Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 'Dena hasten da liburu-dendan' kanpaina jarri du abian, gaur ospatzen den Liburuaren Eguna dela eta

2020.eko uztailak 23
  • Eusko Jaurlaritzak 2,4 milioi euro inbertituko ditu aurten liburuen, irakurketen eta literaturaren arloa laguntzen, diru-laguntza deialdi irekien bidez, iaz baino 300.000 euro gehiago.

 

Gasteiz, 2020/07/23       

Atzeratutako Liburuaren Egunarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 'Dena hasten da liburu-dendan'- #DenaHastenDaLiburudendan kanpaina jarri du abian. Ekimen honek Estatu osoan martxan jarritako ‘Todo Empieza en una Librería’ kanpainarekin bat egiten du, eta herritarrei liburu-dendetara itzultzeko gonbita luzatzen die. Kanpaina Liburu Ganberarekin, Editoreen Gremioarekin eta Euskal Editoreen Elkartearekin batera bultzatu da, eta protagonistak liburu-saltzaileak dira.

Gaur ospatzen den Liburuaren Egunaren ospakizuna ardatz duen kanpaina honen bidez, euskal liburu-denden arduradunek irakurtzeko eta liburu-dendetara itzultzeko gonbidapena egiten dute, euskal egileen lanak irakurriz. Ekimen honek sektore osoa ordezkatu nahi badu ere, honako hauek izan dira aurpegia jarri diotenak: Rosa Tapia, Donostiako Zubieta liburu-dendaren izenean; Javier Cámara, Bilboko Cámara liburu-dendatik; Fernando Fernandez, Bilboko Etxean liburu-dendaren izenean; Naia Hernandez, Bilboko Sopa de Sapo liburu-dendaren izenean; Gonzalo Villate, Gasteizko Anegón liburu-dendatik; Elena Recalde, Donostiako Lagun liburu-dendatik; Ziortza Pereira, Elkar liburu-denden izenean; Daniel González, Gasteizko Ayala liburu-denda ordezkatuz; Patricia Joaquín, Bilboko Campuseko liburu-dendaren izenean; eta Ainhoa Sánchez, Bilboko ArleKin liburu-denda ordezkatuz. 10 pertsona horiek Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Toti Martinez de Lezea, Galder Perez, Seve Calleja, Pedro Ugarte, Eider Rodriguez, Asizko Urmeneta, Edurne Portela eta Miren Agur Meaberen lanen hasierako pasarteak irakurri dituzte. Ekimenaren helburua da, funtsean, irakurzaletasuna eta liburu-denden lana aldarrikatzea, liburuek ezagutza, kultura eta gozamena eskaintzeko duten balioa nabarmenduz.

Kanpaina uztailaren 13tik garatzen ari da liburu-dendetan eta sare sozialetan, argazki-baliabideen eta bideo zentral baten bidez. Esteka honetan ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=4DzZl0RaCSI

Liburugintza sustatzeko ahalegina

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gogora ekarri du aurrekontu aldetik egiten ari den ahalegina liburuaren sektoreari babesa emateko asmoz, Covid 19aren hedapenak alor horretan izan dituen ondorioen aurrean. Hala, Eusko Jaurlaritzak 2.391.800 euro inbertituko ditu aurten, diru-laguntza deialdi irekien bidez, argitaletxeen sektorea laguntzeko, literatura bultzatzeko edota Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien zerbitzua hobetzeko, iaz baino 300.000 euro gehiago.

                Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak hiru lerro ditu Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea hobetzeko (1.580.000 euro):

  • Diru-laguntzak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiek liburuak eta funtsak eros ditzaten. 2020rako Aurrekontuak 800.000 euroko partida zuen helburu horretarako, baina Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak beste 100.000 euro gehitu, Covid-19k eragindako egoerari aurre egiteko. Gehitu den diruarekin lehenetsiko da euskarazko liburuak zein euskal egileenak erostea, hurbileko liburu-dendetan. Hortaz, guztira 900.000 euro inbertituko dituzte; iaz, berriz, 670.000 euro. Sailak onartutako salbuespenezko neurrietako bat da, euskal sortzaileen jarduera bultzatzeko eta kultur arloko erakunde eta enpresen enpresa-jarduera sustatzeko: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/62317
  • Irakurzaletasuna eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatzeko jarduerak sustatzeko laguntzak. Aurten 330.000 euro izango ditu, iaz baino 70.000 euro gehiago.
  • Liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzen edo garatzen laguntzeko lerroa. Aurten 350.000 euroko aurrekontua izango du, iazko kopuru bera.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak sei laguntza-modalitate ditu literatura eta liburuen argitalpena bultzatzeko, eta iazko aurrekontuari eutsiko diote: 811.800 euro. Laguntza-lerroak honako hauek dira:

  • Kultura-sorkuntzarako laguntzak, literaturarekin lotutako bi modalitate dituztenak (2019an 10 lan diruz laguntzeko aukera eman zuten):
    • Gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak sortzea.
    • Euskarazko ipuin eta eleberri laburrak sortzea.
  • Argitalpen-ekoizpenerako laguntzak (2019an 477 liburu argitaratu ziren laguntza horiei esker):
    • Edizioa euskaraz.
    • Edizioa gaztelaniaz.
  • Kultur sorkuntza grafikorako laguntzak (2019an 7 ekimen babestu ziren laguntza horiei esker):
    • Komiki eta eleberri grafikoak.
    • Album ilustratuak.

Halaber, laguntza-lerro horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak literaturarekin, irakurketarekin eta liburugintzarekin lotutako hainbat proiektu babesten ditu. Apustu horren adibide dira, besteak beste, Euskadi Literatura Sariak, editore eta idazleen elkarte nagusientzako diru-laguntzak edo Durangoko Azokaren antolakuntzari egindako ekarpena. ELiburutegia liburutegi digitala sustatzea ere lan ildo garrantzitsua da Sailarentzat. Azkenik, jaialdiak antolatzeko diru-laguntzen deialdiak literaturarekin zerikusia duten jaialdi batzuk diruz laguntzea ahalbidetzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)