Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza deialdi berri bat jarri du abian, euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-ondasunak katalogatzen eta digitalizatzen laguntzeko (Gobernu Bilera 2020-06-23)

2020.eko ekainak 23
  • 350.000 euroko aurrekontuarekin, argazkiak, ikus-entzunezko materiala, kartelak edo dokumentu-funtsak katalogatzeko eta digitalizatzeko diru-laguntzak emango dira

Eusko Jaurlaritzak onartu du, bere gaurko Gobernu Kontseiluan, euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-ondasunak katalogatzeko eta digitalizatzeko laguntza deialdi berri bati. Laguntza-lerro berri honen bidez, argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materiala, mapak, planoak, kartelak, prentsa edo funts dokumentalak eta bibliografikoak katalogatzeko eta digitalizatzeko diru-laguntzak emango dira. Laguntza-lerro berri horrek 350.000 euroko aurrekontua izango du.

Diru-laguntza deialdi honen bidez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak berresten du euskal kultura-ondarea digitalizatzeko eta hedatzeko bere apustua. Laguntza-lerro berriak hiru modalitate izango ditu:

  • Katalogazioa: Ondasunak digitalizatuta badaude, baina agindua argitaratzen den egunean erregistro katalografikorik ez badute. Digitalizazioak ezarritako baldintza teknikoak bete beharko ditu.
  • Digitalizazioa: Ondasunak digitalizatuta ez badaude, baina agindua argitaratzen den egunean erregistro katalografiko bat badute.
  • Katalogazioa eta digitalizazioa: Ondasunek erregistro katalografikorik ez dutenean eta Agindua argitaratzen den egunean digitalizatuta ez daudenean.

Katalogatutako edo digitalizatutako kultura-ondasunen emaitza gero gehitu ahal izango da bilgailu hauetan: Euskariana eta Europeana, Europako Kultura Ondarearen online ataria. Diru-laguntza deialdi hau zuzenduta dago euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuen titularrak diren pertsona fisikoei eta erakunde publiko zein pribatuei, kokapen geografikoa edozein dela ere. Pertsona edo erakunde onuradun bakoitzak bi programa aurkeztu ahal izango ditu gehienez.

Diru-laguntza deialdia lehiaketa-konkurrentziaren bidez ebatziko da. Proposamenak irizpide hauen arabera baloratuko dira: bildumaren interes publikoa (40 puntu, gehienez), aurkeztutako programaren koherentzia (20 puntu, gehienez), objektu digitalen kopurua (10 puntu, gehienez), digitalizazioaren eta/edo katalogazioaren kostu unitarioa (10 puntu, gehienez), eskatzaileak proiektua finantzatzeko egin duen ekarpen ekonomikoaren ehunekoa (10 puntu, gehienez) eta, azkenik, programan genero-berdintasuna sustatzen duten elementuak sartzea eta emakumearen ikusgarritasuna (10 puntu, gehienez).

Digitalizazioaren aldeko apustua

Deialdi berri hau abian jartzea bat dator Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak kultura-ondarearen munduan hartzen ari diren garrantziarekin, geroz eta nabarmenagoa. Izan ere, mundu digitalak erabateko eraldaketa ahalbidetu du kultura-ondarearen hedapenaren eremuan, bai eta kontserbazioaren eremuan ere.

Era berean, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Lege berriak ondare digitalaren garrantzia aitortzen du, "bai objektu analogiko batetik birtualizatu diren elementuen kasuan, bai objektu digital gisa jaio direnei dagokienez". Horrela, aipatzen du mundu fisikoaren banaketa tradizionala gainditu dela eta espazio kultural digital berri bat sortu dela, “interkonexioak dituena artxiboak gordetzeko tresnak konpartitzeko, datuak erabiltzeko eta zabaltzeko”. “Era horretara, aukera ematen digu kultura-edukia eskuragarriago jartzeko eta baita berrerabiltzeko ere, baldin eta bateragarria bada jabego intelektualaren eskubideekin eta izaera pertsonaleko datuak babestearekin”, jaso du Legeak.

Hala, deialdi berriak bat egiten du digitalizazioaren arloan Euskadiko artxibo, liburutegi eta museoak garatzen ari diren ahaleginarekin, bai eta Euskadiko Liburutegi Digitala sortzeko apustuarekin ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko