Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzak Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratzeko prozesuari ekin dio, Paisaia Kulturala kategorian

2020-07-27
  • Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitara atera du prozesu horri hasiera ematen dion espedientea, bere ondare-balioa materiala eta immateriala aitortzeko eta bere kontserbazioa bermatzeko asmoz.
  • Babes-proposamenak bere balio historiko/arkitektonikoak eta paisajistikoak nabarmentzen ditu, eta azpimarratu egiten du arkitekturaren eta naturaren artean dagoen sinbiosia.

 

Gasteiz, 2020/07/27       

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultura Ondasuna, Paisaia Kulturala kategorian, deklaratzeko prozesuari hasiera ematen dion ebazpena. Une honetatik aurrera, informazio publikoaren aldia hasten da, 20 egunekoa, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Alegazioak ebatzitakoan, halakorik egonez gero,  Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez onetsiko du Gaztelugatxeko San Juan Kultura Ondasun izateko deklarazioa. Horrela, bere ondasun-balioa aitortuko da ‒bere dimentsio material zein eta immatrialean‒ eta bere kontserbazioa ziurtatuko da.

Inguru hau Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatuta, aurrerapauso bat emango da aitortzaren eta babesaren ikuspuntutik, “bere balio historiko/arkitektonikoak zein paisajistikoak ‒materialak eta immaterialak‒ ere” aitortuz eta zainduz. “Lekua, edertasun handiko paisaia-ingurune baten zati da, eta nabarmentzekoak dira itsasertzaren ikuspegiak zubiaren bi aldeetara: ekialdera badia, Gaztelugatxe eta Aketx uharteak ageri dira, eta mendebaldera itsaslabarrak, Bakioko bistetan txertatzen diren harkaitz-azaleratzeekin. Gaztelugatxe kokagunearen berezitasuna arkitekturaren eta paisaia naturalaren arteko sinbiositik dator”, nabarmendu du babes-espedienteak. Gaztelugatxek orain arte ingurumenari lotutako babes bat eduki du, Eusko Jaurlaritzaren 1998ko irailaren 15eko dekretuz babestutako biotopoa baita.

Hala, arkitekturaren eta naturaren arteko erlazioa nabarmendu da: “Eraikuntzak harremanetan daude paisaiarekin, bi modutan: integrazioz, zubiaren eta sarbidearen kasuan, eta kontraste bidez, haitzaren profilean nagusitzen diren eraikuntzen silueta artifizialen kasuan. Bi kasuetan elkarrizketa harmoniatsu bat ezartzen da arkitekturaren eta naturaren artean”. Bere balio immaterialen artean, nabarmentzekoak dira “oso tradizio joriak, batez ere erlijiosoak.”

Funtsezko balioak

Babes-espedienteak Gaztelugatxeko San Juanen Paisaia Kulturalaren funtsezko balio gisa definitzen ditu garrantzi berezia ematen dioten balio material eta immaterial horiek, babestu beharrekoak. Materialak, arkitektonikoak zein paisaia-arlokoak, honako hauek dira:

  • Uhartearen forma naturalen edertasuna. Forma horiei dagokienez, nabarmentzekoak dira uhartearen profila, harkaitz-azaleratzeak eta landaredia.
  • Tenpluaren profila, Gaztelugatxeko uhartearen silueta bereizgarriaren gailur gisa.
  • Zubiaren eta santutegira igotzeko bidearen arkitektura organikoa, eta ingurune naturalarekin duen lotura harmonikoa.
  • Eraikuntza-baliabideen sinpletasuna eta irmotasuna, tokiko harria oinarrizko material gisa erabiltzeagatik bereizten direnak.

Bestalde, Paisaia Kulturalaren funtsezko balio immaterialak zeinu kulturalek eta erlijiosoek osatutakoak dira; “garrantzi berezia dute, eta tokiko eta eskualdeko identitatean daude sustraituta”. Adierazpen horiek iraganeko gertaeretan eta Gaztelugatxeko San Juanekin lotutako sinesmenetan sustraituta daude. Zeinu horiek bereziki errotuta daude Bermeon eta inguruan, eta honako hauek dira:

  • Erromesaldiak Gaztelugatxeko San Juanera eta, eta haiekin lotuta, ermitan eta inguruan (Urizarretako zelaietan) egiten diren jaiak.
  • Gaztelugatxeko San Juanekin lotutako babes-errituak.
  • Fededunek duten ohitura tenpluan botozko opariak uzteko.
  • Begoñako Ama Birjinaren urpeko tronuratzea.
  • Fededunen partaidetza erantzukidea Gaztelugatxeko San Juan Santutegiaren Elkartearen eta beste ekintza batzuen bidez.

Mugaketa

Babesari dagokionez, proposamenak bi gunetan mugatzen du Gaztelugatxeko San Juan. Lehenengo Gunea, ondare-balio handiena duena, hauek osatzen dute: uhartea eta bere espazio eta elementu eraikiak, baita bertara iristeko gertuen dituen espazioak ere. Bigarren Gunearen kasuan, mugatu egiten da Ondasunaren gertuko inguruneko paisaiaren balioak babesteko asmoz, balioa ematen baitiote, bereziki haitzetik atzeman daitekeen itsasertzeko paisaiak. Gune honek, gainera, interes kulturala duten elementu batzuk ditu, Gaztelugatxeko San Juanen ondare immaterialari lotuak, besteak beste, Urizarretako zelaia edo Begoñako Ama Birjinaren erreprodukzioa, uretan murgildua.

Mugaketa hori kontuan hartuta, babes-proposamenak “finkatu egiten ditu Gaztelugatxeko San Juanen Paisaia Kulturalean ezarriko diren erabilerek eta egingo diren interbentzioek bete beharko dituzten baldintzak”. Babes-erregimenaren preskripzioak lotesleak izango dira, eta hirigintzaren, lurraldearen eta ingurumenaren antolaketa-tresnetan izango dute eragina.

Lehenengo gunea edo Eremu Monumentala osatzen duten ondasunak babes-maila hauetan sailkatuko dira:

  • Kultura-ondasun babestuak. Eremu Monumentaleko ondasunak dira, zehaztutako funtsezko balioetako batzuk biltzen dituztenak eta, beraz, babes-erregulazio bat behar dutenak.
  • Babesik gabeko ondasunak. Interes kulturalik ez duten ondasunak dira eta, beraz, babes-erregulaziorik behar ez dutenak, nahiz eta horien gaineko interbentzioek bermatu egin behar duten babestu beharreko elementuetan eraginik ez dutela.
  • Elementu degradatzaileak. Funtsezko balioetan eragin negatiboa duten ondasun babestuen zatiak dira eta, beraz, ezabatzea edo indargabetzea komeniko litzateke.

Hauek dira kultura-ondasun babestuak, beren tipologiaren arabera antolatuak:

a) Espazio ireki babestuak:

  • Uharteko eta lehorrarekin duen lotuneko gune naturalak, arrokatsuak eta landarediak estaliak.

b) Espazio urbanizatu babestuak:

  • Uhartera iristeko zubia.
  • Santutegira igotzeko bidea.
  • Santutegiko plaza.
  • Tenpluko absidetik gertu dagoen harkaitza.
  • Tenpluaren atzealdeko plataforma.
  • Lehorra/itsasoa plataforma.

c) Ondasun higiezin babestuak:

  • San Juan tenplua.
  • Erromesen aterpetxea.
  • Lehorra/ura plataformako etxola osagarria.

d) Ondasun higigarri babestuak:

  • San Juan Bataiatzailearen buruaren irudia.
  • Santa Anaren tailla.
  • Sortzez Garbiaren tailla.
  • San Juan Bataiatzailearen tailla.
  • San Pedroren tailla.
  • San Pabloren tailla.
  • San Frantzisko Asisekoaren tailla.

Babestutako ondasun higigarriak San Juan tenpluari lotuta geratzen dira, eta kasu hauetan bakarrik lekualdatu ahal izango dira: zaharberritze- edo konpontze-lanetarako, aldi baterako erakusketetarako edo haien babesa eta segurtasuna arriskuan jar dezaketen baldintzak direla eta.

Dokumentuak gradualki ezabatu beharko diren elementu degradatzaile batzuk ere adierazten ditu. Horietako batzuk zoladuran integratu gabeko instalazioak dira (Bilbao baldosadun kutxatila-tapak, instalazioen gainean nibelatu gabeko zoladurak), adreiluzko gehigarriak edo zubiaren ekialdearen aldeko paneletako bat.

Jatorrizko gaztelua

Inguru hau babesteko landutako balorazio-txostenak bere bilakaera historikoa ere errepasatzen du. Bertan jasotakoaren arabera, Bermeoko udalerrian kokatuta dagoen Gaztelugatxeko San Juanen Santutegia lotuta dago jatorrian “lurraldean sakabanatuta dauden Erdi Aroko eraikuntza militarrekin”. Horren erakusgarri dugu bere toponimia, “gaztelu” hitza barnean duena, baita bere kokapena ere gune estrategiko batean.

“Pentsatzekoa da Gaztelugatxen, Goi Erdi Aroan, jatorriz gaztelu bat egon zela, gero tenplu bihurtu zena eta santu baten izena hartu zuena, euskal geografiako beste toki batzuetan gertatzen den bezala (Zumaiako San Telmo, Getariako San Anton...). Estalki prismatikoa duten harrizko hilobi monolitikoak, Elorrioko Argiñetakoen antzekoak (1886an agertu ziren tenplua berreraikitzeko lanetan), IX. eta X. mendeen artekoak dira eta, beraz, hipotesi hau indartzen dute", dio txostenak.

Lehenengo erreferentzia dokumentala 1053koa da, lehenenego Bizkaiko Jaunak, Iñigo Lope jaunak, eta haren emazte Toda Ortizek, Aragoiko San Juan de la Peña monasterioari tenplua eman ziotenekoa. Hala ere, mende bat beranduago, 1162an, santutegia, berriz ere, Iñigo Lope jaunaren ondorengo baten jabetzakoa dela agertzen da, Lope Diaz Harokoa I.arena; berak, aldi berean, Santa María de la Vid premonstratense ordenari eman zion. Monjeek XIV. mendearen hasieran utzi zuten tenplua, Gaztelaren eta Bizkaiaren arteko liskar militarren garaian.

Ondorengo mendeetan gotorleku izan zen tenplua, hasieran bezala. Adibide gisa, balorazio-txostenak dioenez, Alfontso XI.aren kronika batek Gaztelugatxeko San Juan gotorlekuaren setioa kontatzen du, 1334an; erregeak berak huts egin zuen gotorlekua Gaztelako Koroan integratzeko ahaleginean (erregearen tropek Juan Núñez de Lara Bizkaiko jaunaren tropei aurre egin zieten).

Enklabeak bere erlijio-erabilera berreskuratu zuen Errege-erregina Katolikoen erregealdian; garai hartan, era berean, San Pelaio ermitaren (Bakio) eliz jurisdikzioarekin lotzen da, gaur egun oraindik indarrean dagoen lotura. Tenplua, Gaztelako Koroaren errege-patronatua izan zen eta, beranduago, Espainiakoa, XV. mendearen hasieratik 1612ra arte. Enklabe honek piraten eraso batzuk jasan zituen, dokumentatuta geratu denez: 1596an Drake pirataren erasoa jasan zuen eta 1782an kortsario ingelesen espoliazioa.

Orain bisitatu daitezkeen eraikuntzak berreraikuntzako bi interbentzioren emaitza dira. Lekuaren oraingo itxura gehien baldintzatu zuena 1886an burutu zen, baina 1980an ere egin ziren garrantzi handiko obrak. Urte askoan Bermeoko boluntarioen batzorde bat arduratu da enklabea mantentzeaz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)