Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Euskadiko iragaitzazko migratzaileen harrera-zentroak covid-19-aren osasun-neurrietara egokitu dira

2020-07-01
  • Europar Batasunean mugitzeko abian jarri den malgutasunak Euskadin iragaitzazko migratzaile-kopuruak gora egitea ekar dezake urteko bigarren seihilekoan
  • Jarduteko hiru egoera aurreikusi dira, eskariaren arabera, eta 400 plaza ere gaitu daitezke, salbuespenezko egoera batean
  • Euskal erakundeek uztaileko erdialdetik hasita etor litezkeen migratzaile berrien aurreikuspena eginda, abian jarri dituzte errekurtso ezberdinak
  • Osasun-krisia honek aurten migratzaile-zentroetako erabiltzaileak era zehatzago batetan identifikatzera behartzen gaitu, haien mugimenduen trazabilitatea bermatu eta egon daitezkeen kutsadurak ekiditeko
  • Artolazabal sailburuak Migrazioen Estatu Idazkariarekin harremanak izan ditu azken egun hauetan erakundeen arteko jarduna koordinatzeko asmoz

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 01a

Aurtengo lehen bost hiletan, Espainiako Estatura 2019an iritsi zen migratzaile-kopurua baino % 31 gutxiago iritsi dira. Murrizketa horrek alarma-egoerak eragin du, bai eta herritarren mugikortasuna ahalik eta gehien mugatu zuen mugen itxierak ere. Hala ere, uztaileko bigarren hamabostalditik hasita, Europar Batasuneko herrialdeetan hamabost herrialdetako herritarrak berriz ere sartzea espero da, besteak beste, honako herrialde hauetakoak: Maroko, Aljeria, Tunisia eta Ruanda, eta horrekin, iragaitzazko migratzaile gehiagoren etorrera ere aurreikusten da.

Nahiz eta aurten Euskadira iritsiko diren iragaitzazko migratzaileen kopurua aurreikusterik ez dagoen, Eusko Jaurlaritzak eta Gurutze Gorriak kalkulatzen dute aurtengo bigarren seihilekotik aurrera migratzaile-kopurua handitu egin daitekeela, herrialdeen artean mugitzeko askatasun handiagoa dagoelako. Euskadira Estatuko hegoaldeko kostetatik iristen diren iragaitzazko migratzaileei arreta emateko, abian da duela urte batzuetatik Kontingentzia Plana; aurten, berrikusi egin da plana, covid-19aren eraginagatik.

Azken egunotan Migrazioen Estatu Idazkaria den Hana Jalloul-ekin hartu-emanak estutu ondoren, Eusko Jaurlaritzak jada topaketak izan ditu beste euskal erakundeekin, Udal eta Foru Aldundietako ordezkariekin alegia. Haiekin, 2018ko urtean abian jarri ziren neurriak berraztertu dira, Covid-19ak sortu dituen baldintza berrietara egokitzeko asmoz.

Gurutze Gorriak landu egin duen Kontingentzia Plan horren berrikuspenean, jarduteko hiru egoera aurreikusi dira, une jakinetan egun berean 100 eta 400 pertsona bitartean hartzeko.

Aurreikusi den lehen egoeran, iazko iragate-fluxuak aurreikusi dira, ehun pertsonakoak egun bakar batean. Irungo, Bilboko, Gasteizko, Oñatiko eta Berrizko aterpeek normalitate berrira egokitu beharko dituzte eskaintzen dituzten plazak, osasun segurtasuna bermatuz, bereziki arrisku gehien edo ahultasun egoera larrienean datozen pertsonak artatuz.

Bigarren egoeran, fluxuak bikoiztu egin daitezke, 2019koen aldean, eta, unean-unean, une gorenetan, egun batean 200 pertsona erregistra litezke. Une honetan, Gipuzkoan beste aterpe bat martxan jartzea aztertzen ari da.

Azkenik, hirugarren egoera salbuespenezkoa da, eta, bertan, 400 pertsonari eman ahalko zaie arreta egun bakarrean; horretarako, abian diren baliabideei eutsiko zaie, eta premiazko instalazioak irekiko dira hiru euskal lurraldeetan.

Egoera berriari moldatuz

Horretarako sortu diren aterpeetan gaua ematen duten pertsonei Gurutze Gorriko langileek ematen diete arreta. Onarpen-izapidean, migratzaileek honako zerbitzu hauek jasotzen dituzte: osasun-egoeraren berrikuspena, balorazio-elkarrizketa, aterpeari eta eskaintzen zaien asistentzia motari buruzko informazioa, telefono-kargagailuak, wifi gunea, familiartekoei deiak egiteko laguntza eta lehen mokadua.

Orain, osasun-krisia dela eta, erabiltzaileak, aurten, era zehatzago batetan identifikatu egin beharko dira, zentroan sartu nahi dutenen mugimenduen trazabilitatea bermatzeko eta, horrela, egon daitezkeen kutsadurak ekiditeko. Aterpeetan hartzen diren pertsonek honako zerbitzu hauek jasoko dituzte: gaua ematea, gosariak, bazkariak, afariak, farmaziako gastuak medikuaren preskripzioarekin, arropak, norbere garbitasuna eta elkarrizketetarako eta banako laguntzarako profesionalen arreta.

Era berean, kutsadurarik egon ez dadin, orain, une oro, eskuen higiene-neurriak betetzen ari dira, eta maskara erabiltzera derrigortzen da, segurtasun-distantzia gorde ezin den kasuetan eta beti eremu komunetan. Modu berean, aldian behin tenperatura-kontrolak egiten ari dira, eta baliabide guztietan gaitu da eskuen higiene-materiala, zentrora sartzeko gunean eta barruko zenbait gunetan.

Halaber, paperezko zapiak jarri dira, arnasketa-higienerako, eta tapadun ontziak edo ixten diren plastikozko poltsak. Segurtasun-distantzia dela eta, Osakidetzaren gomendioen berri eman nahi dizuegu; espazio komunetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako kartelak jarri dira, ikusteko moduan, zenbait hizkuntzatan, kutsaduratik nola babestu jakiteko.

Azkenik, zentroen barruan, Gurutze Gorriak espazioak gaitu ditu; haietan, arreta eman dakieke sintomak dituzten erabiltzaileei, eta erabiltzaileak ahalik eta espazio gutxienera sartzeko ahalegina egingo da, kutsatzeko aukerak murrizteko.

Asmo bikoitza duten neurriak: iragaitzazko migratzaileak babestea, eta egon daitezkeen agerraldiak saihestea, besteak beste Malagako harrera-zentroan gertatu dena. Halaber, Gurutze Gorriko langileak ere babestea.

2019an, iragaitzazko migratzaileentzako euskal aterpeen sarean 4.244 pertsonari eman zitzaien arreta, guztira, eta, haietatik, % 82ri Irungo zentroan eman zitzaien arreta, eta, gainerakoei, Bilboko zentroan. Urtarrilean erregistratu zen iritsiera gehien, eta orduan eman zitzaion pertsona-kopuru handienari arreta. Hartutako pertsonen % 95ek beren bidaiarekin jarraitu zuten, Euskadiko egonaldiko lehen bost egunak igaro aurretik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)