Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta EEP-Euskararen Erakunde Publikoak 1.930.000 euro bideratuko dituzte Iparraldean euskara sustatzeko egitasmoetara

2020.eko uztailak 03
  • Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro emango dizkio funts komun horri, eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro.
  • - Miren Dobaran sailburuordeak azpimarratu duenez, Covid-19ak sortutako egoera berriak ahalegin handiagoa eskatuko du ingurune digitalean.

 

Baiona, 2020/07/03        

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) 1.930.000 euro inbertituko dituzte 2020an zehar Iparraldean euskara sustatzeko egitasmoetan. Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Beñat Arrabit EEPko presidenteak bi erakundeen arteko akordioaren xehetasunak aurkeztu dituzte 2020 urterako, Baionan egindako prentsaurreko batean. Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro jarriko ditu funts komun horretan, eta EEPk 1.530.000 euro. Aurrekontu horrekin euskarazko irakaskuntza, euskaltegien lana, euskarazko hedabideak eta euskarari lotutako aisialdiko proiektuak bultzatuko dituzte.

Gaur goizean aurkeztutako akordioa 2017-2022 aldirako bi erakundeek sinatutako hitzarmen-markoaren barruan kokatzen da, 2007tik hona izan diren bi erakundeen arteko lankidetzen artean azkena. Hitzarmen hori oinarri hartuta, bi erakundeek urtero-urtero  zehazten dute zeintzuk izango diren kontuan hartu beharreko irizpideak laguntza horiek banatzeko orduan, eta, azkenik, uztailean jakinarazten da nola banatuko den funts komun hori.

Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak martxoaren 31an adostu zituzten aurtengo ekitaldiko irizpideak, eta gaur jakinarazi dituzte laguntza horien xehetasunak. Akordio horrekin batera, era osagarrian, 2017an Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza-politikaren arloko lankidetza bultzatzeko akordioa sinatu zuten, urtero berritzen den Hiruko Ituna.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak gaur aurkeztutako akordioaren  azpimarratu du Iparraldean euskara bultzatzeko eta, era berean, Covid-19ak izango duen eraginaz hitz egin du. "Esan beharrik ez dago Covid 19ak eragina izan duela gure bizitzako arlo guztietan, eta lankidetza honi dagokionez ere, aldaketak ekarriko ditu: bide eta erronka berriei egin beharko diegu aurre elkarrekin. Euskara biziberritzeko lanek atzerapausorik jasan ez dezaten, inoiz baino garrantzitsuago da erakundeen arteko elkarlana, eraginkortasunez ekiteko egoera zail honen aurrean. Hemendik aurrera, buruan izan beharko ditugu era berezian Internetek, sareak, eta ingurune digitalak oro har euskarari eskaini ahal dion espazioa, eskaini ahal dizkion baliabideak eta urratu behar dituen bideak”.

Elkarlanerako funtsa, 1.930.000 eurokoa, bi ataletan banatzen da::

  • 798.500 euro ezarri dira Ipar Euskal Herriko eragile jakin batzuk diruz laguntzeko.
  • 500 euro ezarri dira beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko, deialdi baten bidez.

Iazko banaketarekin erkatuta, aldaketa nagusia da lehen funtsa areagotu dela (223.500 euro gehiago), orain arte deialdiaren bidez laguntzen ziren eragile batzuk lehen multzora mugitu direlako. Sei eragile izango dira, bost hedabide eta hezkuntzaren arloko eragile bat: Aldudarrak Bideo (web-telebista), Herria (paperezko astekaria), Euskal Komunikabideak (Iparraldeko Hitza paperezko astekaria), Iparla Baigura komunikazioa (kazeta.eus web kazetarentzat), Errobi Promotions (web irrati elebiduna) eta Udako Euskal Unibertsitatea.

* Aurtengo laguntzen ebazpenari buruzko xehetasunak erantsitako artxiboan kontsulta daitezke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak