Eu

Euskadik Aragoiri eskualdatu dio EBko Enpleguko eta Gizarte Politiketako Ministroen Kontseilu –EPSCO– aurreko ordezkaritza autonomikoa

2020.eko ekainak 30
  • Euskadik, Kroaziako presidentetzarekin, lehen seihilekoan hainbat topaketatan parte hartu du, eta Europako gizarte-trantsizioaren, demografiaren eta iraupen luzeko zaintzen arloetako hiru jarrera erkideen oinarriak prestatu ditu.
  • Aragoik seihileko ordezkaritza izango du, Alemaniako presidentetzarekin

Brusela/Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 30a

Gaur, asteartean, amaitu egiten da Euskadik EBko Enpleguko eta Gizarte Politiketako Ministroen Kontseilu –EPSCO– aurrean 2020ko lehen seihilekoan izan duen ordezkaritza. Aurrerantzean, eginkizun hori Aragoik bete beharko du. Hil hauetan, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak EPSCOren inguruan eta haren lantaldeetan sortu diren informazio, datu eta aurreikuspenak batu ditu, eta gainerako autonomiei bidali dizkie.

“Zoritxarrez, covid-19aren pandemiak seihileko aldi honen agendan, garapenean eta aurreikuspenean izan du eragina, eta, hala, eten egin behar izan dira aurrez aurreko kontseiluak, eta etengabe nahastu dira aurreikusitako egutegiak eta jarduketak. Bereziki, ordezkaritza autonomikoaren presentzia fisikoa ezinezkoa izan da, Bruselan eta Luxenburgon aurreikusitako EPSCO kontseiluak bertan behera geratu behar izan baitira. Hala ere, autonomien presentzia “ikusaraztea” lortu dugu eta, hala, enpleguko eta gizarte-politiketako Europako 27 ministroen azken topaketan parte hartu dugu, bideokonferentzia bidez, Estatuko Gobernuko bigarren presidenteordearekin eta Lan ministroarekin batera”, esan du Beatriz Artolazabal sailburuak.

“Gainera, hiru “jarrera erkide” aurkeztu ditugu, autonomia-erkidegoek adostuak, eta, hala, zenbait ikuspuntu eman ditugu, betiere Gizarte Eskubideen Europako Zutabean oinarrituta; ikuspuntu horiek ekarpen gisa aurkeztu ditugu enpleguaren, gizarte-politiken, demografiaren eta zahartzearen arloetan Batasun osoan herrialde, eskualde eta estatuek egiten dugun kudeaketarako”, esan du Artolazabalek, gainerako autonomia- eta ministerio-ordezkariei amaierako balantzea aurkeztean.

Artolazabalen iritziz, “tokiko, eskualdeko eta estatuz azpiko administrazioen gizarte- eta enplegu-gaiekiko hurbiltasunak kudeaketa hobea bermatzen du lan-arlo horretan. Hori dela eta, nire ustez, Europako autonomia eta eskualdeak estatuekin batera izatea oso garrantzitsua da”.

“Aragoiko ordezkaritzari, bigarren seihileko honetarako eta Alemaniako presidentetzarekin batera, kudeaketa dinamikoa eta eraginkorra opa diot, covid-19aren ondorioak gainditzen joango garelakoan. Guztion artean etorkizun hurbilean Europar Batasuna izango denaren oinarri aurreratuak, jasangarriak eta zuhurrak sortzen ari gara”, esan du Beatriz Artolazabalek.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Santiago Rodríguez