Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Lanbidek Zallako bulegoa José Etxezarraga kalera eramango du; bi lokal erosi ditu bertan (Gobernu Bilera 2020-06-23)

2020.eko ekainak 23
  • Bulego berri horren bidez, hobetu egingo dira eskaintzen duen zerbitzua eta, batik bat, irisgarritasuna
  • Bulegoa 15 edo 18 hil barru egongo da abian

Gobernu Kontseiluak, gaur, Zallako José Etxezarraga kaleko 1b zenbakian dauden bi lokal erosteko baimena eman du; lokalak elkarren ondoan daude, eta 354 metro koadro inguruko azalera erabilgarria dute biek batera. Bertan, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego berria egongo da. Bulego hori egungoaren ordez irekiko du eta, horrela, zerbitzu hobea eman ahalko die herritarrei eta, ondorioz, irisgarritasuna hobetu. Erosketa 290.000 eurokoa izango da.

Zallako gaur egungo bulegoa Euskadi plazako 1 zenbakian dago, lehengo udaletxearen eraikinean; 90 metro koadroko azalera erabilgarria du beheko solairuan eta 188 metro koadrokoa, lehen solairuan. Lokal hori doan laga zuen Zallako Udalak, 1993an, enplegu-bulego izateko. Eraikinaren ezaugarriek eta bulegoaren konfigurazioak berak muga garrantzitsuak dakartzate, batetik, espazio aldetik, eta, bestetik, goiko solairura igotzeko irisgarritasunaren aldetik; izan ere, lokaletik kanpo dagoen eta udal-liburutegiarekin partekatzen den igogailua erabili behar da horretarako.

Higiezin horren mugak direla eta, udalerrian beste bulego bat bilatu behar da, Euskal Enplegu Zerbitzua egoki emateko beharrezkoak diren estandarrak betetzen dituena. Horretarako, Lanbidek zenbait higiezin aztertu ditu, eta, haietatik, José Etxezarraga kalean dauden lokalak aukerarik onena direla uste du, espazioa, kokapena eta irisgarritasuna –kalean bertan– aintzat hartuta.

Orain, Lanbidek proiektua abian jarriko du, eta bulego berria 15 eta 18 hil bitarteko epean erabilgarri eta aktibo egotea aurreikusten da.

Enkarterriko bulegoa

Zallako bulegoak honako udalerri hauetako herritarrei eskaintzen die zerbitzua: Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza Harana/Valle de Carranza, Lanestosa, Sopuerta, Trucios-Turtzioz eta Zalla. Alegia, 32.000 pertsona baino gehiagori. Lanbiden jasotzen denez, eskualdean 2.428 langabe zeuden erregistratuta, pasa den maiatzean.

Bulego berrietara Lanbideko 10 langileak mugituko dira, gehi egoitza horretatik lanean diharduten SEPEko (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) lau langileak, bai eta bertan lan egiten duten segurtasun-langileak ere.

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak esan duenez, “bulego berri horren bidez, zentro berria egongo da, eta horrek herritarrek eta enpresek kudeaketak egin ahal izateko baliabideak eskainiko ditu, Internetera sartzeko aukera ematen duten baliabideak eskainiko ditu, bai eta prestakuntza-saioak eta beste interakzio batzuk erosoago egiteko aukera ere. Hobekuntzarik handienak honako hauek izango dira: laneko, espazioko, ekipamenduko eta irisgarritasuneko baldintzak; haiek langileengan eta, oro har, jendearengan izango dute eragina”.

Zallako bulegoak honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu:

Enplegu-eskatzaileei:

  • Enplegu-eskarirako izen-ematea. Eguneratzeak eta aldaketak.
  • Lanbide-orientazioa.
  • Enplegurako prestakuntza.
  • Ekintzaileak.
  • SEPEk eskaintzen dituen beste zerbitzu batzuk
  • Diru-sarrerak bermatzeko errentaren aurkezpena eta kudeaketa
  • Etxebizitzaren prestazio osagarriaren aurkezpena eta kudeaketa

Enpresei:

  • Lan-bitartekaritza: enplegu-eskaintzen erregistroa eta kudeaketa
  • Kontratazioko, dirulaguntzako eta laguntzako modalitateei buruzko informazioa eta aholkularitza.
  • Lan-kontratuen erregistroa.
  • Contrata aplikaziora sartzeko baimena emateko dokumentazioaren bilketa, egiaztapena eta baimena.
  • Langile baten prestakuntza-kontratuetako denboraren egiaztapena (praktikak eta prestakuntza).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko