Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak hiru laguntza onartu ditu, 460.000 euroko aurrekontuarekin, Euskadin Kultura eta Sormen Industriak bultzatzeko (Gobernu Bilera 2020-06-30)

2020.eko ekainak 30
  • Diru-laguntzetako bi berrikuntza teknologikoaren ardatza garatzeko dira, KSI Berritzaile programaren barruan; hirugarrenak musikoterapiaren balioa ikertu nahi du

Eusko Jaurlaritzak 460.000 euro onartu ditu, gaurko Gobernu Kontseiluan, Kultura eta Sormen Industriak bultzatzeko proiektuetara zuzendurik. Diru-kopuru hori hiru diru-laguntzen bidez bideratuko da. Lehenengoa, 260.000 eurokoa, Tecnaliarentzat izango da, KSI Berritzaile programaren berrikuntza teknologikoaren ardatza garatzeko. Bigarren laguntza, 160.000 eurokoa, Vicomtech enpresarentzat izango da, eta programa berean berrikuntza teknologikoaren ardatza garatzen lagunduko du. Hirugarrenik, 40.000 euro bideratuko dira 'Do, Re, Ni' proiektura, "Musikoterapia-metodoaren baliozkotasunaren eta garrantziaren erakustaldi zientifikoa" egiteko, hau ere KSIen esparruarekin lotuta.

KSI Berritzaile programa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskadin Kultura eta Sormen Industrien esparrua bultzatzeko duen proiektu nagusietako bat da. KSI Berritzaile programaren helburua da Euskadiko KSIen eremuko enpresekin lankidetzan aritzea, proiektu berrietarako aukera-gunek sortu eta garatzeko, hiru jarduera-ardatzetan: berrikuntza teknologikoa, antolaketa-ereduaren berrikuntza eta enpresen finantza-gaikuntza. Tecnalia eta Vicomtech ardatz horietako lehena garatzen arituko dira.

Musikoterapia

Garuna estimulatzeko Do, Re, Ni elkartearentzako 40.000 euroko diru-laguntzaren helburua da 'Do Re Ni musikoterapia-metodoak hirugarren adinekoen Gipuzkoako gizartean duen baliozkotasunaren eta garrantziaren erakustaldi zientifikoa' proiektua garatzen laguntzea. Ekimen hau kulturaren eta estimulazio neuro-kognitiboaren arloko jardunbide egokien eredu gisa babestea da helburua; komunitateari zerbitzu soziosanitarioak eskaintzen dizkioten enpresen lehiakortasuna eta kalitatea handitzea du xede.

Proiektuak "prozesuak hobetzeko eta teknologikoki aurreratuak diren eta balio erantsi handiagoa duten produktuak eta zerbitzuak sortzeko (I+ d+ i) ezagutzak, teknologiak eta berrikuntzak sortzen eta txertatzen dituen ikerketa zientifikoa" garatzea proposatzen du. Programak jarduerak eta ikerketa egin nahi ditu ingurune zientifiko batean, neurketa kognitibo, psikiatriko eta osasun-neurketa fidagarri eta kontrastatuekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ikuspegitik, proiektu hau ekarpen garrantzitsua da Euskadiko KSIen sektorea garatzeko eta berritzeko.

Eusko Jaurlaritza Kultura eta Sormen Industriak bultzatzera bideratutako hainbat proiektu garatzen ari da azken urteotan. KSIen ikuspegi honek sormenari lotutako diziplinak txertatzen ditu kulturaren esparruan, tradizioz kulturaren ertzetan kokatuak izan diren alorrak (diseinua, arkitektura, moda, ikus-entzunezkoak, hizkuntzaren industriak edo bideojokoak), kulturara hurbilduz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko