Berriak Lana eta Justizia

Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, eta CCOO eta UGT sindikatuek 2020ko lehen seihilekoan Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren Jardueraren jarraipen-eta ebaluazio-txostena onartu dute

2020.eko uztailak 22

Eusko Jaurlaritzak eta CONFEBASK, CCOO eta UGT gizarte-eragileek, gaur, 2020ko lehen seihilekoan Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak garatutako jardueraren jarraipen- eta ebaluazio-txostena onartu dute. Bertan, bost Lantaldeek (Genero-berdintasuna, Lan-osasuna, Enplegua, Industria eta Lanbide Heziketa), batez ere, urtearen hasieran onartutako planak aztertzen eta egokitzen jardun dute, koronabirusaren krisiak eragindako alarma sanitarioa lantaldearen jarduera arrunta hasi eta berehala gertatu baitzen.

Kasu batzuetan, egokitze horren ondorioz dagokion plana berriro formulatu behar izan da; beste kasu batzuetan, berriz, bigarren seihilerako jarduteko lehentasunak adostasunez finkatu dira. Helburu horretarako, dokumentu eta adierazpen berriak landu dira. Bertan, oinarrizko erronkei buruzko taldeko kideen diagnostiko partekatua bildu dute, eta, ikuspegi partekatu horretatik, indartu behar diren gogoetako eta laneko ildoak identifikatu dituzte.

Bideokonferentzia bidez egindako bileran Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesus San Josek, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak hartu dute parte. Enpresetako eta sindikatuetako ordezkarien artean bertan egon dira Euskal Enpresarien Konfederakuntzako (Confebask) lehendakari Eduardo Zubiaurre, CCOO sindikatuko Euskadiko idazkari nagusi Loli Garcia eta UGT sindikatuko Euskadiko idazkari nagusi Raul Arza.

Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko Lantaldeek urteko lehen seihileko honetan egindako jardueren artean dago aurretik jada adostuta zeuden akordio batzuk gauzatzea; adibidez, OSALAN Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen eta elkarrizketa sozialean parte hartzen duten gizarte-eragileen artean izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenaren testua Lan Osasunaren taldeak onartzea, Enpresa Txiki eta Ertainetan Prebentzio Kulturaren Euskal Behatokia abian jartzeko.

Halaber, COVID-19 pandemiak eragindako egoerari, produkzio-jarduera eteteak izan dituen ondorioei, eta horrek enpleguan eta gizarte-kohesioan izan dituen ondorio larriei zuzenean lotuta premia handiagoko beste neurri batzuk abian jartzearen inguruan, epe ertain eta luzerako gogoetak, diagnostikoak eta ekintzak uztartzeko beharrarekin bat etorriz, Enpleguko Lantaldeak akordioa lortu zuen, urtean 20.000 eurotik beherako kotizazio-oinarria duten eta ABEEE egoeran dauden pertsonen prestazio publikoak osatzeko.

 

Erabakiak, adierazpen bateratuak eta akordio-proposamenak

 

BERDINTASUNA

Lan-egitasmoa eguneratzea (1. dok.)

-  Lan-eremu bakoitzean genero-ikuspegia indartzeko eta normaltasuna pixkanaka berreskuratzeko elkarrizketa sozialetik sustatutako neurri, ekintza eta politika guztietan sartzeko beharrari buruzko adierazpen adostua (2. dok.) 

 

ENPLEGUA

 - Urtean 20.000 eurotik beherako kotizazio-oinarria duten langileek jasotzen duten langabezia-prestazioak 2020ko uztailaren 1etik aurrera osatzeko akordioa (3. dok.)

 

LANBIDE HEZIKETA

Lanbide-heziketaren arloan lehentasunezko ekintzei buruzko akordioa, alde batetik, enplegua berreskuratzeko eta/edo mantentzeko pertsonei babesa eta laguntza emateko eta, bestetik, euren jarduera mantentzeko eta/edo berreskuratzeko enpresei —batez ere txikiei— laguntza emateko. (4. dok.)

 

LAN-OSASUNA

Enpresa txiki eta ertainean prebentzio-kulturarako behatokian garatu beharreko planak eta ekintzak abian jartzeko eta garatzeko lankidetza-hitzarmena. (5. dok.)

2012-2027rako Laneko Segurutasun eta Osasunerako Euskal Estrategia sortzeko eta onartzeko prozesuan elkarrizketa soziala erabat integratzeko beharrari buruzko lantaldearen adierazpen bateratua.   (6. dok.) 

 

INDUSTRIA

 Pertsonei eta enpresei laguntzeko, produkzio-jarduera normalizatua berreskuratzeko fasean garatu behar diren oinarrizko ardatzei buruzko lantaldearen adierazpen bateratua: pertsonen erantzunkidetasuna, kualifikazioa eta birkualifikazioa, digitalizazioa, eskaeraren estimulua, funtsezko zerbitzuei lotutako gutxieneko ahalmenak, hornidura-kateen azterketa, energia-trantsizioa eta iraunkortasuna. (7. dok.) 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek, Euskadiko CCOOko idazkari nagusi Loli Garciak, eta Euskadiko UGTko idazkari nagusi Raúl Arzak