Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak 2019ko Euskadi Ikerkuntza Saria eman dio Joseba Agirreazkuenaga historialariari

2020.eko uztailak 14
  • Epaimahaiak Agirreazkuenagaren dibulgazio-lan garrantzitsua nabarmendu du, bere ikerketa-ildoei jarraitzen dieten taldeak sortzeko gaitasuna eta ezagutza euskal gizarteari transferitzea.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, 2019ko Euskadi Ikerkuntza Saria eman dio gaur arratsaldean Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga historialari eta EHUko Historia Garaikideko katedradunari, Lehendakaritzaren egoitzan egin den ekitaldian. Bertan Adolfo Morais, Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea eta Amaia Esquisabel, Ikerketako zuzendaria ere izan dira.

Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia sariak, baina baita honako beste hauek ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin. Urte bakoitietan, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen modalitatean egiten da deialdia; urte bikoitietan aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen du sariak. Euskadi Ikerkuntza Sariak

Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga, (Bilbo, 1953) Historia Garaikideko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan aritu da irakasle eta ikertzaile 1980tik. Agirreazkuenaga irakasleak 1972an hasi zuen bere ikerketa jarduera, Jose Migel Barandiaranen zuzendaritzapean. Bere doktore tesi zuzendaria Julio Caro Baroja izan zuen. 1988tik ikerketa-talde bat zuzentzen du. Gaur egun 17 ikertzailek osatzen dute, eta euskal historiografia garaikidea berrikusten eta berritzen lagundu duten emaitzak dituen ikerketa-kontzeptu bat aplikatzen du, baita hainbat ikerketa-ildotako ezagutzaren aurrerapena ere; horien artean nabarmentzen dira: foru-ogasunak, legebiltzarrak eta ordezkaritza-batzarrak, biografiak eta hiztegi biografikoak, memoria historikoa eta publikoa eta euskararen historia soziala. Bere ikerketa-lanaren emaitzek euskaldunen historia orokorra sakon berritzen lagundu dute, ikuspegi orokor eta metodologikoki eguneratu batetik.

Era berean, Joseba Agirreazkuenagaren lanean nabarmentzekoa da transferentzia zientifikorako hainbat ikerketa-egitura sortu izana ere, hala nola Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutua, Bidebarrieta Kulturgunearen kudeaketa eta sorrera, edo bere ikerketa-arloarekin lotutako hainbat aldizkari eta entziklopedia sortzea.

Agirreazkuenagaren ikerketa ibilbide luzean azpimarratzekoak dira bere ikerketa historikoak, euskaldunen kasua eta euren historia ikuspegi orokor eta konparatibo batean aztertuz. Hiztegi biografikoen esparruan, ekarpen metodologiko eta teorikoak egin dizkio biografien azterketari, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritza Batzarren eta Legebiltzarren izaera eta historia nazioarteko foro eta ikerketa-sareetan kokatu ditu, eta horrek euskal historiografia nazioartean zabaltzen lagundu du.

2019ko Euskadi Ikerketa Sariaren epaimahaiak honako hauek nabarmendu ditu Joseba Agirreazkuenaga Zigorragan: bere ikerketa- eta irakaskuntza-ibilbidea, interes historiografikoen zabaltasuna, haren argitalpen ugarien kalitatea, dibulgazio-lan garrantzitsua, bere ikerketa-ildoei jarraitzen dieten taldeak sortzeko gaitasuna eta ezagutza euskal gizarteari transferitzea.

2019ko Euskadi Ikerkuntza Sariaren epaimahaia

Euskadi Ikerkuntza Sariaren 24. edizio honetako epaimahaia Gizarte Zientzietako eta Humanitateetako hainbat arlotan ibilbide luzea egindako lau ikertzailek osatu dute.

Batetik, eta epaimahaiaren presidentzian, Teresa Cabré i Castellví hizkuntzalaria aritu da. Pompeu Fabra Unibertsitateko Hizkuntzalaritza eta Terminologiako katedraduna, egun, unibertsitate horretako Institut Universitari de Lingüística Aplicada zuzentzen du Cabrek, eta Kataluniako Ikerketa Planaren baitako Hizkuntz Ingeniaritzako Erreferentzia Zentroko (CREL) zuzendaria ere bada.

Cabrerekin batera, honako beste kide hauek ere aritu dira epaimahaian, eledun: Jean Michel Uhaldeborde, Ekonomia Zientzietako katedraduna Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (Baionako-Miarritzeko Diziplina anitzeko Fakultatea), eta Frantziako Goi mailako Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioko aholkularia; Isabel del Val Valdivielso, Erdi Aroko Historiako katedraduna Valladolideko Unibertsitatean, Historiaren Errege Akademiako kide urgazlea 2001etik, eta Portugalgo Historia Akademiako kidea 2005etik; Jose Ramón Montero Gibert, Zientzia Politikoko katedraduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta Zuzenbidean doktorea Santiagoko Unibertsitatean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak