Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak
Eu

Gasteizek BEAren behin betiko ibilgailua, haren irudi berria eta webgunea aurkeztu ditu

2020.eko uztailak 14

- Ekitaldi ofizial baten bidez aurkeztu izan da gaur ibilgailuaren  behin betiko prototipoak bidaiaririk gabeko probak egingo ditu datozen hilabetetan TUVISAren 2. lineako ibilbidean, eta 2021ko erdialdean hasiko da zerbitzu ematen.

- Herritarrek ibilgailua bisitatzeko aukera izango dute, Gasteizko zenbait lekutan, uztailaren 14tik 20ra bitartean, hartara autobusaren ezaugarriak hobeto ezagutzeko.

- BEAren webgune ofizialak www.bei.eus irraungarritasun-irizpideen arabera diseinatutako garraiobide berriari buruzko argibide guztiak bilduko ditu, eta obrak egin bitartean gerta daitezkeen zirkulazio-afekzioei buruzko informazioa emango du, aldiro-aldiro.

Aurrea doaz BEIren lanak; horrenbestez, gero eta hurbilago dago TUVISAk kudeatuko duen Gasteizko Autobus elektriko adimentsua. Ibilgailu horren behin betiko prototipoa aurkeztu dute gaur Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, Garapen Ekonomikoaren eta Azpiegituren sailburu Arantxa Tapiak eta Irizar e-mobilityko zuzendari nagusi Hector Olabegogeaskoetxeak, Europa Jauregian egin duten ekitaldi ofizialean. Prototipo horrek Arabako hiriburuko kaleetan zehar ibiliko da datozen hilabeteetan, aurrerago abiarazi aurretik bidaiaririk gabeko probak egiteko. Herritarrek, bestalde, ibilgailua bertatik bertara ezagutzeko eta barrura sartzeko aukera ere izango dute, uztailaren 14tik 20ra bitartean, hiriko hainbat tokitan. Gaur goizeko hitzorduak, gainera, BEIren irudi berria eta garraio sistema iraultzaile horrekin lotutako informazio guztia bilduko duen webgunea aurkezteko balio izan du.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek azpimarratu du Gasteiz erreferentea izango da Euskadin, Estatuan eta Europan garraio publikoaren elektrifikazioaren alorrean. “Gure hiriko joan-etorrien erdia ibilgailu elektrikoetan izan daitezela lortu nahi dugu”, esan du. Gasteizko alkateak nabarmendu ditu, baita, erakundeen ahalegina auzoak modu eraginkor eta natura errespetatzen duen batean lotzearen alde, bai eta koronabirusaren pandemiaren ostean garraio publikoan konfiantza berreskuratu beharra ere. “Mugikortasun Planaren zutabeetako bat da. Garraio publiko eta kolektiboaren garapena sustatu behar dugu, halakoa gero eta gehiago eskainiz, eraginkortasunez, eta edozein pertsonak erabiltzeko moduan, betiere intermodalitatearen alde”, azaldu du. Ildo horretan, alkateak nabarmendu egin du zenbait proiekturen pisu espezifikoa, esaterako tranbia Salburura eta Zabalganera luzatzeko proiektua, eta abiadura handiko tresna Gasteizera ekarri eta lurperatzekoa.

Garapen Ekonomikoaren eta Azpiegituren sailburu Arantxa Tapiaren aburuz, mugikortasuna “funtsezko elementua da klimaren aldaketaren aurkako lehian”, eta esan du euskal industria prest dagoela iraunkortasun-irispideen araberako mugikortasunaren erronkari ekiteko, “basque mobility” estrategiari jarraiki. Sailburuak Gasteizko BEI “konponbide teknologiko berritzailetzat” jo du, zeinaren bidez “karbonoren menpekotasuna aldika-aldika murriztuko duen mugikortasun baterantz joateko” bidea egiteko aukera emango diguna. Euskal energia- eta mugikortasun-sistemaren etorkizunak hazteko aukera emango dio industria-ehunari.

Tapiaren hitzetan, “Euskadi Europako Batzordearekin lerrokatzen da, eta Green Deal delakoaren aldeko apustua abagunea da epe luzean hazkuntza eta enplegua bermatzeko, eta gizartea, ingurumena eta ekonomiarentzat balio erantsia sortzen, modu arduratsuan sortu ere”. Horrez gain, esan du “garraio adimentsurako aukera ematen digun konektibitate digitala eta osagai gero eta berritzaileagoen garapena” giltzarri direla etorkizuneko garraioa diseinatzerako orduan. Sailburuak uste du BEAk eta dagoeneko hasiak diren Salbururako tranbiaren lanek “irauli egingo dute hiriko barne-mugikortasuna”. Tapiak jakinarazi du Gasteizen edukiera handiko garraio publikoa elektrifikatzearen aldeko erronka Donostiara eramango dela datozen asteetan, hain zuzen ere Dbus konpainiaren 17. linean.

Azkenik, ahaldun nagusi Ramiro Gonzálezek beste alderdi bati ekin dio, hain zuzen ere “Gasteiz Green eta Araba berdearen lidergoari trantsizio energetikoaren prozesuan eta natura errespetatzen duen mugikortasunaren alorrean. Duela egun batzuk Ekienearen aurkezpenean izan ginen, hain zuzen ere Araban egingo den proiektu fotovoltaico handi batean; horrez gain, energia eolikoaren zenbait proiektu garatzen ari dira; eta gaur urrats bat gehiago eman dugu Autobus Elektriko Adimentsuaren proiektuan. Lidergoa, beraz, soil-soilik berrikuntzatik bideratu daitekeena”, esan du. Horrez gain, Araban inbertsio handiak egitea ahalbidetzen duen erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du. Bere mintzaldia amaitzeko, Arabako ahaldun nagusiak berriro azpimarratu du Arabako Foru Aldundiak Gasteizekin duen konpromisoa: “Hiriburua aldatzen ari da, aurrerapausoak ematen, eta Aldundia prozesu horretan dago, buru-belarri”.

Irizar e-mobilityko zuzendari nagusi Hector Olabegogeaskoetxearen hitzetan, “Gasteiz eta Euskadi osoko lehen linea erabat elektrikoa izango da, zalantza gabe Arabako hiriburuaren hiri-garraioaren sistema goitik behera eraldatuko duen iraultza, Europan erreferente izatera deitua. Gehiago ere esan du: “Gure autobus elektrikoak Euskadin diseinatu eta eginak dira, Araban dagoen Ekian eguzki-parke fotovoltaikotik datorren energia berdearen bitartez. Harro gaude gure elektromugikortasun proposamenak gure geure lurrean berean ezartzeaz. Gure autobusak guztiz isilak dira, eta erabat errespetatzen dute ingurumena”.

Gaur aurkeztu den modeloa Irizar ie tram izenekoa da, 12 metro luze, 3 ate ditu eta 22 leku bidaiarientzat. Ibilgailuaren motorra 180 kW artekoa da, ion-litiozko bateriek elikatuko dute, zein Irizar e-mobilityk Adunan (Gipuzkoa) dituen instalazioetan garatu eta egin baitira.  Ibilbidean direlarik, ibilgailuak 4 minututan kargatuko dira, kargatze-sistema ultra-arin eta elkarrerangigarri bati esker. Proiektu honetarako, Irizar e-mobilityk Yarritu enpresa eraikitzailearen eta LKSren kolaborazioa izan du; bi enpresa horiek ingeniaritza, obra zibil, seinaleztapen, komunikazio eta beste lan batzuez arduratzen dira.

Ahalegina komunikazioaren alorrean

Ekitaldian, gainera, obren hurrengo mugarriak gogorarazi dira, eta TUVISAk egiten dituen komunikazio-lanak nabarmendu dira, lanak oinezkoen eta hiriko gainerako garraioarekin uztartzea bermatzeko, eta, azkenik, garraio publikoko udal-konpainiaren erabiltzaileei unean uneko informazioa emateko. Horretarako, kartelak eta kale-seinaleztapena egiten eta paratzen ari dira, bai eta harremana erreferentzia-eremuetako erakundeekin ere. Aurten, 80 komunikazio-ekintza baino gehiago egin dira hiriko 10 lekutan.

BEIren lanek uda osoan zehar jarraituko dute ibilbidearen hainbat zatitan, baina irailera arte ez dute eragin handirik izango ibilgailuen zirkulazioaren gainean. Aldiz, geltoki-aldaketa batzuk egingo dira TUVISAren 2a eta 2b lineen ibilbideetan. Hala bada, abuztuaren hasieran, aldi baterako lekuz aldatuko da Aragoi / Egoitza geltokia, eta, ondoren, Euskal Herriko Boulevardeko geltokiak. Abuztuan zehar ohiko lekuetara itzuliko dira Juan Garai / Arriaga, Jacinto Benavente 7, Jacinto Benavente / Florida, Txagorritxu eta Aragoi / Egoitza geltokiak.

Azken egunotan instalatu dira baita ibilgailuen bateriak arin kargatzeko erabiliko diren pantografoak, Mendizorretzeko eta Bulebarreko geltokietan. Zutoin horiei esker, bateria 4 minutu eskasetan kargatu ahalko da. Gauean egingo da autobusen kargatze geldoa, BEIren kotxetegi berrietan paratuko den Kargatze-unitate funtzionalean. Irizar taldeak garatu eta hornitu du kargatze-azpiegitura guztia.

Irudi berria eta webgunea

Irizar ie tram ibilgailua hirira iristearekin batera, Gasteizko Udalak gaur bertan estreinatu du BEIren irudi berria eta webgunea (www.bei.eus), non Gasteizko autobus elektriko adimentsuari buruzko informazio eta xehetasun guztiak biltzen diren. Gainera, oharrentzako tarte bat egokitu da webgunean, etengabe eguneratuko dena, hartara herritarrei obrak iraun bitartean horiekin bizitzen laguntzeko.

BEIren identitate korporatibo sortu berriaren ezaugarri nagusiak abangoardia, berrikuntza, diseinua eta izadiarekiko errespetua dira. Ezaugarri horiek 2 kolore nagusiren bidez adieraziko dira: berdea eta beltza. Tipografia molde biribilduek ibilgailuaren berarenak gogoratu nahi ditu, etorkizunaren irudi futurista batez jantziaz. “B” letraren gaineko marra horizontala pantografoaren (BEI birkargatzeko sistema) itxuratik eratortzen da. Logotipoan nabarmen bereizten da elementu jakin bat, “i” letra, puntua berde kolorekoa duelarik:  “i” horrek informazioa eta adimena (gaztelaniaz) islatzen ditu (BEIk informazio-sistemak ditu, nola geltokietan, hala ibilgailuen barrualdean ere) eta baita berrikuntza ere (gaztelaniaz). Pertsonak ere agertzen dira logotipoan; izan ere “E” eta “i” letren uztarketak ibilgailuan eseritako pertsona baten irudia iradokitzen du.

Gaurtik bertatik, Udalak eta TUVISAk kanpaina bat abiaraziko dute, prentsa idatzian eta irratirako iragarkiekin, kaleko kartelen bidez, eta beste komunikazio-jarduera batzuekin. Asmo horrekin, irudi abangoardistako zenbait komunikazio-elementu baliatuko dira, irudi korporatiboaren beraren ildotik. Zenbait mezu ere hautatu dira, azpimarratzen dutenak: proiektua aurrera doala ('egunetik egunera, hurbilago'), garraio-sistema iraunkortasun-irizpideen gainean egin dela ('% 100 elektrikoa', 'Emisiorik batere ez'), edozein pertsona  eta Gasteizko hamar bat auzo lotuko dituela ('auzoak batu, pertsonak mugitu').

Datozen hilabeteetan, prototipo hori, etorkizuneko BEIk izango dituen bi tamainetako (12 m) eredu laburrarekin bat datorrena, Gasteizen zehar ibiliko da bidaiarik gabeko autonomia eta karga probak eginez 2. linearen ibilbidean, eta hori izango da etorkizunean ordezkatuko duen ibilbidea. Proba horietan, besteak beste, lineen eta ibilgailu-moten gidatzearen eraginkortasuna eta kontsumoa kudeatzeko software-sistemaren testak ere egingo dira. Era berean, datu horiek denbora errealean sistema zentralean deskargatzeko aukera emango du, han azter daitezen; horrela, gidatzeko eraginkortasunaren hainbat adierazleren bidez, gidatzeari buruzko jarraibideak ezarri ahal izango dituzte, eraginkorragoa izan dadin eta energia-kontsumoa murrizteko. BEIrako diseinatutako software berezi horrek abisuak eta alarmak sortu ahal izango ditu, gidariek eta aretoko kontrol-langileek gorabehera posibleak kudeatu ahal izateko. Azken helburua dira: ingurumen-onurak lortzea, dirua aurreztea, ibilgailuaren mantentze-lanak murriztea eta bidaiarien erosotasuna areagotzea, unitateak hobeto gidatuta.

BEIren prototipoa Gasteizko herritarrak garraiobide berri, elektriko eta % 100 jasangarri horretara hurbiltzeko aukera ere izango da. TUVISAk zenbait lekutan erakutsiko du autobusa, herritar guztientzako irekita. Leku horietan ibilgailua bisitatu ahal izango da; barruan erakusketa gidatu bat jarri da, eta bertaratzen direnek garraiobidearen ezaugarri nagusien eta bereizgarrien berri izan ahal izango dute. Jendearentzako bisita irekiak arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara izango dira, data eta kokapen hauetan:

Uztailak 14: Andre Maria Zuriaren plaza

Uztailak 15: Mendizorrotza (Salbatierrabide, L2B-ren geltoki ondoan)

Uztailak 17: Boulevard merkataritza-gunearen kanpoaldea

Uztailak 20: Cadena y Eleta kalea (katedral berriaren aurreko plaza)

Toki horietan BEI bisitatzen duten guztiek 'Istorioak ibilbidean’ lehiaketan parte hartu ahalko dute, TUVISAren sarean izan dituzten esperientziak bideo bitartez grabatuta. “Gure autobusek 50 urte baino gehiago daramatzate hiriari funtsezko zerbitzua ematen, eta denbora horretan guztian erabiltzaileek bizipen eta pasadizo asko izan dituzte; gainerako herritarrekin partekatu ditzatela nahi genuke, hartara garraio kolektiboak Euskadiko hiriburuaren mugikortasunean duen garrantzia aldarrikatzeko”. Online ere hartu daiteke parte. Hemen daude oinarriak: https:/v-g.eus/Tuvisa lehiaketa

Erronka sendoa garraio publiko eta iraunkortasun-irizpideen gainean eraikiaren alde

Garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handikoa da BEI; helburuak ditu hiriko auzo guztiak hobeto konektatzea, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea. TUVISAren egungo 2. linean emango du zerbitzua, 2021eko udatik aurrera, puntako teknologia erabiliko duten Irizar markako 13 ibilgailu elektrikoren bitartez. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta hiriko leku garrantzitsuak lotzen ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza, Unibertsitatea eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. Sistema berri horrek erabat eraldatuko du Gasteizko garraio publikoa. Lineako 10 kilometroko ibilbidean 23 geltoki berri izango dira noranzko bakoitzean, gaur egungo geltoki konbentzionalen lekuan.

Irailaren 2an hasi ziren BEIren obrak, hiriko hainbat lekutan aldi berean. Gaur egun, leku hauetan ari dira lanean langileak: Esmaltazioak, Mendizorrotza, Ariznabarra, Zumakadi (Hegoalde gizarte-etxearen parean), Boulevarda, Jacinto Benavente eta AUH. Hainbat erakundek parte hartzen dute BEAren proiektuan: Gasteizko Udalak finantzaketaren % 17,5 emango du, Arabako Foru Aldundiak beste % 17,5, eta Eusko Jaurlaritzak % 65. Inbertsioa 40 milioi eurotik gorakoa izango da. Irizar e-mobility, Yarritu eta LKSk euskal enpresek eratutako aldi baterako enpresa-elkartea ari da lanetan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2020.eko uztailak 15

    👏👏👏👏👏👏👏👏

Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran, Alcalde de Vitoria-Gasteiz; Ramiro Gonzalez, diputado general de Araba; Hector Zabalgogeaskoetxea, director de Irizar e-mobility