Berriak

URAk bigarren zubiko habeak jarri ditu Toloto errekaren gainean, Elorrio parean

2020.eko uztailak 02

URAk 18,83 metroko argia duen bigarren zubi baten habeak jarri ditu Toloto errekaren ibilgu berriaren ibilbidean, Elorrion. Ibilgailuen trafikoa igarotzeko azpiegitura berri bat da, ibilguaren 240 metroko luzera duen ibilgu-tarte berriaren zabalerara egokitzen dena, Elorrioko hirigunetik igarotzen denean, Ibaizabalekin bat egin baino lehen.

Toloto erreka Ibaizabal ibaiaren eskuinaldeko ibaiadarra da;  3 km inguruko luzera du iturburutik Ibaizabalekin bat egin aurretik; eta azken 300 metroak Elorrioko herrigunetik igarotzen dira estaldura baten barrutik, kaleen zoladuraren azpitik.

Ibaizabalen murgildu aurretiko Toloto errekaren azken metroetan abian diren lanon  mugarri berri bat da zubiaren eraikitze hori:  errekaren azken metroetan,  aire zabaleko 240 metroko ibilgu-tarte berria eraiki egin da, lehen estalita ziren 300 metro ibilgu ordezkatzeko. Ibilgu-tarte berria aurreko tarte estalia ibaizabaleratzen zen puntutik ibaian gora dago.

Ibaiaren ibilgu-tarte berriak bi zubi eraikitzea beharrezko egin du ibilgailuen joan-etorria ahalbidetzeko:  14,00 eta 18,83 metroko argiarekin (zubiak ertzetan dituen euskarrien arteko distantzia), estribuek ibilgu berriaren sekzioa estutu ez dezaten eta, aldi berean, egungo errepideari eutsi ahal izateko. Jardueraren aurrekontua 1.608.594,55 eurokoa da.

Abiapuntuko egoera

Errekaren azken zatiaren aurreko egoerak zaildu egiten zuen ur handien jario askea, eta uholdeak eragin zitzaketen, bai estalduraren ahalmen hidrauliko txikiagatik, bai flotatzaileek (enborrak, urak eraman ditzakeen tamaina handiko gaiak, ur-biltegiak…) buxadurak sor zitzaketelako. Gainera, tarte horren aurreko egoerak ez zituen betetzen indarrean dauden arau-xedapenak, ez baitute estaldurarik onartzen, ezta ibilgu-ertzak urbanizatzea ere.

Egungo estaldura kendu eta ibilgua ibilbide berarekin mantentzeko proiektuak arazo asko zituen, estalkiaren gainean eraikinak zeudelako eta errekaren zabalera nahikoa lortzea ezinezkoa zelako, hainbat oztopo zeudelako.

Uholdeen aurrean babesteko eta ibilgua naturalizatzeko jarduketa

Hori dela eta, trazadura berri bat egiten ari da URA,  aurreko tartearen ekialdean; horri esker, aire zabaleko ibilgu bat sortuko da, oso degradatuta dagoen ibai-tarte bat naturalizatzen da  eta okupazio urbanoak,  gutxienez, 5 metroko tartea gordeko du; alegia, Jabari Publiko Hidraulikoaren zortasuna.

Toloto errekaren zati berriak ezponda etzanak izango ditu. Ezpondaren oinarrian sahats-aldaxkak jarriko dira, eta ezpondaren goiko aldean zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira.

Obrek 21 m3/s-ko emaria husteko adinako ahalmen hidraulikoa sortuko dute (Toloto errekaren 100 urteko errepikatze-denbora), eta, hartara,  Ibaizabalen eskuinaldean dagoen Elorrioko hiriguneko uholde-arriskua nabarmen murriztuko dute (Toloto errekaren eta Ibaizabal ibaiaren ur-goraldiek eraginda).

Argazkiak: https://www.flickr.com/photos/uraagentzia/albums/72157711447476317

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak