Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Unda delegazio bateko buru izango da Alemanian eta Vienan euskal enpresen interesak indartzeko

2011.eko ekainak 01

Daimler taldearen egoitza nagusira joango da Eusko Jaurlaritza zuzendari gorenen aurrean Gasteizko plantaren ahalmena defendatzeko, Mercedesen VS20 modelo berriaren fabrikazioa planta horri eman diezaioten.

Euskadiko Turismoak Munichen aurkeztuko du bere burua zortzi euskal diseinatzailek Balenciagari egingo dioten omenaldiaren bidez, haren museoa Getarian inauguratuko den egun berean.

Euskadirekin merkataritza-harreman gehien dituen bigarren herrialdea da Alemania.

Industriako sailburuak elkarrizketak izango ditu Bavariako hainbat ministeriorekin, BMW, Fraunhofer zentro teknologikoa eta Municheko Merkataritza Ganbera bisitatuko ditu eta Tubacex enpresaren planta berria inauguratuko du Austrian.

Eusko Jaurlaritzaren Industria Batzordearen delegazio bat eta zenbait enpresaburu ere izango dira Jaurlaritzaren ordezkariekin batera.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda buru duen delegazio batek Alemania eta Austria bisitatuko ditu datorren astean euskal enpresaburuek Europako merkaturik handienean eta Euskadirekin merkataritza-harreman gehien dituen bigarren herrialde honetan dituzten interesak indartzeko.

Bisita horren ardatz nagusien artean honako hauek ditugu: Gasteizko Mercedesen plantaren etorkizunaren defentsa (Euskadiko industria-enpresa nagusia da) multinazionalaren egoitza nagusian, Stuttgarten, hainbat elkarrizketa Bavariako Gobernuaren ministerioekin eta Municheko Merkataritza Ganberekin; bisitak Europako zentro teknologiko nagusira, Fraunhofer, eta Blechexpo Azokara; eta Arabako Tubacex enpresaren planta berri baten inaugurazioa Austrian.

Horretaz gain, Euskadiko eta Alemaniako sektore turistikoen arteko elkarraldi garrantzitsuak izango dira, eta Euskadiko Turismoak Munichen egingo duen aurkezpena izango da horien guztien puntu gorena. Cristóbal Balenciagari omenaldia egiteko baliagarri izango da ekitaldi hori, zortzi euskal diseinatzaileren laguntzarekin, haren izenean Getarian altxatutako museoa inauguratuko den egun berean, hain zuzen ere.

Eusko Legebiltzarraren Industria Batzordearen delegazio batek ere parte hartuko du bidaia instituzionalean, eta Munichen hasiko da. Bertan, Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren ordezkariekin bilduko da sailburua, baita Ekonomia, Azpiegitura, Garraio eta Teknologia Ministerioaren ordezkariekin ere. Alemaniako eskualde horrekin, Europako garatuenetako bat denarekin, harremanak estutzea da helburuetako bat.

Automozioarena da bidaia horretan interes gehien dituen sektorea. Zehazki, Alemanian egoitza duten punta-puntako zenbait enpresatara egin beharreko bisitaldi batzuk daude aurreikusita. Lehena, BMW Munichen. Hori dela-eta, Acicae klusterreko zenbait ordezkari joango dira Eusko Jaurlaritzarekin batera.

Bigarren jardunaldian, asteartean, Industria Saileko ordezkariek zenbait elkarrizketa dituzte aurreikusita Municheko Merkataritza Ganberarekin bi erakundeen arteko lankidetza-arloak aztertzeko. Sailburuak Europako zentro teknologiko handiena, Fraunhofer, bisitatuko du Euskadiko Turismoaren aurkezpenaren buru izan aurretik.

Omenaldia Balenciagari

Turismoak ere lehentasunezko lekua izango Municherako bisitaldian. Bertan, Eusko Jaurlaritzak bere eskaintza aztertuko du Euskadiko sektorearentzako hirugarren merkatu garrantzitsuenaren aurrean, Frantziak eta Erresuma Batuak soilik gainditzen baitute. Cristóbal Balenciagari egindako omenaldia izango da ekitaldiaren ardatz eta zortzi euskal moda-sortzaile inplikatu dira ekimenean: Alicia Rueda, María Cle Leal, Miguel Palacio, Minimil, Miriam Ocariz, Modesto Lomba, Isabel Zapardiez eta Lemoniez.

Getarian goi-mailako jantzigintzako eta nazioarteko onespena duen euskal diseinatzaile horren ohorez eraiki den museoaren inaugurazioaren egun berean izango da ekitaldia. Aurkezpenean 200 gonbidatu inguru bilduko direla espero da.

Euskal sektore turistikoak beste elkarraldi bat izango du hurrengo egunetan Frankfurten. Kontuan hartu behar da zuzeneko lau aire-konexio daudela Bilbo eta Alemania artean: Dusseldorf, Munich, Frankfurt eta Stuttgart.

Mercedes, euskal BPGaren % 3

Asteazkenerako, hilak 8, aurreikusita dago Daimler taldearen egoitza zentralerako bisita. Bertan, Alemaniako multinazionalaren zuzendari nagusiekin elkarrizketa bat izango du euskal delegazioak. Gasteizen duen planta Euskadiko industria-enpresa nagusia da, euskal BPG osoaren % 3 biltzen baitu.

Eusko Jaurlaritzaren eta Mercedesen artean ezarritako aliantza estrategikoa indartzeko baliagarria izango da bilera, eta bien arteko akordioari esker merkatuko lehenengo furgoneta elektrikoak fabrikatu ahal izan dira Gasteizen.

Sailburuak enpresaren arduradunen aurrean defendatuko du Alemanian Gasteizko plantaren etorkizuna eta planak duen ahalmena eta lehiakortasuna Mercedesek merkatura aterako duen VS20 modelo berriaren fabrikazioa eskuratzeko. Azken erabakia hurrengo hilabeteetan hartuko dela dago aurreikusita.

Alemanian barreneko ibilbidea Blechexpo Azokara egingo den bisitaldiarekin amaituko da, Vienara bidaiatu aurretik. Bertan, ostegunean, hilak 9, Tubacexek Austrian martxan jarri duen planta berriaren inaugurazio-ekitaldiaren buru izango da Bernabé Unda. Arabako enpresaren presidente Álvaro Videgain jauna ere ekitaldian izango da.

Bilbao, 2011ko ekainaren 1a

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)