuen.
Ildo horretatik hartuta, lehendakariak esan du "gure etxeko atea jotzen ari diren herrialdeetako pertsonak hartu behar ditugula, euskaldunak beste leku batzuetan hartuak izan diren bezala". Horrez gain, gobernu ekintza eta migrazio errealitate berriak uztartzearen garrantzia azpimarratu du, baita munduan zehar hedatuta dagoen euskal etxeen sarea sustatzearen garrantzia ere, eta horren alde egiten jarraituko duela adierazi du lehendakariak.
Jose Maria Iparragirreren eta bere emaztea Anjela Kerexetaren arteko elkarrizketa antzeztuak (Jose Kruz Gurrutxaga eta Miren Arrieta aktoreen eskutik) Euskal Herriko emigranteen historia errepasatu du Euskal Diasporaren Eguneko publikoaren aurrean, Urretxuko bardoaren eta bere emaztearen biografiak aitzakiatzat hartuta: Karlistadak, Iraultza Liberalak, Lille, Paris, Toulouse, Londres, Madril, Buenos Aires, Montevideo… Eta beti, Ormaiztegiko eta Urretxuko alkateek adierazi zuten bezala, "eman ta zabalzazu" gizateria osoari zuk egin duzun ekarpena, "Goierritik mundura zabalduz", esan zuten alkateek.
Azkenik, eta amaiera gisa, Eusko Jaurlaritzak bideo bat zabalduko du hileon 13tik aurrera, munduko euskal etxeek egin dituzten Euskal Diasporaren Eguneko ospakizunekin.