Berriak Osasuna

Osakidetzak material sanitarioa hornituko du, pandemiaren agerraldiak egonez gero euskal sektore publikoak hornikuntzak dituela ziurtatzeko (Gobernu Bilera 2020-07-21)

2020.eko uztailak 21

Gobernu Kontseiluak baimena eman dio Osakidetzari material sanitarioaren erosketa, biltegiratzea eta logistika kudeatzeko eskumena izateko, Covid- 19aren aurkako borrokari arreta lehen lerroan ematen dieten euskal udalei, Eusko Jaurlaritzari eta foru-aldundiei behar dituzten produktuak emateko, besteak beste mantalak, eskularruak edo maskarak, haien bidez pandemiak izan ditzakeen agerraldiei aurre egiteko.

Hala, Osakidetzak material horren kudeaketaren ardatz gisa jardungo du, eta horrek material horien kontratazioa eta erosketa arrazionalizatzen eta antolatzen lagunduko du, materialaren eta ekipamenduaren eraginkortasun handiagoa eta stock estrategikoa lortzeko, euskal sektore publikoaren beharrei arreta eta estaldura logistikoa emateko.

Osakidetzak honako erakunde publiko hauen esku jarriko du material sanitarioaren hornikuntzarako eta logistikarako duen gaitasuna:

  • Eusko Jaurlaritza eta haren mendeko entitate eta erakundeak.
  • Foru-aldundiak, eta bereziki beren eskumeneko eremuan dagoen sektore soziosanitarioa, haren kalteberatasuna kontuan hartuta.
  • Autonomia-erkidegoko udalak eta udalaz gaindiko erakundeak, bai eta haien mendeko erakunde eta entitateak ere.

Azkenik, lurralde osoan materiala biltegiratzen eta banatzen dela bermatzeko, Osakidetzak gaur egun dagoen zentro logistikoa jarriko du eskuragarri, hala eskatzen duten entitateentzat harrera, biltegiratzea eta banaketa zentralizatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko