Eu

“Xehetasunez eskainitako arreta” Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren tokiko merkataritzaren aldeko kanpainan

2020.eko ekainak 22

Sonia Pérez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateordearekin batera, tokiko merkataritzari laguntzeko kanpaina aurkeztu du gaur Bilboko Erriberako Merkatuan, goiburutzat hartuz “Xehetasunez eskainitako arreta”. Merkatuan zegoela baliatuz, gainera, lankidetza-proiektu bat iragarri du, merkatu eta saltoki seguruak eta normaltasun berrira egokituak ditugula erakusten duena.

Horretarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak paperezko 500.000 poltsa baino gehiago egin ditu merkatuetan banatzeko; poltsa horien asmoa da “poltsa berrerabilgarriak erabiltzearen eta gure ingurunea zaintzearen beharraz jabetzea. Gainera, merkatuak gel-isurgailuz hornitu ditugu, pandemiaz geroztik bidelagun ditugun higiene- eta osasun-neurrietan laguntzeko”, azaldu du sailburuak.

“Hornidura-azokek lan garrantzitsua egiten dute, baina ez da beti ezaguna eta aitortua. Kontsumo arduratsuaren oinarri bat dira: kontsumitzaile gehienek tokiko eta 0 km-ko produktuekin dute lehen kontaktua. Gure tokiko merkataritzaren ezin besteko zati dira”. Merkataritza hori izan da, hain zuzen, krisiak gogorren zigortutako sektoreetako bat azken urteotan, eta COVID-19aren pandemiak berriz ere kolpatu du, Sonia Pérez Ezquerrak gogora ekarri duen bezala.  

Hurbileko merkataritzak, baina, oso leku garrantzitsua du, eta ez du galdu behar, merkataritza elektronikoak lortu ez duen balioa eransten baitu. “Merkataritzarekin dugun harremanean, loturak bi aldeetatik sortu behar dira. Alegia, ez da merkataria bakarrik berritu eta egokitzen ahalegindu behar. Kontsumitzaile gisa, nola eta non kontsumitzen dugun aukeratzeko askatasun eta erantzukizuna dugu. Eta aukeratzean, zein mundu eraiki nahi dugun erabakitzen ari gara, zer-nolako gizartetan bizi nahi dugun”.

Merkataritza-kanpainak helarazten duen mezua da tokiko merkataritzan gauza asko gertatzen direla. Ezagutzen gaituzte, badute gure zaletasunen berri, eta arreta pertsonalizatua ematen digute. Bidelagunak ditugu, eta erosteko ekintzan aholkatzen gaituzte. Gure beharrizanekin kezkatzen dira, eta xehetasun txikiak eskaintzen dizkigute. “Horregatik itzuli behar diegu ahalegin hori, gure ingurunean kontsumituz, tokian erosiz, gure hiri-herrietako bizia sustatzen lagunduz”.

atencionaldetalle.eus

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak