Berriak Herrizaingoa
Eu

Barne Ministerioak eta EAEko, Kataluniako eta Nafarroako autonomia erkidegoetako gobernuek terrorismoaren aurkako koordinazioa indartu dute

2011.eko maiatzak 26

Lankidetza protokoloa sinatu dute gaur goizean Terrorismoaren Aurrean Babesteko eta Prebentziorako Planeko neurriak betetzeko

Barne Ministerioak eta EAEko Herrizaingo Sailak eta Kataluniako eta Nafarroako Barne Kontseilaritzak protokoloa sinatu dute estatu osoan Terrorismoaren Aurrean Babesteko eta Prebentziorako Planean jasotako neurriak bateratzeko. Segurtasun alorrean eskumenak dituzten hiru erkidegoek alerta mailen inguruko informazioa jasoko dute eta maila bakoitzari dagozkion segurtasun neurriak ezarriko dituzte.

Alfredo Pérez Rubalcaba Gobernuko lehen presidenteorde eta Barne ministroak, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak eta Felip Puig Kataluniako Generalitateko barne kontseilariak eta Javier Caballero Martínez Nafarroako Gobernuko jarduneko lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak lankidetza protokoloa sinatu dute gaur Terrorismoaren Aurrean Babesteko eta Prebentziorako Planeko neurriak betetzeko. Akordioa honek terrorismoaren aurkako borrokan Barne Ministerioaren eta segurtasunaren alorrean eskumenak dituzten erkidegoen arteko lankidetza indartuko du.

Partekatutako informazioa, segurtasun neurri bateratuak

Akordioaren helburu nagusia estatu osoan Terrorismoaren Aurrean Babesteko eta Prebentziorako Planean jasotako neurriak koordinatu eta bateratzea da. Plana 2005eko martxoaren 31n onetsi zuen Aginte Bateraturako Gobernu Batzordeak (CEMU) eta 2009ko uztailaren 2an eguneratu Segurtasun Estatu Idazkaritzak nazioarteko estandarretara egokitzeko.

Protokoloa sinatuta, autonomia erkidegoetako gobernuek, dituzten eskumenak baliatuz, Terrorismoaren Aurrean Babesteko eta Prebentziorako Planean jasotako maila bakoitzari dagozkion segurtasun neurriak aplikatuko dituztela adostu dute, Barne Ministerioak aktibatzen dituenean.

Horretarako, Barne Ministerioak, Segurtasun Estatuko Idazkaritzaren bidez, hitzarmena sinatu duten Barne Departamentuekin Terrorismoaren Aurrean Babesteko eta Prebentziorako Planean jasotako arrisku mailetan ematen diren aldaketen inguruko informazioa etengabe trukatzeko mekanismoa ezarriko du.

Mehatxu mailak

Planak aktibatzeko lau maila ezartzen ditu, eta mehatxu terroristen mailekin bat datoz (ertaina, atentatu terrorista gertatzeko arriskua, 1. maila; altua, atentatu terrorista gertatzeko aukera, 2. maila; oso altua, atentatu terrorista gertatzeko aukera handia, 3. maila; muturrekoa, atentatu terrorista gertu egoteko arriskua, 4. maila). Gainera, maila horietako bakoitzak bi intentsitate maila ditu (altua edo baxua), aurreikusi diren neurriak erabat edo neurri batean burutu daitezen. Segurtasun Estatuko idazkaria arduratuko da maila horietako bakoitza aktibatzeaz; intentsitatea, aldiz, Poliziako eta Guardia Zibileko zuzendari nagusiak ezarriko dute informazio operatiboaren arabera.

Mailek mehatxuaren araberako zaintza zein prebentzio eta disuasio jarduerak ezartzen dituzte eta segurtasun pribatuko zerbitzuekin (1. maila) eta indar armatuekin izan beharreko lankidetza jasotzen dute. Horiei 3. mailan esku-hartzeko ohartaraziko zaie eta burutu behar duten lankidetza 4. mailan ezartzen da. Muturreko mailan (4), Laguntzarako Polizia Taldea ere aktibatuko da eraso terrorista handiak gertatzen direnean; azken hori 2005ean eratu zen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko