Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Saila uztailaren 12an hauteskundeetako emaitzak zabalduko dituen dispositibo teknikoa prestatzen ari da

2020.eko uztailak 07

Parte-hartze indizeari eta gorabeherei buruzko informazioa etengabe emango dute egun osoan zehar

Segurtasun Saila egun hauetan ari da azken egokitzapenak egiten Eusko Legebiltzarrerako datorren igandeko hauteskundeetako emaitzak zabalduko dituen dispositibo teknikoan. Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Eugenio Artetxe Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariak Lehendakaritzan larunbatean emango duten prentsaurrekoan azalduko dituzte dispositiboaren xehetasunak.

 

Uztailaren 12an Gasteizko Lehendakaritzan kokatuko den Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialetik zabalduko dira parte-hartzearen indizeei buruzko datuak eta behin-behineko emaitzak, botoak zenbatu ahala. Horretarako, agertoki nagusi bat prestatuko da, 8x4 metroko pantaila izango duena, eta bertan proiektatuko dira emaitzen datu grafikoak. Informazio hori bera hedatuko da egoitzan zehar banatuko diren beste hiru monitoreetan.

 

Hauteskunde-eguna Irekia bidez eta Emaitzak Aurkezteko Zentrotik bertatik jarraitzeko baimena eskatu duten hedabideei espazioa gordeko zaie albistegietarako zuzeneko konexioak egiteko. Era berean, erredakzio-postuak eta unitate mugikorretarako zona espezifikoa erraztuko zaie. Baimena eskatzeko epea ostirla 10ean, ostegunean, amaituko da eta edukieragatik posible bada.

 

Gailu teknikoei dagokienez, hedabideek zuzenean emititzeko bi telebista-seinale instituzional izan ahalko dituzte (irudia eta datuak), eta Interneterako konexioa prentsa-postuetan. Seinale instituzionala hainbat telebista-kamerek ekoitzitako irudietan oinarrituko da, grafikoen irudiak barne. Zentro Ofizialeko agertokian jasoko dira zenbakizko irudikapenak denbora errealean. Seinale guztiak satelite bidez jaso ahal izango dira zuzenean telebistek aurreikusitako dispositiboetan.

 

Prentsaurreko eta agerraldi guztien seinale instituzionala Zentrotik bertatik hedatuko da, baita Internet bidez ere (www.hauteskundeak.eus).

 

Gorabeherei, parte-hartzearen indizeei eta emaitzei buruzko informazioa

Larunbateko, hilaren 11ko, 11:30ean, Estefanía Beltrán de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak eta Eugenio Artetxe Hauteskunde Prozesuen zuzendariak prentsaurrekoa emango dute Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean. Prentsaurreko horretan hauteskunde-prozesuari buruzko informazioa emango dute eta emaitzak, gorabeherak eta parte-hartzearen indizeak zabaltzeko erabiliko diren mekanismoak aurreratuko dituzte. Era berean, hedabideetako profesionalek izan ditzaketen zalantzak argituko dituzte.

 

Igandean, uztailaren 12an, hauteskunde-egunean, hainbat agerraldi egingo dituzte Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean parte-hartzearen ehunekoen bilakaeraren berri emateko.

 

10:00etan Segurtasun sailburuak agerraldia egingo du hauteskunde-mahaiak irekitzean gertatu ahal izan diren gorabeheren berri emateko.

 

13:00etan, berriro egingo du agerraldia sailburuak, 12:00ak arteko parte-hartzearen indizeei buruzko lehen datuak emateko.

 

18:00etan berriro egingo du agerraldia sailburuak eta 17:00ak arteko parte-hartzearen indizeei buruzko datuak emango ditu.

 

Hauteslekuak itxi, eta zenbaketa hasi eta gero, zenbaketa horrek hiru lurraldeetan datu adierazgarriak ematen dituenean, sailburuak agerraldia egingo du zenbaketatik ondorioztatzen den boto- eta aulki-banaketaren lehenengo datuak emateko.

 

Behin-behineko datuak Zentroko pantailan proiektatuko dira, grafikoak denbora errealean sortuko dituen multimedia-aplikazio bati esker. Datu horiek berak eskuragarri izango dituzte hedabideek eta hiritarrek Interneten eta Intranetean. Gailu mugikor adimendun bidez (smartphone, tablet, eta abar bidez) ere eskuratu ahal izango dira datu horiek.

 

Sailburuaren agerraldiaren ondoren, boto-zenbaketaren bilakaera zuzenean jarraitu ahal izango da datuak hedatzeko ezarritako hainbat bidetatik. Datuak denbora errealean emango dira, eta botoak zenbatu dituzten mahaien ehunekoak gehitu ahala eguneratuko dira datuak.

 

 

Hauteskunde-intraneta:

Segurtasun Saileko Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak eskainita, hala eskatu duten hedabideek (ehundik gora), alderdi politikoek eta erakundeek aukera izango dute haien egoitzetatik hauteskunde-intranet batera sartzeko. Intranet horren bitartez, online jarraitu ahal izango dute zenbaketaren bilakaera.

 

Emaitzen txantiloiak:

Hedabideek eta herritarrek behin-behineko boto-zenbaketaren ondoz ondoko eguneratzeak jaso ahal izango dituzte, aurrez hala eskatu badute, emaitzen txantiloi moduan, “.xml” formatuko fitxategietan.

 

Hartara, prestatu dituzten informazio-sistemak dinamikoki elikatu ahal izango dituzte, eta behin-behineko datuak eta Segurtasun Sailak emandako datuak aldi berean egokitu ahal izango dituzte. Horrela, behin-behineko datu ofizialak eguneratzen diren bakoitzean, fitxategi eguneratuak bidaliko dira, eta, hortaz, hedabide bakoitzaren euskarri eta diseinuetan eskainiko den informazioa bat etorriko da Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialak aurkezten duen informazioarekin.

 

Interneteko informazioa

www.hauteskundeak.eus web-orriak herritarren esku jartzen du uztailaren 12ko hauteskunde-deialdiari buruzko informazio guztia. Atari horren bidez, Eusko Legebiltzarra berritzeko hasi den prozesuaren alderdi guztiei buruzko informazio zabala eta askotarikoa kontsulta daiteke.

 

Webgunearen atalen artean nabarmendu behar dira, adibidez, prozesuaren egutegiari, bozketa-prozedurari eta posta bidezko botoei buruzko atalak, hautesleentzako gida, hauteskunde-mahaietako kideentzako gida, eta inprimaki elektronikoak. Urratsez urratseko gidak ere badaude; gida horiek aukera ematen dute botoa ematerakoan sor daitezkeen prozedurari buruzko zalantzak argitzeko, modu atseginean eta grafikoan. Eta galde-erantzun atal bat ere badago, boto-emaileei sor dakizkiekeen zalantza nagusiak erantzuteko.

 

Era berean, web-guneak Twitter (@hauteskundeak) kontuan izena emateko aukera ematen du, eta herritarrek 012 telefonoa ere erabili ahal izango dute, bertan kontsulta pertsonalizatuak egiteko.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak