Berriak Lehendakaritza

Kubak eta Euskadik elkar ulertzerako memorandum bat sinatu dute garapenerako lankidetzaren eremuan

2020.eko uztailak 30

Uztailaren 29an, Kubako Gobernuko Ministerio del Comercio Exterior y la Inversión Extranjera (MINCEX) ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (GLEA) elkar ulertzerako memorandum bat sinatu zuten, datozen lau urteetan GLEAk Kuban lagundutako eta bultzatutako lankidetza arautuko duena.

MINCEXen eta GLEAren arteko lankidetza-harremanak indartzeko interes komunetik sortu da elkar ulertzerako memoranduma. Plan Nacional de Desarrollo Económico y Social de Cuba hasta el 2030: Visión de la Nación y ejes y Sectores Estratégicos planean zehaztutako lehentasunetan,GLEAren 2018-2021 aldirako Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planaren lerroetan, eta Kuban lankidetza-proiektuetan laguntzen duten euskal lankidetza-erakundeen indarguneetan, ibilbidean eta ikuspegietan du abiapuntua.

Kubako Garapen Lankidetzarako Euskal Estrategia ordeztera dator elkar ulertzerako memorandum hau. 2007an bi gobernuek onartu zuten azken urteetan lankidetza arautu duen estrategia hori. Herrialde Estrategia onartu zenez geroztik hamar urtetik gora igaro direla kontuan hartuta, Kubako eta Euskadiko gobernuek beharrezko ikusi zuten lankidetza-esparru hori berritzea, testuinguru-aldaketen, interes estrategiko berrien eta beste faktore batzuen arabera. GLEAren finantzaketarekin Kubako proiektuetan laguntzen duten GGKEak eta euskal lankidetza-agenteak ere bat zetozen estrategia eguneratzeko behar horrekin.

Elkar ulertzerako memorandum berriaren eskutik, jardun-sektoreak zabaltzen dira, eta GLEAk lagundutako eta bultzatutako ekimenetarako honako eremu hauek ezartzen dira: (i) toki-garapen ekonomikorako nekazaritza eta abeltzaintzako eta elikadura-subiranotasuneko ekimenak; (ii) ondarea eta kultura; (iii) energia berriztagarriak eta ingurumena; (iv) zientzia, teknologia eta berrikuntza; (v) lurralde-garapena eta deszentralizazioa, eta (vi) generoa eta aniztasuna.

Ekimenen kokapen geografikoari dagokionez, mota guztietako lehentasunak ezabatzen dira, Kubak nazioarteko beste lankidetza batzuekin adostutakoarekin bat etorriz. Zeharkako lehentasunei dagokienez, berriz, GLEAren 2018-2021 aldirako Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planean jasotako ikuspegiak biltzen dira: (i) toki-ahalmenak hobetzea, parte-hartzea sustatzea eta antolamendua indartzea; (ii) genero-berdintasuna; (iii) eskubideen ikuspegia, eta (iv) jasangarritasun ekologikoa.

Dokumentuak dioenaren arabera, lankidetza modalitateak bi motatakoak izan daitezke: (i) GLEAren lankidetza-tresnen —norgehiagoka-dirulaguntzak eta zuzeneko dirulaguntzak— bitartez bideratutako ekintzak, eta (ii) beste lankidetza-formula batzuen —lankidetza teknikoa eta giza baliabideen prestakuntza, mintegien antolamendua, trukeak, etab.— bitartez bideratutako ekintzak.

Elkar ulertzerako memorandum honek ez dakar finantza-konpromisorik eta, Kubako ekimenetarako funts-esleipena, GLEAk aldian-aldian deitutako eta ebatzitako dirulaguntzen mendean egongo da. 1993an onartu zen Eusko Jaurlaritzaren eta Kubaren arteko lehen lankidetza-ekimena. Harrez geroztik 2019ra bitarte, 40 milioi eurotik gora bideratu dira Kubako lankidetza-ekimenetara. 2019an 1,15 milioi euro bideratu ziren guztira.

Memoranduma aplikatu eta ebaluatzeko eta haren jarraipena egiteko, MINCEX eta GLEA urtean behin bilduko dira gutxienez, abian diren lankidetza-ekintzak balioesteko eta etorkizuneko ekintzak definitzeko. Memorandumean jasota dago, halaber, lau urteko indarraldia duela sinadura-dataz geroztik, eta iraupen bereko beste aldi batez luzatu ahal izango dela.

Iruzkin bat
  • 2020.eko uztailak 31

    Bien colaborar con países hermanados en las dificultades del siglo en gran parte se entiende causadas por el consumidor ser humano gestión no sostenible causa déficit ambiental continuo supera capacidad de regeneración natural para satisfacer demanda insaciable.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak