Berriak Ogasuna eta Ekonomia

2020ko Bigarren Hiruhileko Kontu Ekonomikoen Aurrerapenaren eta Ekaineko Ekonomiaren Termometroari Buruz

2020-07-24

DIRUDIENEZ, EUSKO JAURLARITZAK BERE AURREIKUSPEN EKONOMIKOAK BERRAZTERTU BEHARKO DITU IRAILEAN, EGONKORTZE POLITIKA EGONKORRA EDUKI ARREN  

 

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak, Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak eta Jordi Campàs Ekonomia eta Plangintzako zuzendariak, agerraldia egin dute gaur goizean, EUSTATen Hiru Hileroko Kontuen Aurrerapena baloratzeko; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren azken aurreikuspenak beherantz gainditzen dituzten datuak eman ditu, eta horrek esan nahi du irailean ziurrenik ekonomiaren eta enpleguaren hazkundea berrikusi beharko dela. “Inoiz ezagutu dugun egoera bereziena bizitzen ari gara, bai bere berezitasunarengatik, bai osasun kolektiborako dituen arriskuengatik, eta baita sortu den krisi ekonomiko eta sozialaren sakontasunarengatik ere”, azaldu du Azpiazuk. “Dena den, egia da finkapenerako politika eraginkorra daukagula”.

Hazkunde ekonomikoari dagokionez, Eustaten hiruhilekoko kontuen aurrerapenak berresten du euskal ekonomiak urte arteko BPGaren % 20,1eko beherakada izan duela bigarren hiruhilekoan, eta % 19,8koa enpleguan. Ekonomia eta Ogasun Sailaren aurreikuspenak -% 13,4koa eta -% 10,7koa ziren, hurrenez hurren, BPGari eta enpleguari dagokienez.

“Bake garaian, historian ez dago bi digituetara iristen den antzeko jarduera jaitsierarik”, adierazi du Azpiazuk. Sailburuak azaldu duenez, “Salbuespenezko egoera bati salbuespenezko erantzuna eman behar zaio”.

Atzeraldi Handian ez bezala, oraingoan Europako erakundeak jasaten ari garen erronkaren mailan egongo dira. Europako Banku Zentrala zabaltzen ari den diru-politikak eta Next Generation EU Plana berriki onartu izanak, oraingoan egonkortze-politika eraginkorra izango dugula erakusten dute.

Hauek dira aurrekontuen ikuspegitik egonkortze-funtzio horren hiru baldintzak: 1) bolumena nahikoa izatea; 2) transferentziei dagokien osagaia handia izatea; eta 3) ahalik eta lasterren zabaltzea. Kudeaketa-eredua zein den jakin gabe, badirudi planaren %70a 2021ean eta 2022an gauzatzeko borondateak hiru baldintza horiek egia bihur daitezkeela adierazten duela.

Era berean, Estatuak, ERTEen bitartez batez ere, egonkortzeko abian jarri dituen tresnek ere egonkortzen laguntzen dute. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek, pertsonak babesteko eta enpresen likidezia hornitzeko erantzun-neurri eraginkorrak hartu dituzte.

Egonkortzeko beste mekanismoetako bat Estatuarekin adostu beharreko aurrekontu-egonkortasunaren bide berria izango da; izan ere, 2020rako defizit handia aurreikusten da, diru-bilketa % 18 inguru jaitsiko dela kalkulatzen baita, eta horrek 2.000 milioi euro inguruko eragina izango du ekarpenetan.

 

2019ko Urteko Txostena

Hainbat alderdi dituen ustekabeko eta nahi gabeko krisi egoera hori, nazioartean zailtasunak izan arren, balantze ekonomiko bikaina eta etorkizunerako ikuspegi positiboa osatu duen legegintzaldiaren ondoren iritsi da. Ogasun eta Ekonomia Sailak egiten duen Urteko Txostena datorren astean egongo da eskuragarri webgunean. Bertan jasotzen denez, 2019ko BPGaren %2,2ko aldaketarekin 6 urteko etengabeko hazkunde handia kateatu zen, eta %2ko hazkunde potentzialerantz zihoan zikloa osatu zen. Baina gaur egungo krisiak hondatu egin du.

Euskadi Atzeraldi Handiaren aurreko maila baino %10 gorago zegoen, eta, nazioarteko esparruan agertzen ziren zailtasun nabarmenak gorabehera, eredu orekatua genuen, kanpoko neutraltasun eta inbertsioaren hazkunde-erritmo indartsuarekin (%2,8).

Industria ahulduta zegoen, ekonomiaren erritmoaren erdian haziz; baina zerbitzu publikoek eta pribatuek indarra erakusten zuten euren aurrerapausoetan, eta eraikuntzak ere indarra zuen, doikuntza handia egin ondoren. Doikuntza hori ia erdira murriztu zen, BPGaren %6aren inguruan.

Euskal produktibitatea %0,6 handitzen ari zen, aurreko urteetan baino gutxiago, baina inguruko herrialde askok oraindik tasa negatiboak erakusten zituzten zifren gainetik geunden: Alemania, Espainia, Italia, Belgika, Herbehereak, besteak beste. Soldatak berreskuratzeko, hitzarmenak %2,2 eta %2,3 igo ziren 2018an eta 2019an, eta 2015-2019 epealdiko batez besteko hazkundea %1,9koa izan zen.

Enplegua %2,1, %2,6 eta %1,6 hazi zen azken hiru urteetan, eta langabezia-tasa % 13,8tik % 9,8ra heldu eta legegintzaldiko helburu nagusietako bat bete zuen: % 10etik jaistea.

Eusko Jaurlaritzaren kontuek superabitak erakutsi dituzte 2017az geroztik: 2019ko BPGa % 0,44koa zen, eta abenduan zorra % 12,6ra murriztea lortu zen; horrela, egonkortasunaren legearen helburua beteta zegoen, eta Estatu osoan hori lortu genuen bakarrak izan ginen.

 

Ekaineko termometroa

Azkenik, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak ekaineko Euskal Ekonomiaren Termometroa argitaratuko du gaur. Bertan, suspertze-prozesuan beste urrats txiki bat hautematen da; 31,5era heldu da, oraindik ere beheranzko bidean. Oro har, indize sintetiko horretan txertatzen diren koiunturazko datuek oso aldaketa-tasa negatiboak erregistratzen dituzte, maiatzekoak baino apur bat hobeak izan arren.

Hori da IPIren kasua, industriari dagokionez, eta zerbitzuen negozio zifrarena. Aitzitik, lan-merkatuko datuek okerrerako joera erakusten dute, bai afiliazioei dagokienez, eta baita erregistratutako langabeziari dagokionez ere.

 

Vitoria-Gasteizen, 2020ko uztailaren 24an

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)