Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

LANBIDEK sei milioi euro bideratu ditu enplegu-zentro berezietako eta laneratzeko enpresetako lanpostuak mantentzera (Gobernu Bilera 2020-06-30)

2020.eko ekainak 30
  • Hala, Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzak bi kolektiboetako inklusio-kota altuei eustea dute helburu
  • Lanbidek langabeziagatiko prestazioen osagarria edo aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoa lagunduko du diruz

Beatriz Artolazabal Eusko Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Gobernu Kontseiluari, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren akordioaren berri eman dio; haren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoeraren adierazpenaren ondorioz jarduerak eten edo murriztu behar izan dituzten laneratzeko enpresentzako eta enplegu-zentro berezietako aparteko laguntzen deialdia onetsi da. Lanbidek 6 milioi euro bideratuko ditu horretara.

Hala, alarma-egoeraren adierazpenaren eraginpean dauden laneratzeko enpresentzako eta enplegu-zentro berezietako aparteko laguntzak onetsi dira. Laguntza horien helburua da, ahal den neurrian, desgaitasuna duten pertsonek eta/edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonek betetzen dituzten postuak mantentzen laguntzea, eta, hala, erakunde horiek beren jarduera behin betiko etetera bultzatuta sentitzeko aukera murriztea; izan ere, jarduerak erabat edo zati batean etenez gero edo jarduera murriztuz gero, erakunde horietako askok, beharbada, ezingo dituzte beren lanpostu guztiak mantendu.

“Neurri horren bidez, enplegu-zentro bereziek eta laneratzeko enpresek Euskadin dituzten inklusio-kota altuei eusten laguntzen dute Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzak”, esan du Artolazabalek. “Erakunde horiek zenbait kolektiboren diskriminazio positiboa egiten dute. Desgaitasuna duten pertsonak edo bazterketa-arriskuan daudenak dira; kolektibo erabat kalteberak”.

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila etengabe ari da honako elkarte hauekin elkarlanean: EHLABE (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea), desgaitasuna duten pertsonen gizarte- eta lan-inklusioa sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeen euskal elkartea; Gizatea, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea, eta Berezilan, Enplegu Zentro Berezien Enpresa Elkartea. Hori dela eta, Artolazabal sailburuak geldialdi ekonomikoak enplegu-zentro berezietan eta laneratzeko enpresetan eragin ditzakeen ondorioen gaineko “kezka” adierazi du, “zentro eta enpresa horiek funtsezkoak baitira desgaitasuna duten pertsonen eta gizarte-bazterketa egoeran daudenen inklusioa bermatzeko”.

Soldata-osagarria

Deialdi honen bidez, Lanbidek diruz lagunduko ditu laneratzeko enpresek eta enplegu-zentro bereziek beren plantilletako langileei, langabeziagatiko prestazioen osagarri gisa edo aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomiko gisa, hileko nominetan ordaindu dizkieten soldata ordainsarien araberako soldata-kostuak.

Laguntzaren zenbatekoa, gehienez, 475 eurokoa izango da hilean, lanaldi osoan kontratatutako pertsona bakoitzeko. Denbora partzialeko kontratuaren eta/edo errendimendu txikiko kontratuaren kasuan, eta lanaldi-murrizketaren kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2020.eko uztailak 01

    felicitar a la señora Beatriz Artolazabal, por aportar 6 millones de euros al consejo nacional de Lanbide, para aportar a los centros especiales de empleo-como complemento a las prestaciones de empleo y políticas sociales-en la situación sanitaria, através de Elhabe,(Euskal Herriko lan babestuarem elkartea) para personas con alguna discapacidad y que necesiten trabajar- atentamente-
    Leónidas Guerra Urcuyo

Komunikabideek behera kargatzeko