Eu

Lanbidek 3,2 milioi euro bideratuko ditu langileen gaitasunak eta trebakuntzak hobetzera bideratutako enpresen prestakuntza-ekintzak finantzatzera (Gobernu Bilera 2020-06-23)

2020.eko ekainak 23
  • Aurreko deialdia urtebetez luzatu da, COVID-19aren ondorioz

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Gobernu Kontseiluari Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak hartutako akordioaren berri eman dio; haren bidez, 2020rako deialdia onetsi da, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatuko dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoak egiteko dirulaguntzei buruzkoa.

Lanbidek 3,2 milioi euro bideratuko ditu langileen gaitasunak eta trebakuntzak hobetzera bideratutako enpresen prestakuntza ekintza programatuak finantzatzera. Honako jarduketa hauek jaso dezakete dirulaguntza: enpresaren proiektuarekin lotura zuzena duten ekintza estrategikoak jaso dituzten prestakuntza-planak; ekintza horiek beharren diagnostiko bat edo antzeko dokumentu bat izan dezakete oinarri, ekintza horiek eta hartzaile dituzten langileak lehentasunezkoak direla adierazten dutenak. Nobedade gisa, deialdi honen kudeaketa ez du Hobetuz - Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak egingo, baizik eta Lanbidek zuzenean, erabateko integrazioaren ondoren.

“Funtsezko tresna da bizitza osoko prestakuntza bermatzeko”, esan du Artolazabalek, eta helburua da langileak eta enpresak errealitate berrietara egokitzea, eta ekoizpen-prozesuen aldaketetan langileek duten lanbide-gaikuntzari eustea.

Langileei lan-bizitzan beharrezko izan dezaketen trebakuntza emateaz gainera, prestakuntza lehentasunezko balio estrategikoa da aldaketa teknologikoko, ekonomikoko eta sozialeko prozesuetan eta, hori dela eta, enpleguan eta gizarte-kohesioan egonkortasunerako tresna. Are gehiago une hauetan, covid-19aren krisialdiaren ondoriozko nahasmendu ekonomiko eta sozial masiboak EAEko enpresa eta herritar aktibo gehienetan duen eta epe laburrean eta ertainean eragina izango duen une hauetan. Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegua, enpresak eta jarduera ekonomikoa leheneratzen lagundu nahi du, bere eskumenen barruan.

Covid-19aren ondorioak

Zehazki, pandemiaren ondorioak eremu honetara ere iritsi dira; izan ere, 2019-2020 ekitaldirako aurreikusitako ekintzak urtebetez luzatu edo atzeratu dira. Hasieran aurtengo ekainaren 30ean amaitzea aurreikusten zen, baina erabaki da beste urtebetez luzatu ahal izatea, 2021eko ekainaren 30era arte. Deialdi honetan, 2019koan, 238 enpresa-plan onetsi ziren.

2020-2021 ekitaldiari begira, enpresa parte-hartzaile kopurua txikiagoa izatea aurreikusten da. Lanbidek uste du pandemiaren eraginak enpresa interesdunen kopurua baldintzatuko duela; izan ere, haiek ekoizpenean edo beren zerbitzuak ematean zentratuko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko