Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak eskatzen du kontuz ibiltzeko COVID-19ak markatutako udako irteera eta itzulera operazioan

2020.eko uztailak 21

Asteburu honetan eta abuztuko lehenengoan Euskadin trafikoa areagotzea espero da, udako irteera eta itzulera operazioak elkartuko baitira

Bilbo. 2020.07.21

Osasun-krisi globalak baldintzatu duen udako irteera/itzulera operazio berezian areagotu egin da Euskadi barruko trafikoa eta Euskaditik inguruko autonomia-erkidegoetara doana. Nazioarteko joan-etorriak, aldiz, intentsitate txikikoak dira, Marokok bertan behera utzi baitu Itsasartea Zeharkatzeko Operazioa, eta oraingoz, gainera, itxita baitu lehorreko muga. Hala eta guztiz ere, Trafiko Zuzendaritzak operazio berezi bat du prestatuta, Afrikako herrialdeak muga irekitzea erabakiko balu ere.

 “Oraingoz, Euskadiko errepideetan hauteman dugu barruko trafikoa eta inguruko autonomia-erkidegoetara doana areagotu direla. Marokok lehorreko muga irekiko balu eta Afrika iparraldera doazen ibilgailuak Euskaditik igarotzen hasiko balira, Trafiko Zuzendaritzak beharrezko neurriak hartuko lituzke puntu estrategikoetan zirkulazioa arintzeko. Bestalde, aurten seinaleak osatu dira eta liburuxkak argitaratu dira COVID-19ari aurrea hartzeko osasun-gomendioak bete behar direla gogorarazteko”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.

Aurreko urteetan bezala, aurtengo udan ere Euskadiko errepide-sarea zeharkatzen ari dira Europa iparraldetik Portugal hegoaldera doazen ibilgailuak. Hain zuzen ere, nazioarteko trafikoa kontuan izanda, Trafiko Zuzendaritzak 5.000 liburuxka argitaratu ditu ingelesez, frantsesez, arabieraz, euskaraz eta gaztelaniaz higiene-neurriak gogorarazteko: urruntze soziala, maskara erabiltzea eta eskuak garbitzea. Liburuxka horiek AP-8ko eta AP-1eko zerbitzuguneetan ari dira banatzen, eta, gainera, mezu bera hedatzeko seinaleak ere jarri dira inor kutsa ez dadin, leku horietan jendea pila daitekeela aurreikusita.

Horrez gainera, informazio-mezuen panelak eta Trafiko Zuzendaritzaren kanal guztiak, www.trafikoa-eus web-orria, TrafikoaEJGV APPa, Twitterra eta 011 telefono-zenbakia (24 orduz erabilgarri dagoena), erabiliko dira informazioa emateko.

Uztaileko azken asteburua eta abuztuko lehenengoa, gorabeheratsuenak

Aurreikusten da Euskadiko errepideetan datorren asteburua izango dela gorabeheratsuenetako bat, abuztuko lehenengoarekin batera, oporraldiko irteera-trafikoa eta oporrak uztailean gozatu dituztenen itzulerakoa elkartuko baitira.

Irteera-operazioko astebururik kritikoenetan trafikoa arinagoa izan dadin, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen-operatibo bereziak ditu aktibatuta. Armiñongo lotunean, eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleen bidez gomendatuko da A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbidearen artean.

Behin-behineko balantzea

Udako operazio berezia hasi zenetik, 5 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan (3 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan), iazko aldi berean baino bi gehiago.

Tokiko trafiko-dentsitate handieneko lekua A-8 autobidea izan da, Bizkaitik Kantabriarako noranzkoan. Uztailaren 3an eta 18an 16 kilometrora arteko auto-ilarak sortu ziren, batetik, errepidean ibilgailu ugari pilatu zirelako eta, bestetik, hainbat istripu gertatu zirelako Saltacaballo eta Mioño inguruan. Bestalde, uztailaren 19an,  20 kilometro baino gehiagoko auto-ilarak sortu ziren, Kantabrian, Bilborako noranzkoan.

Gipuzkoan, uztailaren 14an, Frantzian jaieguna izateagatik ibilgailu astunentzat zeuden murrizketen ondorioz, 13 kilometrora arteko auto-ilarak erregistratu ziren AP-8an, Biriatuko ordainlekuan, Frantziarako noranzkoan.

Araban, berriz, irteera-operazioan ez da aparteko gorabeherarik izan, hain zuzen ere, nazioarteko joan-etorriak gutxitu direlako.

Sentsibilizazio-kanpaina

Istripuak gutxitzeko helburuarekin, Trafiko Zuzendaritzak beste sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian ‘Berriro ateratzea / Volver a salir’ izenburupean, eta gidatzean arduratsuak izateko eskatzen du mugikortasuna murriztuta izan ondoren.

Prebentzioaren aldeko kontzientzia hartzea funtsezko estrategia da istripuen tasak murrizteko, indarrean dagoen Trafiko Zuzendaritzaren 2015-2020 aldiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoan jasota dagoen moduan.

Aurtengo kanpaina irrati, telebista eta sare sozialen bidez hedatzen ari da, eta gidariei eta gizatalde zaurgarriei zuzenduta dago.

Gomendioak

Trafiko Zuzendaritzak gomendatzen du bidaiari ekin aurretik errepideen egoera kontsultatzea 011 telefono-zenbakian, www.trafikoa.eus webgunean, @TrafikoaEJGV Twiterreko kontuan edo TrafikoaEJGV APPan.

Bidaiari hasiera eman aurretik:

-           Ibilgailua egoera onean dagoela ziurtatu, eta pneumatikoak, argiak, balaztak, haizetako garbigailuak, ispiluak… eta abar baldintza onean daudela egiaztatu.

-           Ez egin otordu oparorik, logura saihesteko.

-           Alkoholaren eta drogen kontsumoa saihestu. Sendagairen bat hartuz gero, ziurtatu ez duela gidatzeko garaian ondoriorik.

 Errepidean:

-           Abiadura eta gidatzea trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitu, eta beti jarraitu Ertzaintzako agenteek adierazten dutenari.

-           Segurtasun-tarteak gorde.

-           Atseden hartu bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.

Gainerako gidariak errespetatzea funtsezkoa da errepidean. Zuhurra izan behar da eta lasai hartu behar da, garrantzitsuena baita sufritu gabe eta istripurik eragin gabe iristea helmugara eta itzultzea etxera, Trafiko Zuzendaritzaren ‘Berriro ateratzea / Volver a salir’ sentsibilizazio-kanpainak gogoratzen duen bezala.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak