Eu

San José euskal kooperatibak klima-aldaketaren aurkako borroka sustatzera eta borroka horren buru izatera animatu ditu.

2020.eko uztailak 03

Kooperatiben Nazioarteko Eguna izango da bihar eta, horren harira, María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak euskal kooperatibak klima-aldaketaren aurkako borroka sustatzera eta borroka horren buru izatera animatu ditu. “Kooperatibak eta klimaren aldeko ekintza” izango da nazioarteko egunaren lema. “Euskal kooperatibek elkarlanean oinarritzen diren ingurumen-programak abiarazteko abangoardian egon behar dute, ekonomia zirkularraren agente berritzaile izan behar dute, eta Europako Itun Berdearen eragile nagusi”.

1995etik Nazio Batuen eta Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (NKA) ekimenez uztaileko lehen larunbatean egiten den Kooperatiben Nazioarteko Egunaren prentsaurrekoan, honako hauek ere parte hartu dute: Patxi Olabarria Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidentea (CSCE-EKGK) eta Rosa Lavín Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidentea (KONFEKOOP).

Sailburuaren agerraldia:

Egun on eta eskerrik asko etortzeagatik.

Konfekopeko Presidente andrea, Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseiluko Presidente jauna, eta lagun guztioi egun on.

Nirekin ditut ROSA LAVÍN KONFEKOOP-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidentea eta PATXI OLABARRIA Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidentea.

Gaur ere, Kooperatiben Nazioarteko Egunean, efemeride hau ospatu nahi dugu, urtero bezala. Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak, 2020an, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin bat egitera animatzen gaitu.

1995etik, uztaileko lehen larunbat guztietan, Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatu dugu.

Eta, oraingoan, honako hau da lema: “Kooperatibak eta klimaren aldeko ekintza”.

Lema horren bidez, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak garapen jasangarrirako 13. zenbakiko helburua aztertu eta bultzatu nahi du: klimaren aldeko ekintzari buruzko helburua.

Kooperatibek klima-aldaketaren aurkako borrokan egin dezaketen ekarpenean jarri nahi da enfasia.

Eta Nazioarteko Aliantzak bere deialdian aipatu bezala, mundu osoko kooperatibek aukera aprobetxa dezakete eta aprobetxatu behar dute, eremu horretan duten lidergoa erakusteko eta arazo global horri aurre egiteko baliatzen dituzten balio kooperatiboak partekatzeko.

Euskadin, klima-aldaketaren aurkako borrokan etorkizuneko irtenbideen gaineko ezagutza handia batzen ari gara.

Kooperatiba asko aurrera egiten ari dira beren errealitateetara ekonomia zirkularreko estrategiak eta berrikuntzak aplikatzen.

Baina, oraindik, bide luzea dugu egiteko.

Euskal kooperatibek elkarlanean oinarritzen diren ingurumen-programak abiarazteko abangoardian egon behar dute, ekonomia zirkularraren agente berritzaile izan behar dute, eta Europako Itun Berdearen eragile nagusi.

Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen Sailaren bidez, 2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia jarri du abian eta, horren bidez, Euskadi Europan ekonomia zirkularraren eremuko eskualde erreferentea izatea dugu helburu.

Ibilbide-orri horren ondorioz, gure lurraldea lehiakorragoa eta jasangarriagoa izango da, eta ongizate handiagoa eskainiko digu bertan bizi garenoi.

Ekonomia zirkularrak diseinuagatik edo asmoagatik errestauratiboa den ekonomiari egiten dio erreferentzia.

Alegia, hondakinak ez sortzea du jomuga, baliabideen errendimendua optimizatzea eta materialen erabilgarritasuna areagotzea.

Ekonomia zirkularra berrikuntzarako eragilea da eta, ondorioz, balioa eta enplegua sortzekoa.

Jasangarritasuna eta baliabideen eta energia-iturrien aurrezpena bereizgarri dituen ekonomia- eta ekoizpen-eredua planteatzen digu.

Zirkular hitzak berak lehengaiek, baliabide naturalek eta ondasunek eta, oro har, gure egunerokotasuneko zerbitzuek duten bizi-zikloari egiten dio erreferentzia.

Ziurgabetasuneko sasoi hauetan, Covid-19aren pandemiak eragin duen inpaktu ikaragarria gorabehera, ez dugu ahaztu behar klima-aldaketaren inpaktua gizatasunak bizirauteko mehatxurik handiena dela.

Duela hilabete bakarrik, ekainaren 5ean, osasun-larrialdian bete-betean geundenean, Ingurumeneko Mundu Eguna ospatu genuen, aniztasun biologikoaren babesean oinarrituta, baina haren interesa garapen jasangarrirako helburuen osotasunera zabaltzen da.

Garapen jasangarrirako helburuak betetzeko dugun konpromisoa ez da aldatu, baina bai jarduteko urgentzia.

Garapen jasangarrirako 17 helburuak dagoeneko ez dira urrunera begira, etorkizunera, betetzeko dauden xedeen multzoa.

Guztiontzako mundu seguruagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa bermatzeko behar dugun gutxienekoa da.

Eta kooperatibismoan dauden garapen jasangarriaren ereduaren oinarriak.

Europako Itun Berdea da Europar Batasunak, jasangarritasunari dagokionez, iraultza zirkularra, digitala eta bidezkoa lortzeko duen ekonomia-hazkuntzaren eta lehiakortasunaren ibilbide-orri berria.

Horretarako, Itun Berdea produktuen, zerbitzuen eta ekoizpeneko prozesu operatiboen jasangarritasunean oinarritzen da, eta bi ideia argi uzten ditu.

Batetik, jasangarritasuna abantaila lehiakorren iturri dela.

Eta, bestetik, ingurune lokalenak protagonista izango direla eraldaketan.

Eusko Jaurlaritzak “Industria Ekobarometroa”ren sorrera sustatu du.

Azterlan sozial bat da, industria-jarduerak ingurumenari dagokionez duen posizionamenduari buruzkoa.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren eta ACLIMA ingurumeneko klusterraren elkarlanari esker, azterlana gizarte-ekonomiako enpresetara eta, bereziki, kooperatibetara zabaldu da.

Zer “ingurumen-sentikortasun” duten jakin nahi dugu eta, horretarako, Mondragón Unibertsitatea honako helburu hauek dituen proiektuan ari da lanean: sentikortasun-adierazleak identifikatzea, gizarte-ekonomiako erakundeen ingurumeneko jardunbide egokiak zehaztea eta diagnostikoa ezartzea.

Hainbat ekimenen artean, honako hau nabarmendu dezakegu: pasa den urtearen amaieran IHOBEren laguntza duten kooperatiben zeharkako talde batek abian jarri zuena.

Ingurumen-kudeaketako sozietate publikoak ekonomia zirkularrerako bidea hartzeko interesa duten enpresa kooperatiboen askotariko kolektibo horren gaiak eta zalantzak dinamizatzen laguntzen du; enpresa horien jarduerak hainbat izan daitezke, automobilgintza eta eraikuntza, besteak beste, bai eta makina-erreminta, automatizazioa, banaketa, ingeniaritza eta beste sektore batzuk ere.

Halaber, lehen sektorean, nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueraren jasangarritasunari buruzko Europako proiektuetan lanean ari diren kooperatibak ditugu.

Datozen urteotan karbono-aztarna murrizten joatea helburu duten ekintza-planekin.

Horiek dira adibideetako batzuk.

Orain, garrantzitsuena da gizarteari askoz ere adibide gehiago ematea.

Europako erakundeok eta administraziook klima-politika handi batekin dugu konpromisoa.

Gaur egungo helburua da berotegi-efektuko gasen emisioak % 40 murriztea 2030erako, 1990eko mailekin erkatuta.

Eta helburua da 2050erako karbonoa neutralizatzeko xedean aurrera egitea.

Duela orain urtebete, Europar Batasuneko liderrek Batzordeari eta herrialde kide guztiei eskatu zieten, Parisko Akordioarekin bat etorriz, klima aldetik neutrala den Europara igaroko dela bermatzeko.

Eta, gainera, dagoeneko, baditugu legean klimaren neutraltasunaren helburua ezarri duten zenbait herrialde.

Gure eremu lokalenetik eta sektorialetik, lehen esan dudan bezala, euskal kooperatibek ekonomia zirkularraren eragile berritzaile izan behar dute, abangoardian egon behar dute klima-aldaketaren aurkako borrokan.

Euskadiko gizarte-ekonomiak eredu izan behar du, eta Kooperatiben Nazioarteko Egun hau ekintzarako aukera bat da.

Gizartea aldatzeko beharraz ohartzeko, baten bat izan behar du eredu.

Euskal kooperatiba guztiek edo ia guztiek besteak beste 2030erako edo 2050erako karbono-aztarna neutroa edo zero hondakin lortzeko baterako helburuak iragartzea erabakiko balute, ziur nago xedeak bakarrik ezarrita Euskadi aldatuko genukeela. Egin dezagun aurrera, beraz, mundu kooperatibo berdeagoa izateko bidean, kooperatiba gehiago dituen Euskadiren alde; alegia, Euskadi berdeagoaren alde. Hori izan dadila Kooperatiben Nazioarteko Eguneko konpromisoa!!!

Eskerrik asko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2020.eko uztailak 06

    Promoviendo la colaboración en vez de conflictividad tratar siempre de sacar leña del árbol caído como que abundara la carroña

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidente Patxi Olabarria eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidente Rosa Lavín