Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Eusko Jaurlaritzak 1,15 milioi euroko zuzeneko dirulaguntza eman dio Novia Salcedo Fundazioari, 'REACTIVAte’ programa abian jartzeko (Gobernu Bilera 2020-06-30)

2020-06-30
  • Horren bidez, ikasturte honetan ikasketak amaitzen dituzten 10.000 gazte gradudunetatik 1.000 baino gehiagori lehen enplegurako aukera ematea du helburu

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eskatuta, Gobernu Kontseiluak, gaur, onetsi egin du Novia Salcedo fundazioari 1.150.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea, Novia Salcedo fundazioak egingo duen giza gazte kapitala sartzeko ReACTIVAte programa finantzatzeko.

Ekimen horren helburuek aurreikusten dute gutxienez ordaindutako 200 beka sortzea berehala, lanez bestelakoak, bai eta lehen enplegua izateko aukera ematea ere, urtea amaitu aurretik, ikasturte honetan ikasketak amaitzen dituzten 10.000 gradudunetatik 1.000 gazte baino gehiagori.

“Etorkizuneko gizartearen funtsezko eragilea sustatu behar dugu: gazteak”, esan du Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako titularrak.

Programa

Novia Salcedoren ReACTIVAte programak gradudun berrien eta euskal enpresen arteko lotura sustatzea aurreikusten du eta, hala, hurrengo ikasturtea baino lehen, fundazioaren konpainia laguntzaileekin batera, gutxienez 200 prestakuntza-beka sortzea, ordainduak, arautuak eta lanez bestelakoak, gazteek esperientzia praktiko kualifikatua berenganatzeko, bereziki merkatuak sortzen diren enpleguetarako eskatzen dituen arloetan: ekonomia zirkularra, arkitektura jasangarria, efizientzia energetikoa, kudeaketa aurreratuko ereduak, kudeaketa-sistema integratuak, kultura eta negozio-ekipoak, enplegu sozio-komunitarioa, logistika eta bioteknologia eta biokimika.

Programa horietan parte hartzeko, gazteek honako eskakizun hauek bete behar dituzte: unibertsitate-tituludunak izatea, lanbide-heziketakoak edo doktoregaiak, langabezian edo enplegu-hobekuntzan egotea, eta COVID19aren pandemiaren ondorioz praktikak egiteko aukera gabe geratu diren azken urteko ikasleak; arreta berezia eskainiko zaio genero-ikuspegiari, krisialdiak emakumeekiko desberdintasuna larriagotu ez dezan.

Bekek 4 hilabete iraungo dute, gutxienez, eta 6, gehienez, 7 orduko lanaldi osoan, eta, hilean, 776 euroko zuzkidura gordina izango dute. NSFko lanez kanpoko enpresa-praktikak hiru aldeen arteko –gaztea, fundazioa eta enpresa– hitzarmen baten bidez arautzen dira, eta hitzarmen horrek haren erabilera arautu eta erabileran segurtasun eta gardentasun osoa bermatzen ditu: zer eginkizun bete daitezkeen, zer babes duen gazteak, zenbat ordu, non, aseguruak etab. Espainiako legeria betetzen dute (2011 ED), Europar Batasunaren gomendioak betetzen dituzte eta, besteak beste, Gazteriaren Euskal Kontseiluak eta LANEk ziurtatzen dituzte.

Enpresek, hala, lanbide-profil lehiakorrak eta prestatuak izango dituzte, lan-merkatuko eskari eta joerei erantzuten laguntzeko. Novia Salcedok proiektuak landuko ditu beraiekin, plan trinkoen bidez eta behar den gaztearen profilerako lanbide-interesarekin, eta konpromisoa hartuko du helburuen bilakaeraren eta amaierako ebaluazioaren tutoretza egiteko. Enpresako egonaldian, Novia Salcedok segimendu-sistema ezarriko du bekadunarentzat eta konpainiako tutorearentzat.

Bekaren aurretik, zeharkako gaitasunen inguruko prestakuntza derrigorra izango da, 16 orduko programa eta funtsean ikuspegi praktikoa eta autozuzendua duena, Problem Based Learning (PBL) metodologia oinarri duena, teoriaren eta praktikaren arteko oreka aurkitzeko, eta tresna digitalak erabiltzen dituena.

Hautatzen diren gazteak enpresa laguntzaileetan sartzen joango dira, Novia Salcedo proiektuak ixten joan ahala, abuztuaren amaierarako gazte guztiak dagokien enpresan egon daitezen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko