Berriak Lehendakaritza
Eu

Novia Salcedo Fundazioak gazteen integrazio profesionalaren arloko bikaintasuna saritu du

2011.eko maiatzak 30

IV. edizio honetan, sariak honakoek eskuratu dituzte: José Manuel Pérez Pericles (Pertsonak), José Angel Sánchez-Asiaín (Ad Honorem), Vicrila - Luis Manuel Fernández (Enpresa Handia), Factor CO2 - Kepa Solaun (Enpresa Txikia) eta IQ Consult - Norbert Kuntz (Erakundeak/Organizazioak/GKEak)

Sarien helburua da gazteak lan-munduan baldintza bikainetan sartzea ahalbidetzen duten enpresek, pertsonek eta erakundeek egiten duten lan bikaina balioestea. Epaimahaia Europako Batzordearekin, Batasuneko inguru akademikoarekin eta enpresa-munduarekin lotuta dauden hamazortzi profesional ezagunek osatzen dute, eta, lehenengoz, Eduard Punset idazle eta dibulgatzaile zientifikoa izan du buru.

Epaimahaiak, Punset epaimahaiburu izanik, Manuel Pérez 'Pericles' umoristaren lana aintzatetsi du “Pertsonak” atalean; “Ad Honorem” kategoriako saria BBVA Fundazioaren presidente José Luis Sánchez-Asiaínek eskuratu du; Vicrila euskal enpresak “Enpresa Handia” saria lortu du, eta “Enpresa Txikia” saria Factor C02 enpresa bilbotarrak eskuratu du; eta, azkenik, IQ Consult aholkularitza alemaniarrak “Erakundeak eta GKEak” kategoriako saria lortu du.

Patxi López lehendakariak Bilboko Arriaga Antzokian egin den ekitaldia zuzendu du, eta, bertan, Nazioarteko Novia Salcedo Fundazioaren IV. Sariak banatu dira. Ekitaldian idazle eta dibulgatzaile zientifikoak sarituak elkarrizketatu ditu, eta azken horiek pixka bat hobeto eman dituzte ezagutzera beren enpresa-proiektuak eta -politikak.

Lehendakariak azpimarratu du oso garrantzitsua dela horrelako praktika “bikainak” balioestea, eta, gainera, arlo horretako “sentsibilizazioa" beharrezkoa dela ziurtatu du. Lópezek esan du “guztioi” dagokigula aurrera egitea “gure gazteak historiako prestakuntzarik onena dutenak izateaz gain garapen handiena lor dezaketenak” izan daitezen. Lehendakariak gailendu du oso garrantzitsua dela gazteak lana sortzeko gai izatea.

Patxi Lópezek “herritarren parte-hartze handiagoa” lortzeko ateak irekitzea bultzatu du, eta azken egunotan plaza eta kaleetan egin diren kanpaldien ondoren esan du jendeak “ez duela sentitzen gure politiketako partaide direnik”, eta, ondorioz, lehendakariaren ustez, haiek “arrazoi osoarekin eskatzen dute konplizitatea, parte-hartzea eta erantzunkidetasuna”. ‘Gazteen arazoei guztion artean erantzuteko ordua da’ lelopean aurkeztu da Novia Salcedo Sarien laugarren edizio hau.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari