Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Akitania/Euskadi Euroeskualdea sortzeko prozesuari ekin dio (2011-05-31(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko maiatzak 31

Erabakia, Akitaniako eskualdearekin hitzarmen bat izenpetzeko baimena emateko dena. Helburua: Akitania/Euskadi Euroeskualdea lurralde-lankidetzako elkarte europarra eratzea.

 Jaurlaritzaren Kontseiluak Akitaniarekin izenpetuko duen hitzarmena onartu du gaur, hitzarmen horren bitartez europar talde berri bat eratzeko

 Euroeskualde berriak toki garrantzitsua izan nahi du Europan


Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio gaur Eusko Jaurlaritzaren eta Akitania Eskualdearen arteko hitzarmen eta estatutuei, "Akitania/Euskadi Euroeskualdea" izeneko Lurralde Lankidetzarako Europar Taldea eratzeko

Horrela bete da lehendakariak eta Akitaniako presidente Alain Rousset-ek adierazitako asmoa: bi eskualdeon arteko harremanetan aldi berri bati ekin eta Akitania/Euskadi Euroeskualdea eratzeko prozesua abian jartzea, hain zuzen..

Euroeskualdeak izaera juridiko propio izango du, Lurralde Lankidetzarako Europar Talde bat (LLET) eratuta, eta Euskadiren eta Akitaniaren arteko harremanetan sakontzea du xede, harreman, truke eta egitasmo komunetarako gune handi bat sortuz.

Duela zenbait hamarkadatatik hona Euskal Autonomia Erkidegoa eta Akitania Eskualdeko Kontseilua mugaz gaindiko lankidetzan aritu dira eraginkor eta hainbat egitasmo komun abiarazi dituzte, horretarako sortu zuten Akitania/Euskadi Funts Komunaren bitartez. Besteak beste, funtsak hainbat egitasmo finantzatu ditu hainbat arlotan: goi mailako irakaskuntzan; teknologian eta ikerkuntzan; ingurumenean; ekonomia eta enpresa garapenean; nekazaritzan; turismoan; osasungintzan, kontsumoan, kulturan, gizarte ekintzan, kirolean; eta hizkuntzen garapenean.

Esperientzia hori abiapuntutzat hartuta, Euskadiko eta Akitaniako gobernuek, beren presidenteen bitartez, 2009an Bordelen izandako goi-bileran erabaki zuten harremanak sendotzea euroeskualde berri bat sortuz. Ordutik bi gobernuek elkarrekin aritu dira lanean europar talde berriaren hitzarmena eta estatutuak lantzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan