Eu

Euskal Wikilarion Kultura Elkarteak gure herria hobeto ezagutzeko hainbat ekimen sustatu ditu Euskarazko Wikipedian, tartean ‘Euskal Herriko Bidaia Gida’ irekia

2020.eko uztailak 01
  • Gida horretaz aparte, argazki lehiaketa bat eta bisita zein ibilbideak egingo dituzte, uda honetan herritar gehienak ez direla urrutira joango aprobetxatuta.
  • Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskarazko Wikipedia hobetzeko sinatutako hitzarmenaren baitan kokatzen da ekimena.

 

Gasteiz, 2020/07/01       

Euskal Wikilarion Kultura Elkarteak gure herria hobeto ezagutzeko hainbat ekimen sustatu ditu Euskarazko Wikipedian. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin duen hitzarmena baliatuta, WikiBizi ekimena garatu du, hiru ardatz dituena: ‘Euskal Herriko Bidaia Gida’ irekia, gaur bertan hasiko den argazki lehiaketa bat eta, hirugarrenik, udan zehar egingo diren zuzeneko ekimenak (argazki ibilbideak, dokumentazio txangoak, bisitak museoetara…). “Uda hau berezia izango da, eta askok eta askok bere ingurua hobeto ezagutzeko baliatuko dutela uste dugu. Euskarazko Wikipediak horretan ere lagundu dezakeela uste dugu”, azaldu dute Euskal Wikilarion Kultura Elkartetik.

Covid 19ak sortutako egoeraren aurrean sortu da WikiBizi ekimena, Euskadi hobeto ezagutzeko gonbite gisa. “Covid-19ak gure mundua aldatu du, baita gure herria ere. Uda hau oso berezia izango da: bidaia gutxiago egingo dira atzerrira, ez da ia jairik egingo, gauzatuko den turismo eredua ezberdina izango da… Hortik sortu da WikiBizi”, azaldu dute Euskal Wikilarion Kultura Elkartetik.

Ekimen berri honen lehenengo urratsa ‘Euskal Herriko Bidaia Gida’ irekia sortzea izan da. Bidaia gida ireki horretan udalerri guztiak bildu dituzte eta iturri libreetan dauden oinez egiteko ibilbideak batu dituzte. “Nahi duen orok parte har dezake bere udalerriaren inguruko informazioa hobetzen (zer ikusi, nola mugitu, non jan...), baita ibilbideak sortzen edo dauden ibilbideen argazkiak egiten eta partekatzen ere”, azaldu dute. ‘Euskal Herriko Bidaia Gida’ bertan kontsultatu daiteke: eu.wikibooks.org/wiki/Euskal_Herriko_bidaia-gida

WikiBizi proiektuaren bigarren ardatza argazki lehiaketa izango da. Gaurtik hasi eta  irailaren 30era egingo da, eta hiru kategoriatan parte har daiteke: Natura, Ondarea eta Kultura. Lehenengoan, Euskal Wikilarion Kultura Elkartetik azaldu dutenez, Euskal Herriko naturari buruzko argazkiak bidal daitezke, baita aipatutako ibilbideetako naturarenak ere. Bigarrengoan, babestutako ondarearen argazkiak bilatzen dituzte, aurreko urteetan WikiLovesMonuments lehiaketan bezala, baina uda osoan zehar. Azkenik, hirugarrengoan, aurreko urteetako jaien, ondare immaterialaren eta, oro har, kulturarekin lotutako argazkien bila ari dira. Lehiaketaren inguruko informazio guztia esteka honetan kontsulta daiteke: wikibizi.eus

Azkenik, WikiBiziren azken ardatza udan zehar egingo diren zuzeneko ekimenak izango dira. Argazki ibilbideak, dokumentazio txangoak eta museoekin euren fondoen ezagutza bultzatzeko ekimenak egingo dituzte. Horien gaineko agenda osatzen ari dira oraindik ere.

Euskarazko Wikipedia

2001. urtean sortua, munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. 306 hizkuntzatan argitaratzen da eta 2003tik euskaraz ere argitaratzen da. Euskarazko Wikipediak 362.000 artikulu ditu gaur eta astegunetan 100.000 bistatik gora izaten ditu. Artikulu kopuruaren arabera, Euskarazko Wikipedia 31 postuan dago , malaysiera, turkiera eta armenieraren aurretik (29. postura ere heldu da tarteka). Era berean, artikulu garrantzitsuenen sakoneran lehenengo 40 Wikipedien artean ere badago. Euskarazko Wikipedia erreferentzia bilakatu da munduko hainbat hizkuntza ez-hegemonikorentzat, eta hainbat gaitan aitzindaria da, tartean artikuluen kalitate neurketa automatikoan, Wikidataren erabileran edo hezkuntza proiektuetan, Txikipedia bezalako haur entziklopediari esker.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu zuen 2017an Euskal Wikilarion Kultura Elkartearekin, Euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko asmoz. Akordio horri esker, Euskarazko Wikipediak kalitatezko jauzi garrantzitsua egin du; WikiBizi esparru horretan garatzen diren ekimen ugarietako bat da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak