Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Ingurumen Sailak Verter Recycling enpresari baimena eman dio 1. segurtasun-biltegia zabaltzeko 2. biltegiaren ordez (Gobernu Bilera 2020-06-30)

2020-06-30
  •   Irtenbide horrek bilaketa- eta egonkortze-lanen jarraipena ziurtatzen du, eta guztira 804.000 metro kubikoko edukiera du
  •  DS1aren goialdean eraikiko dute zabalkuntza, eta, horrek bidea emango du hondakinak zabortegiaren esparruaren barruan lekualdatzeko

Gobernu Kontseiluak, gaurko bilkuran, oniritzia eman dio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolaren 35/2020 Dekretua aldatzeari. Horren bidez, baimendu egiten da 1. segurtasun-biltegia (DS1) handitzeko Verter Recycling 2002 SLk aurkeztutako proposamena, proiektatutako 2. segurtasun-biltegia eraiki ordez; Zaldibarko zabortegia egonkortzeko lanetan ateratako hondakinak hartzeko eta joan den otsailaren 6an izandako lerraduraren ondorioz lurperatutako bi beharginenak bilatzeko jarduketen barruan.

Horrela, partzialki baiesten da zabortegiaren jabe den enpresak martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren aurka aurkeztutako berraztertze-errekurtsoa. Dekretu horren bidez, istripua izan zen instalazioaren inguruan segurtasun-biltegiak (DS1 eta DS2) presaz egikaritzea onartu zen, Ingurumen Sailak baztertu ondoren Verter enpresak bigarren zeldaren ordez proposatutako beste irtenbide batzuk. DS2 biltegia zabortegiaren goialdeko lurretan zegoen proiektatuta, 160.000 metro kubikoko edukierarekin.

Azkenean Verter Recycling-i baimendutako aukera 1. segurtasun-biltegia handitzea da (haren okupazioa agortzear baitago), aldamenean zelda bat eraikita Motia mendiaren magalean dauden bi ibarbide txikiren gainean. Horiek 68.555 metro karratuko azalera hartzen dute. Geotekniari eta hidrologiari buruzko azterketa teknikoen arabera, egokia da biltegi berria hartzeko kokalekua. Izan ere, datu onuragarri gisa, guztira 804.000 metro kubiko har litzake eta hainbat fasetan egikarituko litzateke.

Biltegiratze-edukiera handiagoa

Ingurumen Sailaren iritziz, “funtsezko aldagaia da Ingurumen Baimen Integratuaren esparruko kokalekuaren egokitasuna, ingurumen-inpaktu txikia eta epe ertainean induskatu eta mobilizatzen jarraituko diren hondakin lerratuak hartzeko edukera handiagoa”, aurrez aurreikusitakoa aldatzea onartzeko, atzo onartutako dekretuaren aldaketan jasotzen denez. Beste faktore batzuk ere kontuan izan dira, hala nola eraginpeko lursail gehienak zabortegiaren parte direla eta instalazioaren barrutik irisgarriak direla, herriguneetako eremuak zeharkatu behar ez izateko.  Izan ere, ekialdeko ibarrean 182.000 metro kubikoko aldi baterako metaketa dago, zabortegiko ontziaren indusketatik datorrena eta etorkizunean zigilatzeko erreserbatuta zegoena.

Biltegi berria eraikitzeko aurreikusitako epea 20 hilabetekoa da, obrak hasten direnetik ixten diren arte, baina faseka egikaritzea aurreikusita dago. Horrela, hasi eta hilabete pasatxoan, 1. fasea 215.000 m³ inguruko kalkulatutako edukierarekin erabiltzen has liteke. Horrela, ziurtatu egingo da zabortegian lurperatutako bi langileak, Alberto Sololuze eta Joaquín Beltrán, bilatzeko eta isurketak egonkortzeko egiten ari diren presazko lanen jarraipena, DS1 biltegiaren edukiera agortzen bada ere.

Proiektuak 120 metroko luzera, 20 metroko altuera eta gailurrean 8 metroko zabalera duen euste-dike bat eraikitzea aurreikusten du bi ibarbideen behealdean, harrobiko harbetako nukleo batekin, eta 53.500 metro kubiko material erabiliko dira bertan. DS1 biltegia handitzeko Verter enpresak aurkeztutako proiektuaren kostu zenbatetsia 13,4 milioi eurokoa da, eta gehienbat induskatu eta lurrak mugitzera eta ontzia iragazgaiztera bideratuta dago.

Erremediatzeko marjina

140.000 metro kubikoko 1. segurtasun-biltegia eskura izateak eta orain onartutako handitzeak bide emango dute 950.000 metro kubiko inguru biltegiratu ahal izateko: otsailaren 6an lerratu ziren hondakinen bolumenetik oso gertu dagoen kantitatea. Edukiera horrek nahikoa marjina eskaintzen du, ez bakarrik presazko lanetan orain ateratako hondakinak pilatzeko, baizik eta enpresa jabeak zabortegia behin betiko egonkortzeko eta erremediatzeko lanei ekin ahal izateko ere (lan horiek Ingurumen Administrazioari proposatu behar dizkio).   

Gogoratu behar da martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuan Ingurumen Sailak erabaki zuela segurtasun-biltegiak zuzenean eta modu subsidiarioan egikaritzea, “Zaldibarko zabortegiaren irristatzeak eragindako urgentzia atzeraezineko egoeraren aurrean” eta enpresa jabeak ezbeharraren ondoren agindutako behin-behineko prebentzio- eta zuzenketa-neurriei ekiteko gaitasunik ez zuela adierazi ondoren. Indarrean dagoen ingurumen-araudiak ezartzen duenez, jarduera ekonomiko horien operadoreak “behartuta daude ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartzera eta betearaztera, eta horien kostuak ordaintzera, zenbatekoa edozein dela ere, horien erantzuleak direnean”.

Hori dela eta, martxoaren 4an Verter Recycling-en aurka ingurumen-erantzukizuna eskatzeko espedientea hastea erabaki zen, Zaldibarko zabortegian otsailaren 6an eta ondorengo egunetan izandako gertakarien ondorioz sortutako kalteengatik, Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legeak ezartzen duenaren arabera.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko