Berriak Lehendakaritza

350.000 euroko laguntza Salvamento Marítimo Humanitario – SMH gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari proiekturako (Gobernu Bilera 2020-7-7)

2020-07-07

Gobernu Kontseiluak Salvamento Marítimo Humanitario – SMH Gobernuz Kanpoko Erakundeari 350.000 euroko laguntza ematea onartu du AitaMariZubia #MAYDAYTERRANEO 2020 proiektua aurrera eramateko.

Laguntzari esker —Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bidez emango da—, larrialdietako profesionalek eta boluntario askok osatutako erakunde horrek itsasoan pertsonen bizitza zaintzeko eta Giza Eskubideen defentsa sustatzeko duen helburuarekin aurrera jarraitu ahal izango du.

 Azken urteetan, Mediterraneo Erdialdeko bidetik —Libia, Tunisia, Italia eta Malta artean— Europara heltzea lortzen duten pertsonen kopuruak behera egin duen arren, arriskutsuenetako bat izaten jarraitzen du eta pertsona gehien hiltzen eta desagertzen diren bidea da.

Gaur onartutako laguntzak “Salvamento Marítimo Humanitario” erakundeak egindako larrialdi-deiari erantzuten dio. Laguntzari esker, Mediterraneo Erdialdeko gunean migrazio-fluxuen bilakaerari erantzuteko erakunde horrek erreskatatzeko eta pertsona horiek artatzeko betetzen duen funtzio bikoitza ematen jarraitu ahal izango du.

Jakina denez, SMHk 2018an —Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin— proiektu bat jarri zuen martxan. Proiektu horren bidez, Aita Mari ontzia prestatu eta ospitaleko materialez hornituko zen nazioartearen babesa bilatzen zuten pertsona errefuxiatuei asistentzia sanitarioa emateko eta itsas erreskateko operazioak egiteko. Ontziak zerbitzu mediko modularreko gune bat dauka. Horri esker, IGKU (Ospitaleratu Gabeko Kirurgiako Unitatea) edo ZIU motako zerbitzuak eman ditzake, kasu bakoitzaren arabera, laguntza sendotzeko eta premiazko erantzuna eman ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko