Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Segurtasuna
qrcode

Segurtasuneko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen Testu Bategina aurkeztu du Eusko Legebiltzarraren Diputazio Iraunkorrean

2020-07-22

Eusko Legebiltzarrak Euskal Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketan ezarritako legegintza-gaikuntza aplikatuz

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 21a.

 

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen eta Gobernu Kontseiluak joan den ekainaren 30ean berretsi zuen Legegintzako Dekretua aurkeztu du gaur goizean, Eusko Legebiltzarraren Diputazio Iraunkorrean.

 

Ekainaren 27ko 7/2019 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren Legea) azken xedapenen arteko lehenak baimena ematen zion Eusko Jaurlaritzari uztailaren 17ko 4/1992 Legea indarrean jarri zenetik sartutako aldaketak testu bakarrean finkatuko zituen testu bategin bat onartzeko.

Testu bategina legegintza-gaikuntza egiteko emandako 12 hilabeteko epearen barruan onartu da, eskatu beharreko prozedura-izapideak egin ondoren. Ertzaintzaren Kontseiluak, Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak emaitzazko testu bateginari buruzko txostena egin dute, eta, azkenik, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak testu bateginaren aldeko irizpena eman du 2020ko ekainaren 19an; Batzorde horren ohar teknikoak ere osorik gaineratu zaizkio testuari.

 

Beste lege batzuetara egokitzea

Testu Bategina egitea lan tekniko zorrotza izan da, eta beharrezkoa zen, 1992ko Poliziari buruzko Legearen artikulu gehienak ondoz ondoko hainbat legeren bidez aldatu baitziren, batez ere ekainaren 27ko 7/2019 Legearen eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen bidez.

Bigarren lege horrek Poliziari buruzko Legearen edukiaren zati handi bat erauzi zuen; izan ere, alderdi batzuk (hala nola Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, udaltzaingoen koordinazioa eta segurtasun publikoaren sistemaren plangintzari eta antolamenduari lotutako beste eduki komun batzuk) arau horretara eraman ziren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legea polizia-antolamenduaren berezitasunera eta bertako langileen estatutu-araubidearen espezifikotasunetara mugatuta geratu zen.

Arrazoi horiek direla eta, onartutako legegintza-gaikuntza zabala izan zen. Izan ere, ez zen mugatzen arauak bateratzera, artikuluak, kapituluak eta xedapenak berriro zenbakitzera eta barneko arau-igorpenak egokitzera; aitzitik, hizkuntza hizkuntza ez-sexistaren eskakizunetara egokitzen zuen, eta bateratu beharreko lege-testuak argitzen eta harmonizatzen zituen.

 

Hizkuntzaren normalizazioa eta euskara

Eusko Legebiltzarraren agindua kontuan hartuta, beharrezkoa izan da, lehendik zeuden arauak berriz antolatu eta zenbakitzeaz gain, agindu batzuei beren edukiekin sistematikoki bat datorren kokapen bat ematea. Halaber, erabilitako hiztegia berrikusi, eguneratu eta bateratu egin da, gramatika-alderdiak barnean hartuta; hizkera ez-sexista normalizatu egin da, eta euskarazko bertsioaren zaharkitze terminologikoa zuzendu da.

Hobekuntza teknikoen artean, artikuluak antolatzeko moduan egindako aldaketak aipatu behar dira; horietako batzuek eduki trinkoa eta luzea zuten, egindako aldaketa ugarien ondorioz.

Ildo horretan, artikuluen zenbakiak eta, beraz, haien arteko arau-igorpenak eta bat-etortzeak doitu dira. Halaber, lege-testuak legegintzarako eskuordetzaren mugen barruan erregularizatzeko, argitzeko eta harmonizatzeko beharrezkoak ziren aldaketak sartu dira.

Aholku Batzorde Juridikoaren ustez, "emaitza indarrean dagoen legearen sistematikan zein literaltasunean bertan esku-hartze garrantzitsua izan duen eta koherentziaren, osotasunaren eta argitasunaren funtzioak behar bezala betetzen dituen testu bat izan da".

Testuaren irakurketa bakarrarekin, eztabaidarekin eta behin betiko onartzeko bozketa bakarrarekin Legebiltzarreko izapidea bete ondoren, jarduneko lehendakariak aldarrikatu egingo du. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, indarrean jarriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legea.

 

Iruzkin bat
  • Argazkia Javier Martínez Vadillo
    2020-07-22

    Facilitar sin trabas de ningún tipo, la inclusión de la ciudadanía en la labor policial independientemente de su condición cuando se debe garantizar la integración de toda persona en la sociedad de acuerdo a derechos humanos convención de la ONU

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)