Berriak Hezkuntza

28,5 milioi euro 2020-2021 ikasturteko unibertsitate-beketarako (Gobernu Bilera 2020-07-28)

2020-07-28
  • 2019-2020 ikasturtean 10.781 euskal ikasle izan dira unibertsitate-beken onuradun

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran onartu du 2020-2021 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko diru-laguntzetarako deia egiten duen agindua. Deialdi honetan, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko diru-laguntzak  jasotzen dira. Orotara, Hezkuntza Sailak 28.560.000€ milioi euro bideratzen ditu unibertsitate-beketarako, gorago aipaturiko bi laguntza-lerroetan:

1.- 2020-2021 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekak: 28, 46 milioi euro

Beken deialdi hau, 28.460.000 euroko diru-kopuruarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza duten ikasleentzat da, 2020-2021 ikasturtean Autonomia Erkidego honetan edo Estatuaren gainontzeko tokietan kokatuta dagoen edozein zentrotan ondorengo ikasketak egin behar badituzte:

  • Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak
  • Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak
  • 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate ez-presentzialetan emandakoak
  • Goi-mailako arte-ikasketak.

Berrikuntza nagusia da aurten eskabidea eta bekaren tramitazio osoa elektronikoa izango dela. Horretarako, ikasleek baliozko ziurtagiri elektroniko bat izan beharko dute. BakQ ziurtagiri elektronikoa ateratzea gomendatzen da, oso erabilerraza dena eta erabiltzeko euskarri berezirik behar ez duena.

Beste berrikuntza garrantzitsu bat da dagoeneko ez dela eskatzen gutxieneko batez besteko nota master ofizialerako beka izateko. Era berean, jaitsi egin da matrikula partziala duen beka izateko eskatzen den gutxieneko kreditua: 35 kreditu izatetik 30 kreditu izatera igaro da.

Bestalde, beste bi kenkari ekonomiko gehitu zaizkie Covidek lan-arloan eragindako pertsonei. Era berean, salbuespen berri bat sartu da errendimendu akademikoan, Covidek sortutako egoeraren ondorioz eskatutako gutxienekoa gainditu ezin izan duten ikasleentzat.

Bestalde, eta iaz egin zen bezala, Euskaditik kanpora unibertsitatez besteko goi-mailako ikasketak burutzen ari diren ikasleak ere matrikula osagaiaren onuradun izango dira aurten ere.

2019-2020 ikasturte honetan, 10.781 euskal ikaslek eskuratu dute unibertsitateko beka orokorra, bere osagaietakoren batean edo zenbaitetan, hala nola:

  • Matrikula osagaia: matrikularen zenbatekoa prezio publiko ofiziala izango da, 2020-2021 ikasturtean zerbitzu akademikoetarako ezarritakoa.
  • Ikaskuntzari laguntzeko prozesuari lotutako zenbateko osagarri aldakorra: unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko ikasleek eskuratu behar dituzten liburuen eta materialaren gastuak arintzea da osagai honen helburua.
  • Hiriarteko joan-etorriak: osagai honen helburua da ikasleari laguntzea familia-egoitzatik ikastetxerako (Euskadi barnean) garraioaren gastua arintzen.
  • Probetxu akademikoa: ikasleen lana saritzen du osagai honek, baldin eta ikasleek aurreko ikasturtean gutxienez 60 kredituko matrikula egin bazuten, eta 2019-2020 ikasturtean emaitza akademiko onak izan badituzte.
  • Egoitza: ikasleek, ikasketak direla-eta, egoitzaz aldatzeko egin behar dituzten gastuak ordaintzen laguntzen duen osagaia da
  • Familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa: ezohiko osagaia erabiliko da ekonomia-egoera bereziki zaila duten pertsonei ikasten laguntzeko.

2.- Beren ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko diru-laguntzak: 100.000 euroko diru-kopurua

Diru-laguntza hauek ematen dira mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleek euren ikasketa-zentrora iristeko garraiobide publikoak, egokituak izanik ere, ezin badituzte erabili; edo garraiobide publikoak erabili ahal izan arren, beste pertsona baten laguntza behar badute. Azken 2019-2020 ikasturte honetan 10 unibertsitate ikaslek eskuratu dute laguntza hau Euskadin.

Berrikuntza nagusia da ikasle bakoitzari eman beharreko gehieneko zenbatekoa handitu egiten dela, 10.000 €-tik 12.000 €-ra.

Iruzkin bat
  • @GetxoGazte
    2020-07-29

    Comentario de Twitter:
    👉https://t.co/ExKtpjEVJH

    #bekak #gazteak #getxo

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko