Berriak Herrizaingoa

Ertzaintzak patruilatzeko erabiltzen dituen autoen % 58 berrituko ditu aurten Herrizaingo Sailak

2011.eko maiatzak 27

Aurki eskuratuko dituzten ibilgailu blindatu berriekin osatuko dute ibilgailuen eguneratzea

Ertzaintzaren blindatu gabeko ibilgailuen erdia baino gehiago berritzeko asmoa du Herrizaingo Sailak urtea bukatu aurretik. Patruila-auto berria izateko aukeratutakoa Seat Altea XL izango da. Polizien beharrizanetara erabat egokituta dauden 140 ibilgailu inguru erosiko dituzte. Modelo honen eraginkortasuna frogatu dute dagoeneko hainbat polizia kidegotan. Horrela, Ertzaintzak ibilgailu modernoak izango ditu, puntako komunikazio-sistemak dituena eta segurtasun pasibo eta aktiboari dagokionez, merkatuko elementurik aurreratuenak eskaintzen dituena.

Urte bukaeratik aurrera, Seat Altea XL modelokoak izango dira Ertzaintzak hiritarren segurtasun lanetan ari denean patruilatzeko erabiliko dituen ibilgailu ofizial berriak. Erabilera anitz eskaintzen dituen ibilgailu bat da, hiritarren segurtasun lanen beharrizanetara erabat egokitua, dagoeneko hainbat polizia-kidegok frogatu ahal izan duten bezala. Ertzaintzak guztira halako 140 ibilgailu jarriko ditu kaleetan. Denborarekin, blindatu gabeko autoen zati esanguratsu bat ordezkatzen joango dira.

Blindatutako ibilgailuen taldea osatzen duen blindatu gabeko ibilgailuen segmentua zen autoak berritzeko premia zuen lehena. Egun, Ertzaintzak blindatu gabeko 243 ibilgailu ditu eta 12 eta 19 urte artean egon da erabilgarri; batez beste 14 urteko zerbitzua eman du ibilgailu bakoitzak. Beraz, Ertzaintzaren ibilgailu-parkea zaharkitua dago nabarmen. Horiek eguneratzeko aurrekontu-ahalegin handia egiteko asmoa du Herrizaingo Sailak, Seat Altea XL berri bakoitzak 33.443 euroko balioa izan baitu, ekipamendu tekniko guztiak barne.

Ibilgailu berriak eskuratzeko, Herrizaingo Sailak lehiaketa publiko bat zabaldu zien estatuko autogile guztiei. Baina Seat izan zen Herrizaingo Sailetik eskatzen ziren baldintza tekniko eta ekonomikoak eta ibilgailuak emateko epera bere eskaintza egokitu zuen enpresa bakarra.

Altea auto zabala, bizkorra eta ahalmen handikoa da. Ertzaintzak eskuratu duen bertsioak 4,467 m-ko luzera izango du, 1,768 m-ko zabalera eta 1,785 m-ko altuera. Motor indartsua izango du, Volkswaggen 1,6 HDI bat, eta Audi etxeak egindako abiaduraren aldagailu automatikoak. Horrez gain, bateria sistema bikoitzak izango ditu autoari jarri zaizkion ekipamendu elektroniko gehigarriak hornitzeko.

Ibilgailuaren barruko atzeko aldea bereziki prestatuta dago atxilotuak eramateko. Maletategiari dagokionez, hiru mailatan banatuta egongo diren moduluez osatuko da, hiritarren segurtasun lanetarako eta trafikoaren kontrolerako beharrezko elementu guztiak eramateko egokituta. Autoaren aurreko aldea (gidariaren lekua barne) agenteentzat prestaturik egongo da: zabala eta erosoa, puntako elementu elektroniko eta informatikoak eta komunikazio sistemak izango ditu (besteak beste, pantaila ukigarri bat) agenteek eskura izango dituzten hainbat puntutan. Gainera, armak, linternak eta polizien laneko beste edozein elementu eramateko bereziki prestatu diren txokoak izango dituzte autoan zehar.

Sistema aktibo eta pasiboak ezarriko zaizkio ibilgailuari agenteen segurtasuna areagotzeko, esaterako, frekuentzien inibitzaileak edo erasotzaileen aurkako kristalak. Era berean, atxilotuak eramateko guneak ere segurtasun neurri guztiak izango ditu halako garraioak segurtasun eta eraginkortasun handienaz, eta behar bezalako baldintzetan, egin daitezen.

Patruila-auto berriek bete behar dituzten baldintza teknikoak lan-talde batek adostu eta onartu zituen. Ertzaintzaren Hiritarren Segurtasunerako Unitateko agenteek ere talde hartako kide izan ziren. Izan ere, beraiek izango dira ibilgailu berriak jaso bezain laster, urte bukaera aldera, lan egiteko erabiliko dituztenak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko