Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Ingurumen Sailak aholkularitza-etxe britainiar bati Zaldibarreko zabortegiaren inguruan eskatutako kanpo-auditoretza bidali dio Legebiltzarrari

2020-09-04
  • Ricardo Energy & Environment enpresaren txostenak ondorioztatzen du Verter Recycling 2002 SLri ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak eta Ingurumen Administrazioak baldintza horiek betetzen direla ziurtatzeko eginiko kontrola Europako zuzentarauen eskakizunetara egokitzen zirela

Ingurumen Sailak, gaur, Eusko Legebiltzarrari kanpo-auditoretzaren edukia bidali dio; Verter Recycling 2002 SL enpresak Zaldibarren (Bizkaia) daraman industria-hondakin ez-arriskutsuen zabortegiari buruzko kanpo-auditoretza eskatu zuen pasa den apirilean, aintzat hartuta zabortegiak otsailaren 6an irristatze garrantzitsua izan zuela eta, ondorioz, pertsona bi hil zirela eta ingurumen-inpaktu larriak eragin zirela.

Ricardo Energy & Environment aholkularitza-etxe britainiar prestigiotsuaren txostenak honako hau ondorioztatzen du: ingurumen-baimen integratuan zabortegiaren funtzionamendurako ezarritako baldintzak eta Ingurumen Sailak haien inguruan egiten dituen segimendua eta kontrola instalazio horiek arautzen dituzten Europako zuzentarauetara eta gainerako araudi aplikagarrira egokitu ziren.

Legebiltzarrari auditoretza bidali zaio –asteon jaso da–; izan ere, Iñaki Arriola jarduneko Ingurumeneko sailburuak konpromisoa hartu zuen kolapsatutako instalazio pribatuaren kontrol publikoan gardentasun osoa eskaintzeko eta Zaldibarko zabortegiaren irristatzearen kausak argitzen aktiboki elkarlanean jarduteko. Txostena Durangoko Epaitegiari ere bidaliko zaio, hura ari baita kasua ikertzen, bai eta Ertzaintzari ere, Sailaren esku dagoen dokumentazio esanguratsu guztiarekin egin den bezala, eta Virginijus Sinkevičius Europako Batzordeko Ingurumeneko komisarioari.

Bi helburu

Auditoretza Administraziotik kanpoko instantzia bati eskatzeko bi helburu izan dira gogoan. Batetik, 2007an Verter Recycling-i emandako ingurumen-baimen integratuaren baldintzak eta ondoko aldaketak hondakinei, zabortegiei eta industria-isuriei buruzko Europako zuzentarauetan eta haiek garatzen dituzten Estatuko eta Euskadiko araudian jaso diren eskakizunetara egokitzen ote ziren zehaztea. Eta, bestetik, Ingurumen Sailak baldintza horiek ikuskatzeko eta kontrolatzeko eginiko lana legeriak ezartzen duenaren arabera egin ote zen aztertzea.

Txostena egiteko –50 orrialde ditu– Ricardo Energy & Environment-ek 2007ko ekainean Verter Recycling-i emandako ingurumen-baimen integratuaren edukia aztertu du, bai eta zabortegiaren jarduerarekin hasteko baimena eman zuen 2011ko martxoko ebazpena eta jatorrizko ingurumen-baimen integratuaren zenbait alderdi aldatu zituzten 2013ko iraileko eta 2016ko azaroko ebazpenak ere. Era berean, aholkularitza-etxeko auditoreek Sailaren esku egon den dokumentazio guztia izan dute eskura. Funtsean:

  •  
  • Ingurumen-baimen integratuaren espediente osoko dokumentuen sumario historikoa, instalazioaren baldintzak ezartzen edo aldatzen dituzten ebazpenak barne.
  • 2019-2026ko eta 2011-2018ko ingurumen-ikuskaritzako planak. 2019ko Ingurumeneko Ikuskaritzako eta Kontroleko Programa, eta aurreko urteetako programak.
  • Urteko ikuskaritza-memoriak.
  • IPPC jardueren ikuskaritza-txostenak (ez bakarrik Verter Recycling-ekin zerikusia dutenak).
  • Ingurumen-arriskuen ebaluazio sistematikorako prozedura orokorra IRAM (Integrated Risk Assessment Method) metodoaren bidez.
  • Ingurumen Sailaren ikuskaritzako eskuliburua.
  • IPPC ikuskaritzen segimendu-txostena.

Txostenak zabortegiaren eta haren instalazioen bilakaera kronologikoa berrikusten du, 2004an ingurumen-baimen integratua eskatu zuenetik, eta, jarraian, aplikagarri duen legeria guztia batzen du. Nabarmentzekoak dira Hondakinei buruzko Europako Zuzentaraua (2008/98/EC), Zabortegiei buruzkoa (1999/31/EC) eta Industria Isuriei buruzkoa (2010/75/EU), bai eta Estatu eta Euskadi mailan garatzen dituzten arauak ere.

Verter Recycling-i emandako ingurumen-baimenaren analisia dela eta, ezarritako baldintzak aplikagarria den legeria-esparruarekin erkatu ondoren, auditoretzak ondorioztatzen du Zaldibarko zabortegiaren ingurumen-baimen integratuak lege-eskakizun guztiak betetzen dituela. Ñabardura txiki bat baino ez da egin behar, baimenak “energiaren erabilera eraginkorrerako” eskakizunak ezarri behar zituela, bai eta airera hautsik ez isurtzeko “kutsatzaileen emisio difuso”etarako muga zehatzagoak ere.

Bigarren alderdia dela eta, alegia Ingurumen Sailak zabortegiko jardueren inguruko kontrol egokiak egin ote dituen legeriak eta ingurumen-baimen integratuak ezartzen duenaren arabera, aholkularitza-etxe britainiarreko auditoreek egiaztatu dute ingurumen-administrazioak instalazioaren kontrol eraginkorra egin duela.

Adostasun eza identifikatu da, zeina aholkularitza-etxeak txikitzat kalifikatu baitu, instalazioaren ikuskaritzan eta kontrolean; Ikuskaritza eta Kontrol Planak ez du Planaren eraginpean dauden enpresak zehazten duen erregistrorik. Hala ere nabarmentzen da gaiak ez duela ondoriorik Zaldibarko zabortegiaren inguruan eginiko segimendutako eta kontrolerako.

Nahiz eta Zaldibarko zabortegiari zazpi ikuskaritza egin zaizkion –lau segimendurako eta hiru orokorrak– abian daramatzan bederatzi urteetan, auditoretzaren enpresak kapitulu horretan hobetzeko iradokizunen bat egiten du. Esaterako, ikuskaritzen maiztasuna malgutasun handiagoz ezartzea Zaldibarko zabortegia bezalako instalazioetan, eta ez ezartzea 1, 2 edo 3 urteko epeak, arriskuaren balorazioaren arabera, eta, hala, ikuskaritza-maiztasuna areagotzea; plan aplikagarri guztietan arau-hauste larriak antzemanez gero hurrengo sei hilen barruan egiaztapenerako bisita gehigarria egiteko betebeharra zehaztea, dagoeneko Sailaren IPPC jardueren ikuskaritza programaturako prozeduran jaso denez.

Ohar horien ondoren, Ricardo Energy & Environment-ek ondorioztatzen du egindako ikuskaritzak egoki egituratuta daudela eta zehatzak direla, eta Ingurumen Administrazioak segimendu egokia egin zuela zabortegiaren erakunde operadorearekin identifikatutako arau-hausteen inguruan. Egiaztatzen du, halaber, Verter Recycling-en funtzionamendua ingurumen-baimen integratuaren baldintzen aurrean 2019an okertu zirela, iazko ekainean eginiko ikuskaritzan ikusi zenez.

Oro har, auditoretzaren enpresak ondorioztatu du Ingurumen Sailak bete egin zituela Zabortegiei buruzko eta Industria Isuriei buruzko Europako zuzentarauek ezartzen dituzten zabortegien kontrol-eskakizunak.

 

 

2 iruzkin
  • 2020-09-06

    Gustatuko litzaiguke aseguru-konpainiek egin dezaketenari buruz gehiago hitz egitea auditoretza gehiago jarriz, banketxeetan ere auditoriak egin ziren eta kontuek ez zuten errealitatea islatzen.

  • 2020-09-06

    Nos gustaría que se hable más de lo que puedan hacer más las distintas compañías aseguradoras poniendo más auditorías, ya se hicieron también auditorías en bancos y las cuentas no reflejaban la realidad.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)