Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Euskadiko Arkitektura Institutuak bere ateak zabaldu ditu berriro, arkitekturak gizartearen erronkei emandako erantzunei buruzko bi erakusketarekin

2020-07-28
  • Mundu osoan zehar milaka pertsona etxetik lan egitera eraman dituen Covid-19aren testuinguruan, 'Europan15 Lasarte-Oria ' erakusketak etxebizitza produktiboen erronkaren aurrean proposamenak planteatzen ditu.
  • Euskadiko eta Nafarroako arkitekturak trantsizio ekologikoa edo biztanleriaren zahartzearen inguruan dagoeneko ematen ari diren erantzunak ' EHAEO Arkitektura Sariak 2019'-n  ikus daitezke.
  • Jose Angel Medina arkitekto legazpiarrak Javier Puldainen lekukoa hartu du EAI-IAEko zuzendari bezala.

Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI-IAE) bere erakusketa-programazioari ekin dio gaur. Arkitekturak eta hirigintzak  gaur egungo herritarren eta etorkizuneko gizartearen erronka nagusiei erantzuteko duten garrantzia azpimarratzen duten bi erakusketa berri eskainiko dira irailaren 27rarte. Erakusketa berriekin batera, EAIk zuzendaritza talde berria aurkeztu du, eta Javier Puldain Huarte zuzendariaren lekukoa Jose Angel Medina arkitektoak jaso du. Iaz martxan jarri zen Institutua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren lankidetzarekin,  eraikinaren jabea.

Erantzun irudimentsuak

Une honetan gizarteak etxebizitzen erabilerak birplanteatu egin ditu, koronabirusaren pandemiaren eta horren eraginez ezarritako telelanaren ondorioz. Gaur ireki den lehenengo erakusketa osasun larrialdia baino lehenago proiektatu zen baina "irudimenezko soluzioak" planteatzen ditu hiri-ingurune "egokiak sortzeko, hauek etxean edo bere ingurunean egiten den ekoizpen-jarduera sustatu eta errazteko” helburuarekin. 'Europan15 Lasarte-Oria' deitzen da erakusketa, eta Europako arkitektura, hirigintza eta paisaia profesionalen belaunaldi berriek planteatutako irtenbideak biltzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Lasarte-Oriako hegoaldeko landa-ingurunean alokairu sozialeko ehun bat "etxebizitza produktiboak" sortzeko erronkaren inguruan. Udalerri hau nagusiki industriala da: “bertan, bizilekua eta ekoizpena mugakideak dira, baina ez dira elkarrekin bizi", adierazten du euskal proposamenak.

 Europan nazioarteko lehiaketa bat da, 40 urte baino gutxiago dituzten Europako profesionalen ikusgaitasuna bultzatzeko. Bertan Frantzia, Austria, Holanda, Finlandia, Norvegia, Belgika eta Espainia bezalako herrialdeek parte hartzen dute, besteak beste. Administrazio publikoentzat –horien artean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritza, ekimen honen sustatzaileen artean dagoena eta EAI-IAE bultzatzen duena– aukera bada ere, haiek plazaratutako kokalekuen erronkei erantzun berritzaileak lortzen baitituzte. Nazioarteko deialdi honek 12.000 eta 6.000 euroko sariak biltzen ditu hamabosgarren edizio honetan, 'Hiri produktiboak: baliabideak, mugikortasuna, ekitate soziala' lelopean hiri  produktiboan trantsizio ekologikoa nolakoa izan beharko litzatekeen galdetuz. Europa osoan erronkak planteatu dituzten 47 kokalekuetatik, Euskadikoa izan da konponbiderako proposamen gehien jaso dituena, 43 guztira. Zortzi finalistena eta irabazlearena, EAI-IAEn bisitatu ahal izango dira, eta talde irabazleak –Alex Etxeberria buru duen tokiko talde bat– bere proposamena gauzatuko duen espazioari buruzko bideo bat ere zabalduko da erakusketan.

Irisgarritasuna, iraunkortasuna eta genero-hirigintza

Lasarte-Oria trantsizio-une batean dago gaur egun, erdiguneko hiri historikotik gertu dagoen industria-lurzoruaren zati bat berreskuratzeko eta, batez ere, etxebizitzetara berbideratzeko. "Beste ekoizpen-eredu bat ikertu behar da, baldintza berdinetan etxebizitzarekin bateragarria dena", adierazten du Jaurlaritzak sortutako erronkak. Europaneko parte-hartzaileei "irisgarritasuna, jasangarritasuna, mantentze lanen erraztasuna, puntu beltzen sorrera saihestea, erabilera segurua sustatzea eta genero-hirigintzako estrategiak ezartzea" duten irtenbideak eskatzen dizkie. Irabazleak proiektuaren enkargua jasoko du. Izan ere, Eusko Jaurlaritza Europan proiektuak garatzen eta eraikitzen dituen administrazio gutxienetarikoa da, 184 etxebizitza baititu Basaurin (1991eko Europan deialdia) eta 84 Bilboko Euskal Errotetan (2001eko deialdia). 

Bai erakusketa hau bai bigarren erakusketa asteartetik igandera egongo dira zabalik herritarrentzat (asteartetik ostiralera 17:30tik 20:30era eta larunbat eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era) irailaren 27ra arte. Javier Puldain Huarte, EAI-IAEko lehen zuzendaria, eta Mikel Larratxe, mmej arkitekturako kidea, komisariotzaren koordinazioa egin dute.

Euskadiko eta Nafarroako interbentzio arkitektoniko onenak

Bigarren erakusketa azken urteetan Euskadin eta Nafarroan eman diren arkitektura-ekoizpen hoberenak plazaratzen ditu, 1989tik aurrera Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) hiru urtean behin bultzatutako 'EHAEO Arkitektura Saria 2019' erakusketarekin. Sariek lan zehatzak nabarmentzen dituzte, baita profesionalen ibilbidea ere, betiere arkitekturaren "baliabideen erabilera optimoa eta irtenbide berritzaileen bilaketa" goraipatuz, eta diziplina horren izaera kulturala eta soziala indartuz.

Erakusketa 24 argazkiz osatuta dago, eta, besteak beste, energia berriztagarriak integratuz edo ekonomia zirkularreko irizpideak aplikatuz -etorkizunean elementuak beste proiektu batzuetan  berriz kokatu ahal izateko- trantsizio ekologikoaren erronkei irtenbideak ematen dizkieten lanak nabarmentzen dira. Badira soluziorik gabeko arazoak konpontzen lagun dezaketen planteamenduak ere, hala nola etxeko erabilera berriak. Izan ere, gaur egun, Covid-19aren bezalako egoerek, etxebizitzak beste ikuspuntu batetik birplanteatzera behartu gaituzte. Gauza bera gertatzen da biztanleriaren zahartzearekin, espazio malgu eta dinamikoak sortzen dituzten proiektuak daude, gaur egungo erabilerei erantzunak emanez eta aldi berean pertsonen bizitzaren faseak kontutan hartuta etorkizunera begiratuz. Berdin gertatzen da hezkuntza-zentroekin, modelo desberdinen garapenera irekita dauden eraikinen proposamenekin.

Gehienak Euskadin eta Nafarroan egindako interbentzioak dira, baina, lanen artean, Euskadiko eta Nafarroako profesionalen proiektuak beste herrialde batzuetan saritzen hasi dira, hala nola Senegalgo Bambey Unibertsitateko ikasgela-eraikin bat, aire-korronteei esker tenperatura 10 edo 15 gradu jaistea ahalbidetzen duena. Erakusketak denetarik aurkezten du: jatetxe baten eraberritzea, Bilboko Athleticen museoa, kirol pabiloi bihurtutako industria-nabe bat -gaur egun saskiei eusteko garabiak erabiltzen dira-, etab. Euskal Herriko eta Nafarroako arkitekturaren proposamenik onenekin batera, proiektuei buruzko ikus-entzunezko batek osatzen du erakusketa. 

Koronabirus berriaren aurkako protokoloa

Bi erakusketak EAIren instalazioetan izango dira ikusgai, Donostiako Alde Zaharrean, Gaztelubide elkarte gastronomikoaren eta Santa Teresa komentuaren artean, gazteluaren igoeran. EAI-IAEk aforo egokituak izango ditu, bai eta seinale berriak eta Covid-19aren ondorioz behar den higienea mantentzeko neurriak ere. Bisitariek maskarak erabili beharko dituzte.

Talde berria EAIn

Talde berria K6 Gestión Culturalen lidergoarekin hasiko da lanean, arkitektura herritarrei hurbiltzen jarraitzeko helburuarekin. José Ángel Medina arkitekto legazpiarra izango da zuzendaria. Medina Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako zuzendaria izan da eta bere Arkitektura Masterreko arduraduna da ere. Gainera, artikulu eta ikerketa askoren egilea da eta Medina&Murua Arkitekturaren burua. Talde berria Gabineteseis eta Martin Echeverria arkitektoarekin osatzen da.

Haurtzaroa, arkitekturaren protagonista

Uztailean zehar, 6 eta 12 urte bitarteko haurrak izan dira EAI-IAEren lehenengo bisitariak. Maushausek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin lankidetzan, egindako udako jardueretan parte hartu dute. Udalekuak uztailaren 17an amaitu dira, eta ikuspegi arkitektonikoa belaunaldi berriei gerturatzera bideratu dira, esperimentazioaren eta jolasen bidez.  

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)