Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak online datuak trukatuko dituzte, herritarren administrazio-izapideak sinplifikatzeko (Gobernu Bilera 2020-06-30)

2020.eko ekainak 30
  • Gaur onetsitako akordioaren bidez, herritarrek ez dituzte aurkeztu behar izango dagoeneko administrazio publikoen esku dauden datuak eta dokumentazioa
  • Administrazioek kostuak eta espazioak aurreztuko dituzte, eta haren eraginkortasuna eta informazioaren kalitatea hobetuko dituzte
  • Euskadi lider da administrazioen arteko online informazioaren trukean; 2019an, 11,9 online transmisio egin dira

Gobernu Kontseiluak, gaur ,lankidetza-hitzarmena onetsi du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artekoa, elkarri administrazio elektronikoko oinarrizko soluzioen prestazioa emateko. Bizkaiko Foru Aldundiak, hala, bat egin du Arabako eta Gipuzkoa foru-aldundiekin; haiek elkarreragingarritasun-akordioak sinatu zituzten, 2018ko abenduan.

Bi administrazioek konpromisoa hartu dute, horrela, elkarreragingarritasunerako bide ematen duten lineako zerbitzuak emateko, alegia, informazioa, datuak eta zerbitzu elektronikoak trukatzeko. Akordioak dakar jauzi kualitatiboa ematea erakundeen arteko lankidetzan, herritarren eta administrazio publikoen arteko harremana errazteko eta sinplifikatzeko. Hala, herritarrek ez dute administrazio batetik bestera ibili behar izango, dagoeneko administrazio publikoen esku dauden datuak eta paperezko dokumentazioa aurkezteko.

Erabiliko den elkarreragingarritasun-sistemaren bidez, ziurtagiriak edo paperezko beste egiaztagiri batzuk ordezkatuko dira, eta, haien ordez, datuen transmisio elektronikoak egingo dira, eta horrek ziurtatu egingo ditu trukatutako informazioaren benekotasun-, osotasun-, isilpekotasun-, disponibilidade- eta kontserbazio-baldintzak.

Gaur onetsitako akordioaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak datuak partekatzen dituen plataformen sarearekin bat egingo du. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak honako oinarrizko aplikazio hauek partekatuko dituzte, besteak beste:

  • Euskal Sarea, euskal administrazio publikoen komunikazio-sarea.
  • IZENPE, sinadura elektroniko aurreratuko zerbitzuak, besteak beste euskal agentziaren identifikazioko, autentifikazioko eta sinadura elektronikoko baliabideak.
  • NISAE, Euskadiko administrazioen segurtasunerako eta elkarreragingarritasunerako nodoa (NISAE).
  • Ordainketa Pasabidea, edozein izapide mota segurtasunez eta erraz ordaintzeko.
  • Euskadiko herritarren karpeta, euskal administrazio publikoen herritarren informazio- eta tramitazio-zerbitzuen elkarreragingarritasuna).
  • Euskal administrazio publikoen Kontratazio Elektronikoko Plataforma.

Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-akordioak 4 urteko indarraldia du, eta aldi hori beste lau urtera arte ere luza daiteke, eta ez dakar alde batentzat ere kontraprestazio ekonomikorik.  

HERRITARRENTZAKO ONURAK 

  • Herritarrentzako zerbitzua hobetzen du: administrazioen arteko lankidetzaren ondorioz.
  • Administrazioen sistemen artean informazioa trukatzea. Helburua da herritarrek erakundeen artean noraezean ibili behar ez izatea, dela batek emandako dokumentuak beste batean aurkeztu behar izateko, dela administrazio desberdinetan eskabideak eta idatziak izapidetu behar dituztelako.
  • Izapideak eta administrazio-prozedurak sinplifikatzea. Murriztu egiten da administrazioekiko izapideetarako edo ziurtagiriak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.
  • Gardentasuna eta erraztasuna: herritarrek ez dute administrazioek ematen dituzten zerbitzuen atzean dagoen barne-izapidetzea ezagutu behar izango; orain arte, batzuetan, beharrezkoa izan da, zenbait izapide egiteko orduan

ADMINISTRAZIOENTZAKO ONURAK

  • Eraginkortasuna hobetzea: areagotu egiten da administrazio-jarduketaren eraginkortasuna, elkarlanaren eta lankidetzaren bidez.
  • Kostu eta espazioak aurreztea: paperezko dokumentuen ordez elektronikoak erabiltzeak aukera emango du paperezko dokumentuak emateak eragiten dituen kostuak murrizteko, bai eta haiek biltzeko espazioa murrizteko ere; hala, ingurumena zaintzen laguntzen da.
  • Lan-karga murriztea: truke elektronikoa izanez gero, arindu egiten da data-karga kudeaketa-sistema hartzaileetan.
  • Informazioaren kalitatea hobetzea: kudeaketa-sistema hartzaileetan informazioa kargatzean, egon daitezkeen erroreak ezabatzen dira; izan ere, karga hori automatizatu ahalko da.

EUSKADIKO ELKARRERAGINGARRITASUNEKO DATUAK

Euskadi estatuan administrazio publikoen arteko online informazioaren trukean buru da; posizio horren ondorioz, baliabide publikoen aurrezpen handiak egiten ditu. 2019an, euskal administrazioek 11.950.131 online transmisio egin zituzten, NISAE nodoaren bidez, eta 2017. urte osoan eginikoa bikoiztu zuten ia. Administrazio publikoen arteko online transmisioen kopurua areagotu egiten da, urtero.

ONLINE TRANSMISIOAK

Urtea

Transmisio-kopurua

2012

668.958

2013

1.054.014

2014

1.206.325

2015

2.894.123

2016

3.382.627

2017

6.689.050

2018

10.592.733

2019

11.950.131

 

Administrazio publikoek elkarren artean gehien trukatzen dituzten izapideak honako arlo hauekin zerikusia duten dokumentazioa eta informazioa dira, hurrenkera honetan:

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE).
  2. Proba libreak hizkuntza-eskola ofizialetan.
  3. Unibertsitateaz kanpoko eta unibertsitateko ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko bekak.
  4. Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko laguntzak.
  5. Etxebizitzako prestazio osagarria (EPO).
  6. Aitortutako sinadura elektronikoaren ziurtagiria eskuratzea.
  7. Zentro publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzea.
  8. Gizarte-larrialdiko laguntzak.
  9. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako onarpena eta matrikulazioa.
  10. Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko