Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

235.000 euro handitu da Txonta auzoa berroneratzeko eta haren eraikinak birgaitzeko dirulaguntza, eta 2,5 milioira heldu da (Gobernu Bilera 2020-07-21)

2020.eko uztailak 21

Gobernu Kontseiluak baimendu egin dio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari Txonta auzoa berroneratzeko eta haren eraikinak birgaitzeko Eibarko Udalaren zuzeneko dirulaguntza 235.000 euro handitzea eta, beraz, 2.300.000 izatetik 2.535.000 eurokoa izatera pasa da. Halaber, 2022. urte arte luzatu da aurreikusitako jardunak exekutatzeko epea.   

Era horretan, aintzat hartu da Eibarko Udalak egindako eskaera. Eskaera horrek agerian utzi du, alde batetik, egin beharreko obren kostua handia dela, batez ere energia-efizientzia eta eraikinen irisgarritasuna hobetzeari begira eta, bestetik, obra horien tamaina dela medio, erabakiak hartzeko prozesua luze eta bihurria izan dela, eta horri gehitu behar zaio COVID-19aren ondoriozko konfinamenduan geldirik geratu direla jarduerak.  

Txonta berroneratzeko proiektua (221 etxebizitzak bat egin dezakete harekin), Bilboko Otxarkoagarekin batera, Horizon 2020 programaren bidez europar finantzaketa jasotzen duen hirigintza berroneratzeko ekimen batean kokatzen da: Open Gela. Bi auzo horietako interbentzioak bereziki esperimentalak dira, eta aurreikusten dituzte hala irisgarritasun-baldintzak, segurtasuna eta energia-efizientzia hobetzeko jardun fisikoak nola gizarte-arloko jardunak, gizarte-kohesioa hobetzeari begira, langabezian dauden pertsonen prestakuntza eta birgaikuntzaren bidez eta produkzio-jarduerak zein hurbileko zerbitzuak bultzatuz eta sustatuz. Horretarako, arlo horietako bakoitzean, Auzoko Bulego bat erabiltzen da, “leihatila bakar” gisa funtzionatzen duena, eta laguntza orokorra ematen die egoiliar guztiei, hala alderdi teknikoetan nola administrazio, kontabilitate, finantza edo kudeaketan. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko