Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Europar Batasunak COVID-19aren pandemiaren ondoren leheneratzeko plan historikoa adostu du

2020.eko uztailak 21
  • Erabakigarria da enpleguari eusteko eta hura garatzeko

           Brusela, 2020 07 21

Europar Batasuneko (EB) gobenuek, gaur goizaldean, asteartean, akordio bat adostu dute, ia bi bilioi euroko leheneratze-plan baterako, koronabirusaren pandemiaren ondoren ekonomia komunitarioa berriz sustatzeko. “Hogeita zazpiek" 750.000 milioi euroko leheneratze-funtsa aktibatzea adostu dute; funtsa baterako zorraren jaulkipenarekin finantzatuko da, eta 1,074 bilioi euroko aurrekontua izango du, 2021-2027 aldirako.

EBn orain arte sekula ez da horrelako pakete ekonomikorik ezagutu mende batean bizi izan den atzeraldi handiena arintzeko. “Akordio ona, sendoa eta egokia da Europarentzat, une honetan”, esan du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, ostiral goizean hasi eta gaur, asteartean, 05:30ean (3.30 GMT) itun batekin amaitu den goi-bilera amaitzean.

“Urrats historikoa eman dugu, eta denok egon behar dugu harro”, esan zuen Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak; gainera nabarmendu zuen EBk “ekonomia- eta osasun-krisi zailenetako” baten aurrean jarduteko gaitasuna erakutsi duela.

Funtsa: 390.000 milioi dirulaguntzetan

Akordioak aurreikusten du leheneratzeko funtsaren 750.000 milioietatik 390.000 milioi itzuli beharrik gabeko dirulaguntzetan ordaintzea, eta 360.000 milioi, maileguetan; horrek lehenengoen murrizketa eta bigarrenen gorakada dakar Batzordeak zuzeneko laguntzetarako 500.000 milioi eta 250.000 kredituetan emateko hasieran eginiko proposamenaren aurrean.

Hori estatu gehienek beren buruari “neurritsu” esaten dieten estatuen -Herbehereak, Austria, Danimarka eta Suedia; haiei Finlandia ere gehitu zaie- oniritzia lortzeko egin behar izan dituzten emakiden emaitza; laguntzen bolumena murriztu dute, haien gaineko kontrol handiagoa dute eta deskontuei eutsi diete aurrekontuarentzako ekarpenean.

Horiek izan ziren puntu eztabaidagarrienak, bai eta aurrekontuko funtsak jasotzea zuzenbide-estatuarekiko errespetuarekin lotzeko proposamena ere, eta negoziazio sakona izan zuten. Estatu handiek,  Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Espainiak alegia, gutxienez 400.000 milioi euro nahi zituzten dirulaguntzetan, eta neurritsuek 350.000 milioi eskatzen zituzten.

Konpromisoa lehen zifratik hurbilago geratu da, baina dirulaguntzen murrizketak funtsak finantzatutako programen beherapenak ekarri ditu: Horizonte Europa zientzia-programa 13.500 milioitik 5.000 milioira pasatu da; Invest EU inbertsioena, 30.300 milioitik 5.600 milioira, eta klimarako bidezko trantsiziorako funtsa, 30.000 milioitik 10.000 milioira, besteak beste.

Baina erreformak eta inbertsioak finantzatzeko Errekuperaziorako eta Erresilientziarako Tresnak, partida esanguratsuenak, zuzkidura handiagoa du, 672.500 milioi. Espainiako estatuari funtseko 140.000 milioi dagozkio, eta, haietatik, 72.700 milioi laguntza zuzenetan emango dira.

 

Kontrol gehiago

Amaierako akordioak laguntza zuzenak emateko kontrola sendotzen du, Herbehereak asetzeko; izan ere eskatu du estatuek betoa jarri ahal izateko beren kideen erreforma- eta inbertsio-planei. Batzordeak, berriz, maila teknikoan bakarrik azaltzea planteatzen zuen.

Herrialdeek beren planak Batzordeari bidaliko dizkiote, eta horiek hogeita zazpien gehiengo kualifikatu batek onetsi beharko ditu. Gero, laguntza-tarte bakoitza ordaintzeko baimena emateko orduan, estatu batek edo batzuek zalantzak badituzte, gaia liderren goi-bilerara eraman ahalko dute, eta, orduan, ordainketa eten egingo da, harik eta gaia aztertu arte.

Deskontuak

Estatu “neurritsuek” lortu dute beren helburua; alegia, jasotzen dutena baino gehiago emateagatik aurrekontuari egiten dioten ekarpenean dituzten deskontuak handitzea, nahiz eta horiek desagertzeko bidean zeuden.

Herbeherena 1.921 milioi eurokoa izango da, nahiz eta hasierako proposamena 1.576 milioikoa izan; Danimarkakoa 197koa izatetik 377 milioikoa izatera igaroko da; Austriakoa, 237tik 565 milioira izatera, eta Suediakoa, 798tik 1.069 milioikoa izatera. Alemaniak ere deskontua du, baina hari eutsiko dio (3.671 milioi urtean).

Baldintza berriak

Bestalde, lehenengoz sartu da zuzenbide-estatuari lotutako baldintza; haren aurka egin zuten Poloniak eta Hungariak, zentzu horretan prozedurak baitituzte zabalik EBn, baina testua etenda geratu zen, aurreko bertsioen aldean.

Akordioak dakar “baldintza-erregimena” sartzea aurrekontua eta funtsa “babesteko”; horretarako, Batzordeak zuzenbide-estatuaren “urraketa-kasuan neurriak proposatuko ditu”, Kontseiluak har ditzan, gehiengo kualifikatuaren bidez. Halaber, lehenengoz ezarri da honako helburu hau: aurrekontuaren eta funtsaren gastuaren % 30ek helburu klimatikoak izatea oinarri. Akordioa indarrean sartzeko, Euroganberaren eta zenbait estatu-parlamentarioren oniritzia behar da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)