Eu

IVAPek 1,3 milioi euro bideratuko ditu Osakidetzan, Hezkuntzan, Arkauten eta EHU-n lan egiten duten langile publikoen prestakuntzara (Gobernu Bilera 2020-7-7)

2020.eko uztailak 07
  •  Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak beste urtebetez berritu ditu lau prestakuntza-hitzarmenak, gutxienez emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ikastaro bat barne hartzen dutenak

 Gobernu Kontseiluak onartu du, gaur, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) lau hitzarmen berritzea, Osakidetzako, Hezkuntzako, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langile publikoen prestakuntzarako. Helburua lau erakunde horietan lan egiten duten langile publikoen planak eta prestakuntza-programak berritzea da, bai eta horien finantzaketa arautzea ere.

  • Hezkuntza Sailarekin hitzarmena: irakasleei prestakuntza emateko da, eta gehienez 525.000 euroko zuzkidura izango du.
  • Osakidetzarekin hitzarmena: pertsonal sanitarioari eta ez-sanitarioari zuzenduta, dela osasun-eremuan, dela osasun-kudeaketako eta -administrazioko arloetan. Horien prestakuntzarako bideratzen den zuzkidura gehienez 537.000 eurokoa izango da.
  • Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) hitzarmena: administrazioko eta zerbitzuetako langileei prestakuntza emateko da, eta gehienez 45.000 euroko zuzkidura izango du.
  • Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin (Arkaute) hitzarmena: langile publikoei zuzenduta, prestakuntza Arkauteren eskumenekoa denean. Sinatutako prestakuntzak gehienez 230.000 euroko zuzkidura izango du.

PRESTAKUNTZA-EKINTZAK

Berritutako lau hitzarmenak 2020ko abenduaren 31ra arte egongo dira indarrean eta honako ekintza hauek ere jasotzen dituzte:

  • Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo prestatzea.
  • Ikaskuntza-sareak ezartzea, aldi baterakoak edo iraunkorrak.
  • Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.
  • Erakundeak garatutako prestakuntzaren inguruan aprobetxamenduaren, transferentziaren edo inpaktuaren ebaluazioarekin lotura duten ikasketak.

Gainera, lau hitzarmenek jasotzen dute honako hau zehazten duen klausula bat: “gutxienez, programatutako prestakuntza-ekintza bat emakume eta gizonen berdintasunaren arlokoa izan behar da”. Eusko Jaurlaritzak, horrela, langile publikoei prestakuntza eman nahi die, gero herritarrei eskaintzen dieten zerbitzu publikora eraman ahal izateko berdintasun-politika horiek.

IVAP

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) helburuetako bat da Euskadiko administrazio publiko guztietako langileen prestakuntza eta euskalduntzea. Zehazki, IVAPen prestakuntza-zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta bere erakunde instituzionalen zerbitzura dauden langileen sarrerako prestakuntza-planak diseinatu, kudeatu eta ebaluatzen ditu, haien posturako eta lanbide-karrerarako. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko